Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Interview
Iker Dorronsoro
Eibarko entrenatzailea

«Gure lanari esker errespetua irabazten ari gara»

Eibarren eskutik heldu zen emakumezkoen futbolari eta armaginak gidatuz igoera lortu zuen, Iberdrola Ligan ere debutatzeko. Maila ezagutzen eta, batez ere, disfrutatzen ari da entrenatzaile donostiarra bere «jokalariei esker». Taldea helburua betetzen ari da, jaitsiera postuetatik urrun mantenduz.

Iker Dorronsoro, Eibarko entrenatzailea. (Jon URBE/FOKU)
Iker Dorronsoro, Eibarko entrenatzailea. (Jon URBE/FOKU)

Koronabirusak kontuak ateratzea zaildu duen arren, Lehen Mailan debutaren denboraldiko lehen laurdenean Eibar aurreikuspen baikorrenak betetzen ari dela esan daiteke. Sentsazio onak eta puntuak bateratu ditu, jaitsiera postuetatikurrun mantenduz.

Denboraldiaren lehen laurdena bete eta bost puntuko aldea daukazue jeitsiera postuekiko. «Errebelazio» taldea zaretela esatea gehiegi litzateke baina ez zabiltzate urrun. Zein da lehiaketaren lehen laurden honen irakurketa?
Bai, larregizkoa litzateke. Baina argi dago oso pozik gaudela. Ez bakarrik emaitzengatik, baita taldeak transmititzen duenagatik ere. Ilusioa, gogoak, poztasuna, lehiakortasuna… Gure lanari esker errespetua irabazten ari garela azpimarratuko nuke. Nik uste dut dagoeneko aurkariek argi daukatela asko borrokatzen garen taldea garela eta gu menderatzea ez dela batere erraza.

Sentsazio eta zenbaki horiek izatea espero zenuten denboraldia hasi zenean?
Arduratuta geungen egutegia ezagutu genuenetik, oso partida zailak genituelako lehen jardunaldietan. Bartzelona −nahiz eta azkenean atzeratu behar izan dugun−, Atletico, Levante, Real Madril… Nik ikusten nuen posible zela zortzigarren jardunaldira iristea partida bakar bat irabazi barik. Lehen jardunaldian Betisi irabazteak asko lagundu zigun. Maila berrira heldu eta lehen aukeran hiru puntuak eskuratzeko gai izan zarela ikusteak asko lagundu digu lan egiteko orduan.

Horrekin batera, aurredenboraldiaren hasieratik nabarmendu duguna egiten ari gara: partida guztietan lehiakorrak izan eta azken minutuetara puntuak eskuratzeko aukerekin heltzea.

Lehiakortasuna izaten ari da arrakastaren gako nagusietakoa.
Bai, eta jokalariak oso inplikatuta egotea ere bai. Oso lan ona egiten ari dira eta gu ere asmatzen ari garela uste dut, aste batetik bestera hamaikakoan aldaketa asko sartuz… Jokalariek ikusten dute jokatzeko aukerak dituztela; hau da, entrenatzaileok denak ditugula kontuan. Horrela talde osoa oso entxufatuta egotea lortzen dugu eta baita maila parekatua mantentzen da, ez dira aldaketak nabaritzen. Eta jokalariak pozik daude, azkenean futbolarien nahi nagusia jokatzea delako. Zoriontasunak eguneroko lana errazten du eta guzti hori asteburuan nabaritzen da.

Pandemiak igo berriek izaten dituzten bi abantailatxo barik utzi zaituzte: aurreko denboralditik ekartzen den dinamika garailea, lehiaketa martxoan eten baitzen, eta zaleen emozio berezia.
Ulertzen dut zer esan nahi duzun, baina lehen puntuari dagokionez, lehiatu gabe danok egon garela esan behar dugu. Nik, batez ere, zaleen hutsunea igartzen dut. Badakigu mailari eusteko egin behar dugun lan horretan, etxeko partidak bereziki garrantzitsuak direla, etxean bereziki indartsuak izan behar gara, eta eztabaidaezina da zaleek zer nolako garrantzia duten partida horietan; are gehiago, gure estiloa borroka eta lehia direla kontutan hartuta eta zure jendearen animoak indar puntu bat gehiago ematen baitizu. Pena da, eurengatik eta gugatik, oso hotza da zaletu barik jokatzea. Ea laster etorri daitezkeen; seinale ona izango da.

Hor daukazue beste motibazio bat. Mailari eustea, hurrengo denboraldian zaleek ere Lehen Mailako partidekin gozatu ahal izateko.
Bai, hori da. Ez da erronka samurra, maila gogorra da eta aurten lau talde jaitsiko dira. . Oso barneratuta daukagu, eta asko azpimarratu dugu lanean hasi ginenetik, hori dela helburua eta helburu zaila dela. Eta, nire ustetan, hori argi edukitzeak lagundu beharko digu ere bolada txarrak datozenean, erantzun egokia ematen jakiteko.

Huelvako Sportingen aurka eskuratutako berdinketak, Levanteren aurka egin zenuten bezala, pista bat eman dezake zentzu horretan. Egoera zail baten aurrean, taldeak erantzun ezinhobea eman zuen.
Oso puntu garrantzitsua izan zen. Taldea joko-dinamika onean zetorren baina Atleticoren eta Real Madrilen aurka, ondo lehiatu arren, galdu egin genuen. Gero koronabirusaren positiboak agertu ziren, denok etxera joango behar izan ginen, entrenatu ezinik geratu ginen eta Huelvara bidaiatu genuen bezperan taldeko entrenamendu bakarra eginda. Gainera, partida hasi bezain laster gola jaso genuen eta bigarren zatian bigarrena egin ziguten. Baina berriro ere taldeak egoerari aurre egin zion. Puntua oso garrantzitsua izan zen, aurkari zuzen batekiko aldea mantentzeko balio izan zuelako eta baita adierazten duenagatik ere.

Guzti hori kontutan hartuta, kategoria barrutik ezagututa... helburua urriaren 4an baino gertuago ikusten duzue?
Baikor gaude. Antzematen genuen bezela, maila oso exijentea da, jauzia nabaritzen dugu. Futbolarien kalitateari prestakuntza fisikoa gehitzen zaio, nabarmena da oso maila profesionalizatua dela. Erritmoa, abiadura, fisikoa... oso altuak dira. Bagenekien, prestatu gara eta nabarmenduko nuke gure jokalariek zer nolako gogoa jarri duten hobeto prestatzeko, dietan, zaintzen, fisikoki gero eta hobeto egoteko... Futbolari guztiak oso entxufatuta egotea, talde orekatuta izatea, aldaketak egin eta ez nabaritzea... horrek asko lagunduko digu. Eta iazko blokea mantentzeak ere, ideiak estiloa... barneratuta daudelako. Oso zaila da baina baikor gaude.

Larunbatean hitzordu garrantzitsua daukazue bide horretan. Coruñako Deportivo dator Unbera, azken sailkatua da.
Iaz sekulako denboraldia egin zuen baina, tamalez, horrek bere ordaina ekartzen du askotan. Jokalari asko kendu dizkiete eta sufritzen ari dira. Nolanahi ere, adi ibili beharko gara, batez ere zelai-erditik aurrera oso futbolari arriskutsuak dituztelako eta gainera, amorratuta etorriko direlako, dinamika hausteko gogoekin.

Partida bereziki garrantzitsua iruditzen zait. Alde batetik, irabaziz gero oso abantaila ona aterako genukeelako eta, bestetik, abenduari begira. Denboraldi hasierako egutegia oso zaila izan zen bezela, orain badauzkagu sailkapenaren behekaldeko hainbat talderen aurkako partidak. Oso garrantzitsua izango da joko-dinamika ona mantentzea eta puntuak eskuratzea. Eta larunbatean, gainera, ikusiko dugu ea gai garen honelako egoerak izkutatzen dituzten arriskuari aurre egiteko: talde handien kontra motibatzea erreza da baina gero gertatzen da baita ere teoriaz apalagoak direnen kontra zertxobait erlajatzea. Guk ezin dugu horrelako atrebentziarik eduki eta horregatik dauka balio bikoitza Deportivoren aurkako partidak; gure jarreragatik eta emaitzagatik.