NAIZ

Zubietako erraustegiaren kutsadura aztertzeko bigarren faseari ekin dio ToxicoWatch-ek

Zubietako erraustegia martxan jarri zutenetik kutsaduran izan duen eragina aztertzeko bigarren faseari ekin dio ToxicoWatch fundazioak. 2019ko udazkenean laginak hartu zituzten orain hartuko dituztenekin konparatzeko.

Zubietako erraustegitik gertu laginak hartu dituzte. (ERRAUSTEGIAREN AURKAKO MUGIMENDUA)
Zubietako erraustegitik gertu laginak hartu dituzte. (ERRAUSTEGIAREN AURKAKO MUGIMENDUA)

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak 2020ko azaroan abian jarri du Zubietako Erraustegiak sortutako kutsadurak neurtzeko kontrolaren bigarren fasea eta asteotan ari dira laginak biltzen, ondoren laborategira bidali eta ToxicoWatch fundazio holandarrak analizatu ditzan.

Zubieta Lantzen elkarteak eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ToxicoWatch (TW) fundazio holandarrari eskatu zioten Zubietako erraustegiaren biomonitorizazio ikerketa bat egitea «herritarrak ezin direlako fiatu ez erraustegia kudeatzen duten enpresen eta ez Gipuzkoako agintarien kontroletan; enpresak eta agintariak denak saltsa berean nahastuta baitaude, Arkaitzerrekan zientoka arrain hil dituen kutsaketaren kontrolik eza lotsagarriak erakutsi duen moduan».

Kontrol independentea egiteko, herri mugimenduetako kideek ToxicoWatch fundazio holandarra hautatu zuten. ToxicoWatchek parte hartzen du Basilea eta Stockholmeko Itunetan, Nazio Batuen Erakundearen barruan.

Erraustegia martxan jarri aurretik ToxicoWatcheko adituek 2019ko udazkenean egin zuten lagin-bilketa Zubietako eta inguruko kutsaketa mailaren abiapuntuko erreferentzia ezartzeko, eta 2020an entregatu dituzte beren analisien emaitzak.

2019ko udazkenean egin zen lagin-bilketa, Zubietako erraustegia martxan jarri aurretik, kontrolaren abiapuntua (base-line delako) markatzeko. Biomonitarizazio ikerketa honetarako honakoak aztertu dira: Erraustegitik hurbil bizi diren emakume-amen esnea, oilategietako oiloen arrautzak, landareak eta orriak (Pinus radiata pinuenak, Ilex aquifolium gorostiarenak, Ulex europaeus otearenak), goroldioa, lurra, errekako sedimentua eta ura.

Alde batetik arrautzak kontrolatu dira. Libre hazitako oiloen arrautzak erabili dira indikadore onak direlako lurreko dioxina bidezko kutsadura ezagutzeko eta arrautzak direlako inguruan diren dioxina eta beste POP gaiak gizakiengana iristeko bide nabarmena.

Erraustegiaren inguruko bost kilometroko radioan hamar oilategi aukeratu ziren arrautzak analizatzeko, denak ere herritarrek beren autokontsumorako dauzkaten oilategiak, bakar bat ere ez arrautzak komertzializatzen dituena. Kokaleku guztiak bisitatu dira ikusteko bakoitzaren inguruan ba ote den beste dioxina edo PCB iturri nahastailerik. Segurtasunezko biltegia osatzeko, hartu dira leku bakoitzeko lurraren, oiloen janariren eta zenbait landare zehatzen laginak ere.

Landare, lur, ur eta sedimentuei dagokienez, laginak hartu dira Zubietako erraustegiaren bi kilometroko inguru batean, analizatzeko dioxinak, dioxinak bezalako PCBak, aktibitate estrogenikoa eta metal astunak. Dioxinek eta dioxinak bezalako PCBek kopuru txikiak erakutsi dituzte lurzoruan eta Pinus Silvestris pinuaren orrietan ez dira iritsi detektatu ahal izateko kopurura ere. Uren laginetan ez da kasik jarduera estrogenikorik aurkitu, soilik igoera txiki bat erraustegiaren oso inguruko sedimentuetan.