Bihar, ordubete inguruz, Erik Jaka eta Jokin Altunak txiki-txikitatik garatu duten adiskidetasuna pausatu egingo dute, urteko txapelik garrantzitsuena izango baitute jokoan. Baina bi gazte hauek hor goraino heltzeko atzetik lan asko dago, eurek egindakoa, noski, eta baita inguruan izan dituzten beste zenbait pertsonek egindakoa ere. Gu Amezketako Zazpi Iturri klubean entrenatzaile izan zuten Xalton Zabalerekin eta egun euren prestatzaile fisikoa den David Dominguezekin egon gara, final intimo hau barrutik, erraietatik ezagutzeko.
«Anai zaharra eta gaztea bezala izan dira beti. Erik 11 urterekin etorri zen Amezketara eta Jokinek orduan 9 urte izango zituen. Txapelketa batean, Errenterian, batera jarri genituen eta airean irabazi zuten txapela», gogoratu du Zabalak.
Egun Jokin Altuna da koadroko izarra, finalak eta txapelak pilatzen dituena, baina euren entrenatzaile izandakoak ondo gogoan du umetan Erik Jaka zela benetako «figura». «Txikitatik oso azkar garatu zen eta ez zuen areriorik, beti jokatzen zuen zaharragoen aurka. Infantiletan Gipuzkoako, Euskadiko eta Euskal Herriko txapelduna izan zen lehen urtean. Kadeteen lehen urtean ere Elgetako txapela jantzi zuen Danel Elezkanori 22-21 irabazita», gogoratu du.
«Hori bai, begirik zuen edonor azkar konturatzen zen alboan zuen mutiko txiki hark ere ikaragarri jokatzen zuela, eta gero, gainera, frontoitik ez zuen alde egiten, beti zegoen hor jokatzen eta Erik ahal zuenean laguntzen, erakusten», gaineratu du Zabalak.
Tolosa anaiak, Sukia, Eneko Galarza, Haritz Saez de Nanclares, Arzelus, Irribarria, Tolosa, Erostarbe edo Xabi Tolosa bezalako pilotariak pasa dira Zazpi Iturri klubetik. Horiek profesionaletan ikusteak eta orain Jaka eta Altuna finalean ikusteak izugarrizko poza ematen dio Zabalari. «Ez nuen inondik ere gerta zitekeenik pentsatzen. Zazpi Iturritik pasatako bi izatekotan, egunen batean Irribarria eta Altuna izan zitezkeela pentsa nezakeen, baina Erikekin ez nuen ametsik ere egiten. Lau eta Erdian agian».
Galdetu gabe irten dio azalpenak. «Erikek izan duen arazoa izan da ez dela lehen mailan jokatzen aritu azkeneko urtera arte, Jokin, ostera, lehen egunetik ari da estelarrak jokatzen. Jende batek esan izan du Erik beti kexaka aritu dela, baina arrazoiak ere bazituen bere burua lehen mailan ikusten zuela esateko, lehen mailakoekin aritu beharra zeukan maila eta abiadura hartzeko, defentsan ikasteko, ze bigarren mailakoek ere ez zaituzte berdin estutzen».
Atzetik aurrera
Jakak 17 urte zituela hartutako erabaki bat ere inflexio puntu bat izan zen lizartzarraren ibilbidean eta han ere Xaltonek izan zuen zeresanik. Ordura arte atzelari bezala jokatu bazuen ere, aurrera pausua ematea bere ibilbidean onerako izango zela erabaki zuten. «Ezkerra oso ona zuen, baina ordurako sumatzen hasiak ginen atzetik eskuina ez zuela libratzen, eta bostera eta aurreratzen zenean beti tanto egiten zuen, zuloak erraz ikusten zituen, aurrelariek ikusten ez zituztenak. Eusten egon ginen jubenilak arte, aurrera pasata kolpea ez mozteko».
Erabakia nahiko argi bazegoen ere, inflexio puntu bezala Berria Txapelketako partida bat du buruan Zabalak, Galdakaon Elezkano-Larunberen aurka aritu ziren Zazpi Iturriko Gallurralde eta Jakaren aurka. «Airean irabazi zieten, ia bi baten aurka arituta ere, 8 edo 9 tanto egin zituen atzean jokatuta eta argi ikusi genuen alperrik genbiltzala atzetik jokatzen». Hori bai, hasiera ez zen erraza izan. «Seitik tantoa erraz ikusten zuen, baina hirutik aurrean sekulako pareta ikusten zuen muturren aurrean, pilota ezin harrapatu».
Garai haietako Jaka eta Altuna eta gaur egungo Buruz Buruko finalisten arteko alderik handiena zein den galdetuta, bi kasuetan «fisikoa» erantzuten digu, ezbairik gabe, Zabalak eta hor sartzen da jokoan gure beste protagonista, David Dominguez prestatzaile nafarra. «Hasiera batean ondo kritikatu nuen nik hura, baina fenomeno bat da», onartu digu, zintzo, Zabalak.
Jakari eliterako bidea egitea nekezagoa izan bazaio ere, 17 urterekin debuta egin zuenetik onenen artean aritu da Jokin Altuna, «figura bat izan da lehen egunetik eta zetorkion guztia barneratu beharra zeukan, Tolosan taldean arituta ez zuen egingo eta entrenatzaile pertsonal bat behar zuela erabaki genuen, batez ere psikologikoki lagunduko ziona».
Unai Laso –berriz ere berarekin itzuli da– Peña, Mendia eta beste afizionatu batzuk eramaten zituen David Dominguezen berri zuten eta harengana jo zuten. «Bi izan ziren berak erabiltzen dituen kontzeptuetatik gehien gustatu zitzaizkidanak», azaldu du amezketarrak. «Bat zen guk ikusten genuela Tolosako taldean 67 kiloko ume batek eta 90 kiloko beste batek ariketa berak egiten zituztela. Eta bestetik, David ez zen gihar gehiegi izatearen aldekoa».
«Dinamismoa» da David Dominguezen hitz gakoetako bat. «Guk pilotarien kontzeptu fisikoa nolabait aldatu dugu, pilotari dinamikoago bat bilatzen dugu, abiadura gehiagorekin, kantxa gehiago betetzeko gai dena. Indarra mantendu edo irabazi, baina era dinamikoago batean. Astunagoa denak baditu abantailak kolpean, baina gasolina ere lehenago amaitzen da», azaldu digu prestatzaileak.
Fisikoki Jaka eta Altuna oso indartsu heldu dira txapelketara eta Dominguezek argi du guztia «konfinamenduan egindako lan gogorraren» fruitua dela. «Egun gogorrak izan ziren, asko entrenatu genuen, asko. Pilotan normalean ez dago denboraldirik ez atsedenik beste kiroletan bezala, askotan justu-justu partiden artean atseden hartzeko».
Konfinamenduak denbora hori eman zien eta, nahiz eta baldintzak onenak ez ziren –herri txikietakoak izateak lagundu zien– lan handia egin zuten. «Gogorra izan zen, hasieran ez zuten ulertzen zertarako horrenbeste entrenatu partidarik ez bazuten». Baina denborak arrazoi eman dio Dominguezi.
«Zorte handia dugu, taldea –Bikuña ere eurekin aritzen da– oso diziplinatua da, baina hau ez da egun bateko lana. Denborarekin hartzen da konpromiso hori, guk epe luzera begiratzen dugu eta hau pedagogia prozesu bat da, denbora asko daramana. Saiatzen gara kirol hezkuntza bat ematen, euren beharrak eta euren gorputza ezagutu dezaten. Bilatzen dudana da kirolari bezala autonomia bat izan dezatela, entrenatzaile bat izatea ondo dago, baina autonomia horrek euren mugak eta beharrak hobeto identifikatzen lagunduko die. Guk biak nahasten ditugu», azaldu du.
Argi dago formulak emaitzak eman dituela eta bihar erabakiko da bi lagunetako zeinek jantziko duen txapela. Ez bata ez bestea ez dira pronostiko batekin busti eta bat etorri dira benetan nahi dutena galtzaileak maila eman eta tanto asko egitea dela esaterakoan. Alde horretatik, finala oso lasai ikusiko dutela diote biek, hain lasai, agian finala telebistaz ikustera ere ausartuko dela lehen aldiz David Dominguez.