NAIZ

Arabako Bertsolari Txapelketa binaka jokatuko da 2021ean

Bertsolariei «lasai kantatu ahal izateko baldintza egokiak» bermatzea lehenetsita, 2021eko Arabako Bertsolari Txapelketa binaka jokatuko dela iragarri dute.

2019ko Arabako Bertsolari Txapelketako finala. (Endika PORTILLO)
2019ko Arabako Bertsolari Txapelketako finala. (Endika PORTILLO)

Bertso plaza sustatzen jarraitzeko, egoera honetan bideragarriagoa litzatekeen binakako txapelketa egiteko lanetan dabil Arabako Bertsozale Elkartea, hedabideetara bidalitako ohar baten bidez iragarri dutenez.

«Arabako txapelketako lau kanporaketa saio egin ondoren, egoeraren ziurgabetasunak bultzatuta, banakako txapelketak izan ditzakeen oztopoen aurrean» txapelketari forma aldatzea erabaki du Arabako Bertsozale Elkarteak. Argudiatu dutenaren arabera, bertsolariek «lasai kantatu ahal izateko baldintza egokiak bermatzen ez direla eta egoeraren aldakortasunak berak sortu ditzakeen gorabeherak» izan dira erabakia hartzeko arrazoi nagusiak.

Bertso komunitatearentzat txapelketen esparruak garrantzia duela irizten du elkarteak eta, hala, Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa martxan jartzeko lanetan dabiltzala jakinarazi dute. «Asmoa bertso plaza eta kultura sustatzen jarraitzea da eta, nola ez, bertsolari eta bertsozaleei bertsoaz gozatzeko lekuak eskaintzen jarraitzea, besteak beste», zehaztu dute.

Arabakoa ez da pandemia garaiotan bere burua eraberritzera behartua ikusten duen txapelketa bakarra. Ipar Euskal Herriko Xilaba txapelketak, esaterako, etenaldia bizi izan zuen konfinamendua zela-eta eta, Bizkaian, ohiko txapelketa formatua atzeratu eta Kopla Barik bertso zirkuitua aurkeztu zuten, bertsolaritza plazetan egoteko alternatiba gisara. Larunbat honetan dute hurrengo saioa, Durangon.