NAIZ

«Krisia kapitalak ordain dezala» aldarrikatu dute gazteek Urtaranen aurrean

Gazteak eta covid-19ari buruzko jardunaldian parte hartzen ari zela, Gasteizko alkate den Gorka Urtaranen aurrean protesta egin dute zenbait gaztek, «krisia kapitalak ordain dezala» exijituz.

Gazteek egindako protesta. (Hala Bedi)
Gazteek egindako protesta. (Hala Bedi)

Gasteizko Europa Jauregian egiten ari ziren jardunaldietan protesta egin dute zenbait gaztek gaur asteazken goizean. Gasteizko alkate den Gorka Urtaran hitza hartzen ari zela, aulkietatik altxatu eta oholtzara igo dira, era baketsuan, beren aldarria uzteko.

«Krisia kapitalak ordain dezala», oihukatu dute gazteek. Mezu bera zeraman pankarta erakutsi dute, Radio Vitoriak Europa Jauregitik bertatik jakitera eman duenez.

 

‘Covid-19 eta gazteak, erronka eta aukera’ da jardunaldi hauen izenburua, eta bertan hartu dute hitza ekimenan parte hartu duten gazteek.

Hauen ordezkari batek salatu duenez, Europa Jauregiko agertokira igo dira argi uzteko «nazkatuta gaudela, zuen kudeaketaz eta gazteak tratatzeko eraz». 

«Pandemiaren garai honetan argi geratu berriro ere zein den EAJ eta elite ekonomikoen apustua. Apustua dirua da, dirua bizitzen gainetik jarriz», gaineratu du.

Eta gaur alkatea Europa Jauregira Udalaren Gazte Plana aurkeztera bertaratu dela adierazi du; «berriro ere, hitz politez bete duzu zure diskurtsoa, baina gero ez duzue behatz bat mugitzen gazteon arazoei aurre egiteko».

«Beraz, Urtaran jauna, zer geratzen zaigu gazteoi? Gure hautua antolatzea eta borrokatzea da, ez zaitugulako sinesten, itxaroteaz aspertu garelako. Eta nazkatuta gaude hiriarekiko duzu arduragabekeriaz, badirudi zuretzako politika jolas bat dela, baina hemen bizitzak daude jokoan», gaineratu dute.