‘Andromedan’, erlijioa eta umorea nahastuz itzuli da Joxean Sagastizabal idazketara

‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ obra ezagunaren egilea fikziora itzuli da isilune luzearen ostean, erlijioa eta umorea nahastuz bere lan berrian. ‘Andromedan’-ek (Erein) «tristeak kontsolatzeko makina txikia» izan nahi du, eta horretarako baliatu du begirada zirikatzailea, jostaria.

Joxean Sagastizabal idazketara itzuli da ‘Andromedan’ izenburuarekin. (Andoni CANELLADA I FOKU)
Joxean Sagastizabal idazketara itzuli da ‘Andromedan’ izenburuarekin. (Andoni CANELLADA I FOKU)

Lehen kolpe batean erlijioa eta umorea nahastea ariketa arriskutsua izan daitekeela pentsatu arren, nahikoa da Joxean Sagastizabal (Eibar, 1956) idazleak horretarako baliatzen duen mekanismoa ezagutzea akaso ez hain zaila, ezta ere hain arantzatsua ez dela konturatzeko. «Elizak egiten dituen gauzak, eta alde batetik hain normaltzat jotzen ditugun gauzak, aldi berean oso umoretsuak dira. Apaizak hartzen du ostia bat, eta esaten dizu dela legamirik gabeko ogia, eta bihurtzen dela Jaungoikoaren haragia eta ardoa odola. Bada, ekintza hori izan daiteke ikaragarri serioa edo munduko txisterik onena».

Umorearen begietatik eta erlijioaren uretan zipristinduta idatzi du egileak bere azken lana, ‘Andromedan’ (Erein). Protagonistak Juantxo du izena, apaiztu berri den gizon gaztea da, 24 urte ditu. Seminariotik atera berritan, «mundu normalarekin» topo egingo du, eta artean bere gotzaiaren deia jasoko du, badu misio bat betetzeko: antza, ari direla gertatzen gauza xelebreak, deabrukeriak, Santa Ageda parrokian eta argitu behar dituela. Hamaika pasadizo gertatuko dira eta besteak beste agertuko zaio «apezpiku desiragarriena», emakume bat. «Maitasunezko istorioa dago tartean, deabruak eta aingeruak, infernua eta zerua. Eta sexua. Eta pekatu ez denaren froga ugari orriotan. Borroka bat emango da argia eta ilunaren artean», azaldu du asteazken honetan Donostian, liburuaren aurkezpen ekitaldian.

Liburua idazteko baino denbora gehiago inbertitu du dokumentazio lanetan zein liburuak eta Teologia tesi mardulak irakurtzen. Eta bidean arrastoa utzi diote hainbat pertsonaiek/pertsonek. Ez dira gero traman agertzen diren pertsonaiak, ez, «inspirazioak baizik», argitu du.

Lehen inspirazioa izan da Origenes delakoa, defendatzen zuena infernua ez dela betirako lekua. «Berak zioen izaki guztiak, lehenago edo beranduago, bueltatuko zirela kreatzailearengana». «Ondo gogoratzen dut noiz ezagutu nuen Origenes. Hamabi urte nituen, eta fraile eskola batean ikasten nuen. Erlijioko klasean beti planteatzen zitzaigun galdera bat. Egun hartan, kontatu ziguten nola ‘haragizko tentazioaren aurrean’ San Jeronimo larrubizi jaurti zela elurretara. San Bernardok sasietara jauzi egin zuela, arroparik gabe, eta Origenes berriz zikiratu egin zela. ‘Zuk egoera berean zer egingo zenuke?’ galdetu zigun fraileak». Pasarte hura ez du ahaztu Sagastizabalek sekula.

Bigarren inspirazioa izan da Jose Antonio Fortea exorzista ezaguna. «Bere mundu ezin eroago baina ikaragarri entretenigarri horretatik bada zerbait nobela honetan», aurreratu du. Azkenik, Anjel Lertxundi idazlea izan du burutazioetan. 1981ean argitaratu zuen ‘Tristeak kontsolatzeko makina’ ipuin liburua aipatu du. Zergatik? «Berrogehi bat urtez aritu naiz euskaraz irakurtzen eta euskarazko literatura oro har oso tristea da, eta honekin ez dut inondik esan nahi lanak txarrak direnik. Baina liburu tristeak dira askotan, ikaragarri tristeak –esan du–. Tristura horretan pentsatzen dut eta alde horretatik nere liburuxka hau nire beste hainbat liburuekin batera bada ahalegin bat poztasun pixka bat ekartzeko. Esango nuke tristeak kontsolatzeko makina txiki bat izan nahi duela».

Erlijioari egiten zaizkio errefrentzia asko, keinuak eta aipuak, horregatik akaso gazteei urrun geldituko zaien lana da. Hala adierazi du egileak berak, zeinak esan duen bere adineko jendearentzat idazten duela, eta ‘Andromedan’ lanean planteatzen den umorearekin barre egin ahal izateko jaso beharra izan dela halako erlijio hezkuntza bat.

Ez du ezkutatzen erlijioagatik grina eta interesa. Budista eta tahoismoan «erabat murgilduta», Sagastizabalek dio nekez ulertu daitekeela inguratzen gaituen mundua eta beste kultura eta herrialdeak erlijioak ezagutu gabe.