«Sinetsi nahi dugu erabaki honek 2011tik Euskal Herrian abiatua den bake prozesuarekiko ikuspegiaren aldaketa adierazten duela», nabarmendu du Euskal Delegazioak Frederic ‘Xistor’ Haranburu kartzelatik atera ondotik.
Jean-Rene Etchegaray lehendakaria buru duen taldeak oroitarazi duenez, lehen aldia da Parisko Dei Auzitegiak baiezkoa ematen diola baldintzapeko askatasunari buruzko eskaera bati.
Iragan urriaren 27an Fiskaltzak agerturiko kontrako jarrera gaindituz, Haranburuk baldintzapeko askatasuna lortzeko bidean gaurtik landa etxean zigorra betetzea baimentzea deliberatu zuen auzitegiak.
‘Xistor’ Haranburu bezala bezala, gaur gauzatu den erabakiak 30 urte kartzelan bete dituzten Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot presoen askatasuna ere ekarriko duela espero du delegazioak.
«Gure aldetik, adi segituko dugu, gatazkaren ondorioei maila guztietan konponbidea ekarriko dien urratsen alde lan eginez», berretsi du taldeak.
«Sufrimendu guzien gainetik berraskidetzea posible izanen dela» espero du Euskal Delegazioak eta «Europa Mendebaldeko azken gatazka armatuak eginiko biktimengan» pentsamendu berezi bat adieraziz amaitu du agiria.
Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren izenean hauek dira agiri horren 14 sinatzaileak: Jean-Rene Etchegaray (UDI) Euskal Elkargoko lehendakaria; Vincent Bru (Macronen gehiengo presidentziala) Pirinio Atlantikoetako diputatua; Frederique Espagnac (PS) eta Max Brisson (LR) Pirinio Atlantikoetako senatariak; Emilie Dutoya (PS), Alice Leiciagueçahar (EELV) eta Michel Veunac (Modem) Akitania Berriko lurralde kontseilariak; Alain Iriart (EH Bai) Euskal Elkargoko kontseilari delegatua; Kotte Ecenarro (PS) Euskal Elkargoko lehendakariordea; Lucien Betbeder Auzapezen Biltzarreko lehendakaria; Michel Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligako Ohorezko lehendakaria; Anaiz Funosas Bake Bideako lehendakaria eta Mixel Berhocoirigoin eta Jean-Noel Etcheverry bakegileak.