Ez dago tinbrerik. Telefono-deia egin diot, hemen naizela esateko. Miren Agur Meabe (MAM aurrerantzean) agertu denean, erdizka ireki du atea.
—Sartu bizkor, katuak ihes egiteko lixto daude eta.
—Betiko katuak dituzu? —galdetu diot, eta atoan konturatu naiz galderaren inozoaz.
—Ez, katuek ez dute hain bizitza luzerik, baina kumeak utzi zituzten.
Porlanezko bidetik jarraitu diot. Bizkarra konkor samar egin zaio. Laurogei urteren bueltan izan behar du, neure amumaren adina. Izan ere, amumak lortu dit hitzordu hau, 2020an argitaratutako Nola gorde errautsa kolkoan aztertzen ari bainaiz, unibertsitateko lan bat.
—Egin diezaioket argazki bat palmondoari?
Honezkero badakit berarentzat palmondoa izaki anbiguoa dela, hazteko bulkada sinbolizatzen duena patu menderaezinaren aurka.
—Jakina —erantzun dit, amantala askatu ahala—. Tea ipiniko dut. Ala beste zer edo zer duzu nahiago?
Zumezko jarleku batean jesarri naiz, terrazan. Loreontziak lerrokatuta daude inguruan. Ahotsa ozendu dut galdetzeko:
—Zure idazlanek lotura handia daukate toki honekin, ezta?
Erretiluan dakartza pastak, baita oporto botila eta kopa parea ere.
—Garai batekoak bai: Kristalezko begi bat, Hezurren erretura… Kate natural bat osatu zuten: begitik hezurrak, hezurretatik errautsak… Idazkuntza baratzea lantzearekin konparatu nuen behinola, baina baratzea zaintzeak sasiak erretzea ere eskatzen zuen; eta ondoren, errautsak gordetzea, era batera edo bestera baliatzeko… Literatura elikatzeko balio izan didate sikiera.
—Eta nola gordetzen dira, ba, errautsak?
—Ai, laztana, ez dago metodorik. Horixe esanez hasten da liburua. Kostatu zitzaidan konturatzea bizitza etengabeko kudeaketa dela, eta zoritxarrak zenbat eta lehenago onartu mesede handiagoa egiten diogula geure buruari. Ez da erraza izaten baina.
Sartzen hasi gara mamian, ia ohartzeke. Grabagailua ipini dut martxan.
—Liburuak sei atal ditu, Lehenaren izena, ALBUM BAT.
—Memoriaren gordailua zelako. Martin Lopez Vegak dioen moduan, “ez gaude oroitzen dugunaz eginda, ahaztea lortzen ez dugunaz baizik” eta horixe da, argazkien gisa gure oroimenean geratzen dena, bizitzaren laburpen bat oroitzapenen hariari tira eginda osatua.
MAMi hizketan ere igartzen zaio bere ezaugarrietako bat: aipuekiko zaletasuna. Ez dakit pentsamendua irakurri ez ote didan, segituan erantsi baitu:
—Inoren berbak askotan geureak baino argigarriagoak izaten dira ideia abstraktuak zehazterakoan… Badakizu zelan deituko niokeen lehen atal horri? —jarraitu du—. Atal autokostunbrista, ezen bizipen pertsonalen multzo horretan, heziketari eta familiako ereduei buruzko gogoeta, txikitako jolasak eta ameskeriak, eta, ondorioz, denboraren igarotzea eta zahartzearen esperientzia ere adierazten baitira.
Astiro azaldu dit, lehenago gorrixkagoa zen ilea eskuekin apaindu bitartean.
—Arreta eman dit emakume mordoak: aktoreak, idazleak, gerrariak, bidaiariak…
—… jainkosak, erreginak, zientzialariak… Liburu hori jauregi moduko bat zen, bertako galerietan hainbat fantasma pasieran, kandelak piztuta.
—Horregatik al da POSPOLOAK bigarren atalaren izena?
MAMek kaxatxo bat atera du poltsikotik lurrin-kandela bat pizteko. Labanda- usaina.
—Ikusten duzunez, pospoloak historiako asmakari praktikoenetako bat dira. Atal mitikoa da pospoloena, emakume erreal nahiz fikziozkoen katalogo bat: Allien filmeko Ellen Ripley, Historiaurreko Ayla, Mary Shelley, Bizenta Mogel eta beste batzuk... gure genealogia femeninoan partaide den celebrity sorta bat, edo Natalia Litvinovaren hitzetan, “gure labirintoko izakiak”. Batzuetan neure alter ego gisa, besteetan solaskide gisa azaltzen dira.
Bota du bigarren aipua. Irribarre egin dut neure baitarako.
—Baina mitoen aktualizazioak ez du suposatzen, automatikoki, idealizazioa?
—Dudarik ez. Eta idealizazioak beti dauzka arriskuak, badakigu… Eta?
—Zer adierazi nahi zenuen, orduan, atal horren bitartez?
—Botere-jokoei buruzko hausnarketa bat da oinarrian. Emakumeok marka asko hautsi behar izan ditugu historian zehar.
MAMen kikararen ertzean bere ezpainetakoaren marka ageri da.
—Esplikatuko didazu hirugarren atala, NEGUKO BIDAIA?
—Atal alegorikoa… Itxaron apur batean… Girotzea behar dugu…
Etxetxoan sartu da eta musika-aparatua ipini du martxan. Pieza klasikoa.
—Lied ziklo baten izenburua da. Schubertek musika ipini zien Wilhem Müllerren testuei: “Nire bidea elurrez beteta dago… Amodioari alderrai ibiltzea zaio gogoko”. Nire bidaia hirian hasten da eta paisaia naturalean amaitzen. Pentsatzeko ariketa praktikatu nahi duenarentzat, bidea da locus ideala; eta pentsamendua aldatu nahi duenarentzat ere bai. Ibiltariak zenbat tresna ditu horretarako, adibidez Distantzia eta Aurrizkibidea poemetan iradokiak.
—Eraldaketaren premiari erantzuten dio bidaia horrek?
—Ez zara konturatu tximeletak aipatzen direla han-hemen? Mutatis mutandis; hau da, aldatu beharrekoa aldatuz.
—Bakardadearen bidea da, ezta?
—Eta erresilientziarena.
Terrazan firin-faran dabil orbela. Hitza hartu dut berriro.
—Latin-zipriztinak laugarren atalaren izenean ere badira, TEMPO GIUSTO.
—Hitz-jokoa egin nahi izan nuen musikan erabiltzen den erritmoaren eta gure garaiak preseski ez duen ezaugarri baten artean. Atal soziala duzu. Munduaren martxari dagokionez —migrazioak, gatazkak, desarrollismoaren ondorioak, sexu-abusuak, ingurugiroaren kontrako erasoak eta abar— noraino iristen da norberaren kontzientzia? Badago itxaropen-papurrik Pandoraren kutxan?
MAMek, begitara adi, esan dit tupustean:
—Bosgarren atalari buruz nahiago dut ez luzatu.
—ITXI ATE HORI, MESEDEZ du izenburua.
—Hileta-kantu luzea da, atal elegiakoa. 2020. urtea madarikatua izan zen koronabirusaren pandemiak amarratu gintuelako. Baina, gainera, urtearen hasieran maite-laguna izandakoa hil zen. Esperientzia batzuk mugarriak dira gure bizitzan, “lehenago” bat eta “gero” bat markatzen dituztelako.
Burua astinduz, hitz beste egin du MAMek.
—Azkenik, ESTIGMA ZORIOZKOA, atal metaliterarioa, poesiari buruzko poesia. Bada patologia moduko bat idaztera bultzatzen gaituena, baina hori ez da nahikoa. Zein da norberak sortzen duenaren funtzioa? Nire testurik kutunena Margaret Atwoodekin antzeztutako elkarrizketa da, hementxe bertan, zurekin bezala, baina tearen ordez, gin tonic bat hartzen genuela.
Barre egin dugu biok biotara eta animatu egin naiz nire balorazioa egitera.
—Liburua mardula da, eta aniztasun formal handikoa.
—Bueno, kontuan hartu behar da hamarkada batean idatzitako testuak biltzen zituela. Poesian funtsezkoa da forma, eta esperimentazioaren eta bilaketaren bitartez jadesten dugu forma. Badira poema-ipuinak, poema-postalak, poema-teselak, poema-kantak… Ausarkeria poetikoak. Errima ere beste batzuetan baino markatuago, edukiari ponpositatea kendu nahian. Badakizu zer den, azken batean, sormen-prozesua? Metodo zientifikoaren faseak nolabait aplikatzea: hipotesia, frogak, ondorioa.
Horregatik Ada Salasen aipua, noski: “idatzi eta ezabatu, idatzi eta ezabatu…”, pentsatu dut.
Kuxin baten gainean dagoen pilatik liburu bat hartu, eskaintza bat idatzi eta eskuan ipini dit MAMek. Alde egiteko ordua dela iruditu zait. Musu parearekin batera, amumarentzako goraintziak eman dizkit.
—Azken galdera… —esan diot aterantz goazela—. Orain badarabilzu asmoren bat?
—Beti… Idazteak eman zidan niri definizioa, eta ematen dit. Liburu horretako poema batean egin nien Eskaera hitzei, eta hitzek ez naute oraindik abandonatu.
Bestalde, bada lerro piktoriko bat bilduma zeharkatzen duena, ezta?
—Zuk bai begia! Zenbait artista plastiko azaltzen dira, gehienak emakumeak: eskultoreak, miniaturistak, argazkilariak… Batzuk aitzindariak beren alorrean. Apropos aukeratu nuen irudiaren zehar-lerroa, ikusgarritasunaren metafora azpimarratzeko.