Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Bikain jokatu badu ere, hiru minutu sobratu zaizkio Araskiri Gironaren aurka (54-62)

Uste baino arazo gehiago eman dizkio talde gasteiztarrak Emakumeen Ligako hirugarren sailkatuari, Tamara Abalde, Laura Quevedo eta Tamara Sedaren aldetik batez ere. Baina azken minutuetan 2-12ko partziala lortu dute katalanek eta Mendizorrotzatik garaipena eraman dute.

Tamara Seda izan da Araskiren jokalari onenetako bat, nahiz eta saririk gabe geratu den. (Endika PORTILLO / FOKU)
Tamara Seda izan da Araskiren jokalari onenetako bat, nahiz eta saririk gabe geratu den. (Endika PORTILLO / FOKU)

KUTXABANK ARASKI 54 - SPAR CITYLIFT GIRONA 62

Ez da arraroa Gironaren aurka galtzea, Emakumeen Endesa Ligako talderik iondartsuenetakoa baita Valentzia Basket eta Perfumerias Avenidarekin batera. Alabaina, lastima izan da Ktxabank Araskirentzat, azken hiru minutuetara arte partidan sartuta iritsi baita. Azken laurdena 46-47 hasi eta gero ere, 50-49 aurreratzea erdietsi du Tamara Abalderen uztaipeko jokaldi baten ostean. Tamalez, ia azken segundoetara arte, erasoko etorririk gabe geratu dira Madelen Urietak zuzentzen dituen emakumeak, eta 2-12ko partziala jaso ondoren galtzaile suertatu dira.

Talde katalana ez da denborapasa etorri Mendizorrotzara eta aurreneko laurdenean Maria Araujo eta Sonja Vasicen bitartez abantaila hartzen saiatu da, 2-7 aurrea hartuta. Dena dela, Tamara Seda pibotak eta Laura Quevedo hegalekoak neurketa berdindu ez ezik, buelta ere eman diote arabarren mesedetan, aurreneko zatia 20-19 amaitu baita.

Ez da meritu txikia, Alfred Julbe mitikoak zuzentzen duen taldeak askoz ere lantalde zabalagoa baitu Araskik baino; are gehiago ostiral honetan, zeinetan Tania Perezek ezin izan duen jokatu. Horrez gain, talde gasteiztarrak asko sufritu behar izan du defentsan, batez ere Chelsea Gray antolatzailea gelditu nahian. Grayk 1,80 metro neurtzen ditu eta Maria Asurmendi eta Izaskun Garciari sekulako kaltea sortarazi die, batez ere saskipean sartu dituen bakoitzean. Bigarren laurden gogorra pasa du Araskik orduan, Grayk sorturiko desabantailak berdintzeko «bi baten kontrako» defentsa egin behar izan diotelako antolatzile amerikarrari, eta honek Adaora Elonu edota Julia Reisingerova bilatu ahal iza ditu katalanen aldea handitzeko.

Hala ere, atsedelandira markagailua 32-37 dela iritsi da partida. Erasoan Laura Pardo kapitainak eta Maria Asurmendik lan bikaina egin dutenari eskerrak, bestelako atsedenaldirako aldea askoz handiagoa izateko arriskua izan baita.

Borrokan azkenera arte

Aurkitu du Madelen Urietak Chelsea Gray geratzeko moduan atsedenalditik bueltan. Joy Adams gainean jarri dio eta akabo antolatzaile amerikarraren abantaila fisikoa. Bestetik, Quevedok aurreneko laurdenean bezala hiruko jaurtiketetan asmatu du eta Tamara Sedarekin batera, emaitza asko estutu du ostera ere Araskik. Azken laurdenera markagailua 46-47 dela iristea erdietsi dute arabarrek.

Normala den moduan, ez dira horrekin konformatu Araskizaleak. Tamara Abalde hegal-pibot galiziarrak ere lan aparta egin du uztaipean eta bere kalitateari esker 50-49 aurreratu dira Madelen Urietarenak. Alabaina, Abalde ez dabil batere fin jaurtiketa libreetan eta hori izan da Gironaren garaipenaren gakoetako bat. Abaldek hiru jaurtiketa libre hutsegin ditu erreskan eta, bestetik, Laia Palau eta Adaora Elonuk saskirako bidea aurkitu dute.

Partida 52-57 dela, Anna Crucek uztaipean kale egin du eta ostean kirolez kontrako falta bat egin du. Ondorioz, Gironak emaitza 52-61eraino argitu du, merezi baino zigor gogorragoa ezarriz Araskiren lepoan.

Kopara begira

Larunbat honetan ere badute partidarik Emakumeen Endesa Ligako euskal taldeek, biek ala biek etxean. Lointek Gernika Bizkaiak 16.15etan Kanaria handiaren aurka jokatuko du eta 18.00etan, berriz, IDK Euskotrenek Casademont Zaragozaren bisita jasoko du Gasca kiroldegian.

Emakumeen Ligako aurreneko itzulia amaitzear da eta aurreneko zortzi sailkatuek bakarrik jokatuko dute Kopa. Uneotan zortzi onenen barruan daude nola gernikarrak ala donostiarrak. Dena dela, oraindik ez dute lekurik bermatu zortzi onenen artean eta garaipen bana lortzeak ez die kalterik egingo.