Naiz

Bakegileek abenduaren 19rako aurreikusita zuten desobedientzia ekimena, bertan behera

Bakegileek heldu den abenduaren 19rako aurreikusita zuten desobedientzia ekimena bertan behera utzi dute oraingoz. Urtarrilaren 9an izanen den presoen aldeko mobilizazioan parte hartzera deitu dute.

Irailaren 19an hesia ezarri zuten herritarrek Baionako Suprefeturan presoen egoera salatzeko. (Bob DME)
Irailaren 19an hesia ezarri zuten herritarrek Baionako Suprefeturan presoen egoera salatzeko. (Bob DME)

Bakegileek bertan behera utzi dutela heldu den abenduaren 19rako deitua zuten desobedienzia ekimena jakitera eman dute gaur, azaroaren 30an, agiri baten bitartez.

Urriaren 17an, Aieteko Nazioarteko Konferentziaren urteurrenean, ez ohiko bazarra egin zuten Bake Bidea eta Bakegileen elkarteek Lapurdiko hiriburuan.

60 bat lagun, erakundeetako ordezkariak eta hautetsiak barne, Baionako Elkarteen Etxean bildu ziren presoen aferaren gainean zegoen blokeoari buruz eztabaidatzeko.

Egoeraren larritasunaz oharraraztean gain kalean ekimen berriak bultzatzeko hautua egin zuten. Hartara, irailaren 19rako mobilizazio eguna deitu zuten herriz herri.

Horrekin batera Baionako suprefeturan murrua altxatu zuten ehunka herritarrek, mobilizazio-ziklo «determinatu eta iraunkorra» abian emateko nahikeriaz seinale emanez.

Euskal presoen dosierrak pairatzen zuen blokeoa haustea eta presoei ezarritako salbuespen neurriak bertan behera uzteko beharra mahaigainean uzteko, desobedientzia zibileko ekimen jendetsu bat deitu zuten bakearen aldeko eragileek abenduaren 19rako, hain zuzen ETAren desarmatzeari begira Luhuson egin zen operazioaren 4. urteurrenaren karietara.

Haranbururi buruzko erabakiak beste aldaketak ekarri ditzake

Ordutik hona, Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasunari dagokion erabakia heldu da eta hautu hori baina, bereziki, azaroaren 24an gauzatu zen erabakia arrazoitzeko argudio juridikoen garrantzia nabarmendu dute bakearen alde jarduten duten Iparraldeko eragileek.

Gaur zabaldu duten agirian azaldu dutenez, «bakegileek agurtzen dugu erabaki garrantzitsua, bide juridikotik Frantzian kartzelatutako euskal presoen egoererari aukera berriak eskaintzen baitizkio».

Frantziako justiziaren ikuspegiaren aldaketa ekarri dezakeela uste dute aipaturiko eragileek.

Hori dela eta, mobilizazioekin jarraitzeko garrantziaz jabeturik, heldu den urtarrilaren 9an hitzordua eman dute. Ondoko egunotan ekimenari buruz xehetasun gehiago emanen dituzte.

Aldiz, abenduaren 19rako deitu zuten desobedientzia ekimena, behingoz, bertan behera utzi dute.