NAIZ

Tolosako Udala hainbat kokaleku aztertzen ari da ospitale publikoa eraikitzeko

Tolosako Udalak ikerketa bat egingo du udalerrian eskualdeko ospitale publikoa kokatzeko egon daitezkeen aukerak aztertzeko. Lakuako Gobernuak legealdi honetarako programan ospitale publikoa eraikitzeko konpromisoa jaso ostean egin du urratsa Udalak.

Asuncion Klinikara jo behar dute Tolosaldeko biztanleek gaur egun. (Jon URBE/FOKU)
Asuncion Klinikara jo behar dute Tolosaldeko biztanleek gaur egun. (Jon URBE/FOKU)

Tolosako Udalak ohar batean azaldu duenez, abuztuaz geroztik ari da eskualderako ospitale berria udalerrian kokatzeko aukera ezberdinak aztertzen. 

Lakuako Gobernuak legealdi honetako programan «ospitale publikoaren eraikuntzarako konpromisoa espreski jaso zezan lanean aritu ostean» erabaki du udal Gobernuak ospitale publikoa Tolosan eraikitzeko urratsak egitea.

Hala, arkitekto estudio bati eskatu dio azter ditzala ospitalea kokatzeko egon litezkeen aukera guztiak.

Ikerketak bi fase izango ditu. Lehenengoan hamabi kokaleku aztertuko dira: Santa Lutziako lau lur zati, San Blas, Apattako bi lur zati, Usabal industriagunea, Olarrain, Iurramendi, San Esteban eta Montezkue. Aipaturiko kokalekuen azterketa eta alderaketa egingo da irizpide ezberdinak kontuan izanda: irisgarritasuna, mugikortasuna, lur zati bakoitzaren ezaugarriak, baldintzak, hirigintza kudeaketa eta aparkalekuak, besteak beste.

Lehen fase horretan ospitaleak behar duen lurzoruaren okupazioaren planteamendua, eragindako udalaz gaindiko eta Lurralde Antolamenduko tresnak eta indarrean dagoen Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egoera ere aztertuko dira.

Behin fase hori bukatuta, udal Gobernuak Korporazioa osatzen duten alderdi eta eragileei ikerketaren berri emango die. Ondoren, udal Gobernua Lakuako Osasun Sailarekin harremanetan jarriko da dokumentuaren berri emateko eta beharrezkoak diren ondorengo urratsak egiteko, besteak beste, bigarren faseari ekiteko eta egokienak iritzitako eremuen azterketa sakona egiteko, behin betiko eremua zehazteko.

Bigarren fasean, azterketaren emaitzak oinarri hartuta, bizpahiru kokaleku aukeratuko dira eta horien azterketa sakona egingo da.

Tolosaldeko 28 udalerriek 48.000 biztanle inguru dituzte baina ez dute ospitale publikorik. Asuncion Klinika pribatua da, baina zerbitzu publikoa eskaintzen du Osakidetzarekin duen akordioari esker. Herritarrek, langileek eta Tolosaldeko Osasun Publikoaren Alde (TOPA) elkarteak urteak daramatzate klinika horren kudeaketa txarra salatzen eta ospitale publikoa aldarrikatzen.

EH Bilduk mozioa erregistratu zuen urriaren bukaeran Gasteizko Parlamentuan, Tolosaldeko Erakunde Sanitario Integratuaren kudeaketa publifikatu eta ospital publikoa erakitzeko.

Eskualdeko alkateen parte-hartzea eskatu du EH Bilduk

Tolosako EH Bilduk oharra kaleratu du eta positibotzat jo du udal Gobernua erietxe publikoarentzat «orube baten bila lanean jartzea».

Koalizioaren ustez, ospitalea eskualderako azpiegitura izanik, kokapena, zerbitzu kartera eta bestelako gaiak jorratzeko esparrua berriki Tolosaldeko 25 alkateek proposaturiko Osasun Mahaiak izan behar du. Horregatik, Olatz Peon alkateari eskatu dio eskualdeko alkateek osatutako Osasun Mahaian parte har dezala. «Etorkizuneko ospitale publiko berriaren inguruko erabakietan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Tolosako Udalaz gain, Tolosaldeko herrietako gainerako ordezkariek ere hartu behar dute parte», adierazi du ohar batean.