Acunsa Gipuzkoa Basketek eta Kutxabank Araskik asteazken betea daukate. Covid-19a dela eta, atzera geratutako partidak jokatu behar dituzte asteazken honetan, 18.30ean hasita, biek ala biek. Donostiarrek Sito Alonsok zuzentzen duen UCAM Murtzia jasoko dute Illunben; gasteiztarrek, berriz, bigarren zatia jokatu beharko dute Casademont Zaragozaren aurka, azaroaren hasieran atsedenaldian bertan behera geratu baitzen, Aragoiko taldean ustez covid-19 kasu positibo bat zuertatu zelako, nahiz eta handik egun batzuetara ez zela halakorik izan jakin zen.
Euskal talde biek egoera delikatua bizi dute egunotan. Gipuzkoa Basket ACB Ligako azkena da, garaipen bakarra lortuta. Egia da Saski Baskoniaren aurka, nahiz eta uste bezala 83-71 galdu, Marcelo Nicolaren gizonek itxura duina eman zutela. Jaime Echenique pibot kolonbiarrak partida eskasa eginagatik, Dino Radoncic eta Vinnie Okouo bikain aritu ziren Zurbaon. Horrez gain, gainontzeko taldekideak hasieratik amaierara esfortzu betean aritu ziren, Baskonia baino gutxiago zirela jakitun izanagatik.
UCAM Murtzia ACB Ligako sailkapenaren erdialdean dago, baina gorantz begira: sei partida irabazi hamabi partida jokatu ostean. Aurreneko itzuli honetan, gainera, Euskal Herrian uzta aparta atera dute Sito Alonsorenek, Gasteizen eta Bilbon, bietan garaipena erdietsi baitzuten. Alabaina, Unicajaren aurka 102-81 galtzetik dator, agian joko punturik onenean ez dabilen seinale.
DJ Strawberry eta Emmanuel Cateren zalantzak ditu Murtziako taldeak. Gipuzkoa Basketen aldetik, aldiz, William Magarity gabe konpondu beharko dute Marcelo Nicolarenek beste behin.
Araski, ia hegalekorik gabe
Illunbeko lehia 18.30ean hastekoa bada, ordu berean ekingo diote Kutxabank Araskik eta Casademont Zaragozak azaroaren lehenengoan erdizka laga zuten demari. Neurketa tasedenaldian geratu zen bertan behera, Zaragozako taldea 26-31 nagusi zela.
Ordutik hona denbora luzea ez ezik, gauza gehiago ere pasa dira. Egun hartan Tamara Abalde falta zen gasteiztarren artean, baina azsteazken arratsaldean jokatzeko prest izanen da hegal-pibot galiziarrak.
Ostera, kanpotik jokatzen duten jokalarien zerrenda oso motza izango du Madelen Urietaren taldeak. Igande gaueko azken orduan Araskik eta Anna Cruzek kontratua etetea adostu zutela egin zen publiko. Bartzelonako eskoltak ez du espero zein mailarik eman talde gasteiztarrean eta Kopako ia aukerarik gabe geratu denez Araski, bada, Anna Cruz Araskitik bereiztea erabaki dute alde biek.
Anna Cruzen falta bakarrik balitz, gaitzerdi; Tania Perez hegalekoa min hartuta dago eta, hala, hegalekoen zerrenda oso motza geratu zaio Madelen Urietari: Joy Adams, Laura Quevedo eta Cristina Molinuevo. Egia da askotan Araskik bi antolatzaileak batera erabiltzen dituela, baina dena berhako du Zaragozaren aurka.
Bestetik, egia da Aragoikoen indarra uztaipean dagoela, Laura Nicholls eta Markeisha Gatling dira-eta beren izar nagusienak.