Mikel Aginagalde
Interview
Xabier Karril
Gaztealdia ekimeneko partaidea

«Euskaraz bizitzeko dauzkagun oztopoak eta arnasguneak identifikatu eta azaleratu nahi ditugu»

Gaztealdia izena hartu duen ekimenean, Sodupe, Zornotza, Deustu, Plentzia, Lasarte-Oria, Iruñea, Tutera, Donibane Lohizune eta Urepeleko bederatzi gaztek hartu dute parte. Azaroaren 12tik 19ra euskara hutsean bizi izan dira.

Xabier Karril, Gaztealdia ekimeneko partaidea.
Xabier Karril, Gaztealdia ekimeneko partaidea.

Aurten sortu duzuen egitasmo berritzaile eta aldarrikatzailea da Gaztealdia. Zer dela eta ekin diozue ekimen horri?
Topa Gaitezen Bizkaiko talde euskaltzalea izan zen hasiera batean ekimen berri hau egitea proposatu zuena. Gutako askok lehendik ere talde horrekin harremana genuenez, eta ideia erakargarria iruditu zitzaigunez, egitasmoa martxan jartzea erabaki genuen. Iniziatibaren ardatz nagusiak dira ahalik eta gehien euskaraz hitz egitea, eremu euskaldunak indartzea eta egunean zehar izan ditugun gogoeta eta iritziak partekatu eta jendarteari zabaltzea.

Euskal Herriko hainbat tokitako euskaltzaleek egin duzue bat ekimenarekin. Nongoak izan zarete parte hartzaileak?
Euskal Herriko hainbat herritako kideok osatzen dugu Gaztealdia (Sodupe, Zornotza, Deustu, Plentzia, Lasarte-Oria, Iruñea, Tutera, Donibane Lohizune eta Urepele) eta euskararen alde lanean diharduten hainbat taldetako partaideak gara. Gutako gehienak lehenagotik ere ezagutzen ginen, eta orain elkarlanean aritzea erabaki dugu.

Zein dira Gaztealdiaren bitartez lortu nahi dituzuen helburu nagusiak?
Funtsean, bi dira eskuratu nahi ditugun xedeak. Batetik, eremu soziolinguistiko ezberdinetan bizi diren gazteak topatuko diren gune bat sortzea, Euskal Herrian euskararen inguruan sentsibilitatea duten gazteen esperientzia eta euskararen egoeraren inguruko gogoetak partekatu ahal izateko. Bestetik, euskaraz bizitzeko dauzkagun oztopoak eta arnasguneak identifikatu eta azaleratu nahi ditugu, baita herritarrak informatu ere horren inguruko ezagutza eta sentsibilitatea izan dezaten.

Euskararen egoera aldatu egiten da lurralde edo eskualde bakoitzaren arabera. Gazteei dagokienez, nola sumatzen duzue hizkuntzaren osasuna?
Gaztealdia ekimeneko gehienon ingurua nahiko euskalduna izanik ere, beste gune batzuetara mugitzen garenean zenbait oztopo aurkitu ohi ditugu. Ildo horretan, salatu nahi dugu zenbait instituzio publikotan euskaraz egiteko zailtasunak izaten ditugula. Hala, erakunde horien jarrera konformista eta mugiezina salatu nahi dugu. Izan ere, euskara babesteko lege eta egitasmoak martxan jarri arren, horiek sarriegietan ez dituzte euskaldunon behar linguistikoak asebetetzen. Gure irakurketa da oraindik lan handia dagoela egiteko hizkuntza eskubideak bermatzeko bidean. Ariketa hori egin ezean, etorkizunean aurrerapausoak baino atzerapausoak emango dira..

Gaztealdiak iraun duen astean, zein oztopo aurkitu dituzue egunerokoan euskaraz bizi ahal izateko?
Esan bezala, oztopo ugari izaten dugu egunerokoan euskaraz normaltasunez bizi ahal izateko. Administrazio publikoan tramiteak egiterako orduan, esaterako, ematen den arreta erdara hutsean izaten da eskuarki, zoritxarrez. Hezkuntzaren eremuan ere gabezia handiak sumatu ditugu hizkuntza eskubideei dagokienez. Unibertsitatean eskaintzen diren zerbitzu askotan eta askotan euskaraz komunikatu ahal izatea edota karrera bat euskara hutsean ikasi ahal izatea ezinezkoa izaten da.

Hasi berri duzuen ekimenera jende gehiago batu liteke etorkizunean. Zein dei helarazi nahi diezue euskal gazteei?
Alde batetik, gure ekimena jarraitu eta hartara batzeko deia luzatu nahi diegu euskal gazteei. Bestetik, pertsonak eta taldeak saretzea eta euren arteko harremanak estutzea ere beharrezko ikusten dugu. Izan ere, gure ardura da eta gure esku dago etorkizuneko euskararen egoera, eta, hortaz, aktibatu egin behar ditugu euskara taldeak eta militantzia oro har.