NAIZ

2021eko Ibilaldia Sopelan izango dela jakinarazi du Ikastolen Elkarteak

Sopelako Ander Deuna Ikastolak eta Leioako Betiko Ikastolak antolatuko dute 2021eko Ibilaldia. Sopelan ospatuko da maiatzaren 30ean. Edizio honetarako «Kalakalata!» leloa hartu dute, «berbarekin hezur mamiraino heltzen den bustitzea» adierazteko.

2021eko Ibilaldiaren aurkezpena, Euskaltzaindian. (Ikastolen Elkartea)
2021eko Ibilaldiaren aurkezpena, Euskaltzaindian. (Ikastolen Elkartea)

2021eko Ibilaldia Sopelan ospatuko da, Ander Deuna eta Betiko ikastolek antolatuta eta 2020-21 ikasturtean zehar Uribe-Kostan eta Leioan egingo diren ekimenei amaiera emanez. Horrela jakinarazi du Ikastolen Elkarteak ostegun honetan Euskaltzaindian egindako prentsaurreko batean.

«Batek baino gehiagok pentsa dezake oraingoa ez dela garairik aproposena Ibilaldia bezalako ekimenak prestatzen eta lantzen hasteko, azken hilabete hauetan bizitzen ari garen pandemiak guztiz baldintza dezakeelako proiektu horiek bideratzea eta gauzatzea, hor ditugu aurten bertan behera geratu diren hamaika ekimen; baina, aitzitik, orain inoiz baino beharrezkoago dugu Ibialdiak bere-bereak dituen balore horiek azalaraztea eta ekarpen berriak gizarteratzea», azaldu du elkarteak.

Antolatzaileen arabera, Ibilaldiaren berrogei edizio baino gehiago antolatu ondoren ikastolen jaiak ez du gaurkotasunarik galdu, oraindik sortu zeneko arrazoiek bizirik dirautelako, hain zuzen ere.

Modu horretan, 2021eko maiatzaren 30ean, Sopelak Ibilaldiaren beste edizio bat hartuko du, 1990ean egin zuen bezala. Gainera, Sopelako Ander Deuna Ikastola eta Leioako Betiko Ikastolak 2004ko Ibilaldia ere antolatu zuten, kasu honetan Leioan.

«Kalakalata!»

Lelotzat «Kalakalata!» aukeratu da. «Horrekin berbarekin hezur mamiraino heltzen den bustitzea adierazten da, barru barruraino hartzen duena, batzutan deseroso ere sentiarazten gaituena», adierazi dute.

Halaber, leloak «Euskal Herri osoa hartzen duen ikastolen proiektua aurrera ateratzeko, euskara eta euskal kulturaren transmisioan eta sorkuntzan eta hezkuntzatik gure etorkizuna eraldatzeko» konpromisua adierazi nahi du.