Athleticek erronka gogorra izango du igande honetan Getaferen zelaian. Gaizka Garitanok nabarmendu duenez, agian Lehen Mailan dagoen talde lehiakorrenaren kontra neurtuko dituzte indarrak. Helburua ordea argi dute zuri-gorriek, bigarren garaipen bat lortu nahi dute jarraian sailkapenaren goikaldean kokatzeko.
Berdintasuna da nagusi Liga hasieran eta talde guztiei golak egitea kostatzen ari zaie. Raul Garcia izan zen aurreko denboraldiko golegile nagusia Athleticen, baina oraingoz ez du bat bera ere lortu. Betisen kontra aulkian geratu zen aspaldiko partez, Dani Garciarekin batera, eta zelai erdian zein erasoan egindako aldaketek garaipena bideratu zuten.
Hala ere, entrenatzaileak nafarrarengan konfiantza osoa daukala aipatu du. Raul Garciak goitik baloi gehien irabazten dituen jokalaria da Ligan eta ez zen harritzekoa izango taldera itzultzea Getafen. Garitanok ez du ezer aurreratu nahi izan eta ikusteke dago Villalibre, Vencedor eta Vesga hasieratik arituko diren edo Dani Garciaren eta Raul Garciaren aldeko apustua egiten duen talde madrildarraren joko moldeari aurre egiteko aproposagoak izan daitezkeelakoan. Hautaketa egokia egingo duen emaitzak erakutsi duela gaineratu du.
Derioko entrenatzaileak aurreratu duenez, De Marcos jada taldekideekin entrenatzen hasi da joan den astean Ibaik eta Kodrok egin zuten bezala. Peru Nolaskoain da min hartuta jarraitzen duen bakarra eta esandakoaren arabera, orkatilean duen lesioa larria da eta luzerako doa. Garitanok deialdian sartu ditu De Marcos eta Ibai eta Oier Zarraga, berriz kanporan geratu da.
Getaferen jokoari buruz, Capak astean zehar ohartarazi zuen bezala jokoa eteten maisuak dira eta horri etekina ateratzen sekulako abilezia dute. Horren aurka egiteko zuri-gorrien helburua azkar jokatzea izango da. Athleticen ibilitako Xabi Etxeita Getafen ari da aurreko denboralditik eta elkarrizketa andana eskaini ditu Bizkaiko hedabideetan azken egunetan. Getaferen estiloaren inguruan galdetuta, entrenatzaileak agintzen diena egiten dutela azaldu du.
Athleticek emaitza onak lortu izan ditu Getaferen zelaian jokatutako 15 partidetan. Zazpi berdinketa, hiru garaipen eta bost porrot jaso ditu. Iaz 1-1 berdindu zuten zuri-gorriek Raul Garciaren gol bati esker eta Garitanorekin jokatutako lehen aldian 1 eta 0 galdu zuten azken minutuetan Angelek egindako gol baten erruz.
Bordalasek Getafe zuzentzen duenetik aldiz, Athleticek ezin izan du talde madrildarra gainditu azken hiru denboraldietan jokatutako sei norgehiagoketan, lau berdinketa eta bi porrot izan dira. Liga hasiera honetan ez dabiltza hain fin eta etxean jokatutako azken bi partidak galdu dituzte madrildarrek. Horregatik garaipena lortu beharra daukatela nabarmendu du Bordalasek partida atarian, nahiz eta Athletici errespetua diotela esan.
Aurreko denboraldietan sailkapenaren goikaldean ibilitako taldearen bizkar hezurra mantentzen du Getafek. Hala ere, aldaketak egin dituzte aurre aldean Cucho Hernandez kolonbiarra eta Unal turkiarra fitxatu baitituzte. Maksimovicek ezin izango du jokatu zelai erdian eta Bordalas kexuka agertu da selekzioarekin lesionatu zelako. Talde desagetsina dira aurkari bezala eta zuri-gorriek nola aurre egiten asmatu beharko dute puntuak eskuratzeko.