Imanol Carrillo

Bidasoaren Liga hasierarik onena zapuztu du Ademarrek (28-29)

Gaur Artalekun irabazita, bere historiako hasierarik onena sinatuko zukeen Irungo taldeak Asobal Ligan, eta oso gertu egon da. Lehen zati kaxkar baten ostean, bigarrenean aurpegia aldatu eta bederatzi goleko diferentzia apurtu dute etxekoek, baina azkenean aurkariak irabazi du gol batengatik.

Rodrigo Salinasen golek beste aire bat eman diote Bidasoa-Iruni. (Gorka RUBIO/FOKU)
Rodrigo Salinasen golek beste aire bat eman diote Bidasoa-Iruni. (Gorka RUBIO/FOKU)

Hirugarrenean jokatu ahal izan dute Bidasoa-Irunek eta Abanca Ademar Leonek. Lehenengo jardunaldiko partida jokatu dute gaur gauean bi taldeek, bi aldiz atzeratu ostean. Lehenengoan koronabirusaren kontrako protokolorik ez zegoela-eta, atzeratu egin zen, eta bigarrenean Nava taldean agertutako positibo batzuk –Bidasoak bere aurka jokatu zuen egun batzuk lehenago– eragin zuten atzerapena.

Bidasoa-Irunek bere historiako hasierarik onena sinatzeko aukera zuen gaurkoan –8 partidatan 16 puntu zituen–, baina hasiera kaxkar batek baldintzatu du partida zalerik gabeko Artaleku huts batean. Edo hori zirudien, behintzat, atsedenaldira iristean (13-22). Bigarren zatian aurpegia erabat aldatu dute etxekoek eta sorpresa galanta emateko oso gertu egon dira ere. Serio de la Saludek berdinketa izan du azken segundoan, baina bere jaurtiketa kanpora joan da.

Egia esateko, Abanca Ademarren hasiera bikainak bideratu du Leongoen garaipena. Izan ere, hasierako 0-3ko partzialak min handia egin dio Jacobo Cuetararen taldeari.

Etxeko taldearen entrenatzaileak jokoa gelditu behar izan du momentu horretan, hirugarren minutua beteta zegoela, bere jokalariak suspertu nahian. Ez du funtzionatu, Abanca Ademar Leonek beste partzial garrantzitsu batzuk pilatzen joan baita lehenengo zatian: 0-2, 0-3, 0-3 (0-3tik 3-11ra, guztira 3-8).

Kanpoko taldeko Gonzalo Perez Arcek jaurtiketa guztietan asmatu du. Pentsa, sei golekin amaitu ditu lehenengo 30 minutuak, eta horietako bat ederra izan dela aitortu behar da, ia lurrean zegoela baloiari efektu ikaragarria emanez.

Bidasoa-Irungo jokalarien artean Kauldi Odriozola izan da efikazia gehien lortu duena eta hiru golekin amaitu du lehen zatia, baina ez da nahikoa izan markagailuan gerturatzeko (13-22).

Beste aurpegi batekin

Bigarren zatian, Bidasoa-Irun beste aurpegi batekin pistaratu da. Kauldi Odriozolak beste hiru gol sartu ditu jarraian, 16-22koa ipintzeko. Etxeko taldearen suspertzea izan da.

Rodrigo Salinas gol ugari pilatzen hasi da –8rekin amaitu du neurketa– eta irundarrek sekulako partziala lortu dute: 15-7 bigarren zati osoa kontuan izanda.

26koan lortu dute etxekoek partidako lehen berdinketa –eta bakarra izan da– partida amaitzeko zortzi minutu falta zirenean, baina kuriosiotatez, hortik ez dira pasa eta ezin izan dira aurretik ipini.

Natan Antonio Suarez eta Erwin Jan Feuchtmannen golek aire pixkat eman diote Ademarri 26-28 jartzeko. Ondoren, De la Saludek 27-28koa ipini du, Tin Lucinek 27-29koa, Rodrigo Salinasek 28-29koa eta Jacobo Cuetarak dena gelditu du azken jokaldia prestatzeko (59:17).

Bi segundo besterik fata ez zirenean Sergio de la Salidek jaurtiketa egiteko akera izan eta jaurti du, baina kanpora irten da eta, bederatzigarren partidan, lehen bi puntuak alde egin zaizkio Bidasoa-Iruni.

PARTIDAKO FITXA:

28 – Bidasoa-Irun (13+15): Ledo (1), Crowley (1), Odriozola (7), Aginagalde (1), Salinas (8, 3 penaltiz), Da Silva, Bonanno (1) –hasierako zazpikoa–, Sierra, Cavero (1), Zabala (1), Furundarena, Serrano (1), De la Salud (3, 1 pen.), Nieto (1), Tesoriere eta Bartok (2, 1 pen.).

29 - Ademar Leon (22+7): Slavic, Marchan (6), Suarez (3), Lucin (6), Perez Arce (7), Semedo (5), Casquero (1) –hasierako zazpikoa–, Ghedbane, Feuchtmann (1), Martinez Cami, Donlin, Gostovic, Fernandez, Martinez, Piechowski eta Kisselev.

Markagailua bost minuturo: 2-5, 3-10, 5-12, 7-15, 11-18, 13-22 (atsedenaldia); 15-22, 19-24, 22-25, 25-26, 26-28 y 28-29 (amaiera).

Epaileak: Alvarez Menendez eta Friera Cavada. Bi minutu kaleratu dituzte Odriozola, Bonanno eta Da Silva, eta Feuchtmann, Martinez Cami, Marchan, Perez Arce, Semedo eta Donlin. Tesoriere kaleratu zuten 8. minutuan.

Gertakariak Asobal Ligako 1. jardunaldiko partida, Artalekun, jenderik gabe.