NAIZ
GASTEIZ

Gasteizko bost familia etxerik gabe geratzeko arriskuan daudela ohartarazi dute

Gasteizko Herrandarren kaleko eraikin okupatu batean bizi diren bost familia datozen egunetan etxerik gabe geratzeko arriskuan daudela ohartarazi du Etxebizitza Sindikatuak.

Herrandarren kaleko etxebizitza horietan bizi dira etxegabetze arriskuan dauden familiak.
Herrandarren kaleko etxebizitza horietan bizi dira etxegabetze arriskuan dauden familiak.

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak agerraldia egin du gaur goizean, bertako bost familia datozen egunetan etxerik gabe geratzeko arriskuan daudela ohartarazteko.

Azaldu dutenez, Herrandarren kaleko 15. zenbakian bizi diren bost familia dira etxegabetuak izateko arriskuan daudenak, guztira egoera «zaurgarrian» dauden hogei pertsona inguru, horien artean adin txikikoak.

Gogora ekarri dutenez, eraikinaren ateak hamar urte baino gehiago egon ziren itxita, inolako erabilerarik gabe, eta gaur egun ia hogei pertsona bizi dira.

Plataformak nabarmendu duenez, familia horiek pisu horiek okupatu zituzten etxebizitzarako eskubidea egikaritzeko «beste aukerarik» ez zutelako. Orain, «antolakuntzaren bidez etxeak konpontzeaz gain, elkartasunean oinarritutako elkarbizitza eraiki dute».

Hala ere, kaleratzeko aginduak «berandu baino lehen iritsi ziren» eta data jakiteko zain daude. «Edozein momentutan heldu daiteke», Etxebizitza Sindikatuaren arabera. Okupatutako blokeetako bateko bi etxebitzatan bizi direnen kasuan «berehalakoa» izan daiteke etxegabetzea, agerraldian esan dutenez.

Prozesu hau Gasteizen izan diren «kaleratze expres-en lehenetarikoa» dela adierazi dute. Formula juridiko horren bidez, kaltetuek «ez daukate erantzuteko inolako aukerarik» eta ez dute «ez defentsa judizial ez abokaturik», ezta epaiketa izateko aukerarik, Etxebizitza Sindikatuaren arabera.

Sindikatuko kideak okupatutako pisuen jabeekin harremanetan jarri dira familia zaurgarri hauen egoeraren berri emateko eta negoziazio bideak proposatzeko.

Gasteizko Udalari ere zuzendu zaizkio eta ohartarazi diote «kaliatezkoa eta iraunkorra den aterpe alternatiba bat eskaintzen ez duen bitartean ez daukala inolako zentzurik kaleratzeak aurrera eramatea. Horren emaitza bakarra etxe huts gehiago egotea eta etxerik gabe jende gehiago egotea izango baita».