NAIZ

4.419 emakumek indarkeria matxista jasan zuten pasa den urtean EAEn

Emakundek argitaratu duen txosten baten arabera, pasa den urtean Ertzaintzak emakumeen aurkako 5.518 indarkeria kasu erregistratu zituen EAEn. 4.419 emakumek jasan zuten indarkeria matxista.

Indarkeria matxistaren aurkako irudia. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Indarkeria matxistaren aurkako irudia. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Emakundek  “Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko 2019ko datuak” izena duen txostena argitaratu du gaur, Euskal Erakundeak Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean.

Txostenak jasotzen duenez, 2019an Ertzaintzak emakumeen aurkako 5.518 indarkeria kasu zenbatu zituen EAEn, eta 4.419 emakumeri eragin die. Indarkeria motari dagokionez, emakume horien % 70,11k indarkeria matxista pairatu dute (bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindako indarkeria), % 20,34k familia-eremuko indarkeria (bikotekideak ez diren familiako beste gizon batzuek eragindakoa, gehienak semeak) eta emakume horien % 9,55ek familiatik kanpoko sexu-indarkeria jasan dute.

«Horiek dira emakumeen aurkako indarkeriaren hiru modu ohikoenak, baina gehiago daude, kasu askotan ikusezinagoak direnak, hala nola ziber-jazarpen sexista, sexu-jazarpena eta jazarpen sexista lan-eremuan edo sexu-esplotaziorako salerosketa, besteak beste», adierazi du erakundeak ohar batean.

Adinari dagokionez, salaketa jartzen duten emakumeen % 10,6 dira 18 urtetik beherakoak, % 28.1 dira 18 eta 30 urte bitartekoak, % 47,2 dira 31 eta 50 urte bitartekoak eta % 14,1 dira 50 urtetik gorakoak. Indarkeria mota bakoitzaren arabera, adinaren portzentaiak ezberdinak dira, txostenean bertan jasotzen diren datuek islatzen dutenez.

Txostenak, jasotzen duen kalkulua da indarkeria jasaten duten emakumeen %48 inguruk ez duela poliziarengana, epaitegira edo laguntza-zerbitzuren batera jo. Ildo horretan, Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, gogorarazi du gizarte osoaren erantzukizuna dela indarkeria jasaten duten eta hari aurre egiten dioten emakumeei laguntzeko baldintza egokiak sortzen laguntzea. Horrela, emakumeek beren kasuak profesionalen eskuetan jar ditzaten lagunduko dute.

«Indarkeriaren biktima diren emakumeei adi egoteko, babesa emateko eta laguntzeko» eskatu dio gizarteari, eta gaurko azaroaren 25ean «publikoki erakusteko emakumeen aurkako indarkeria gaitzesten dutela eta indarkeria pairatzen ari direnei babesa ematen dietela», beti ere osasun protokoloak errespetatuz.