Europako Batasuneko estatu eta gobernuburuek akordioa erdietsi dute 2030. urterako berotegi-efektua eragiten duten isuriak gutxienez %55 murrizteko.
Hogeita zazpi estatuburuek gau osoa negoziatzen igaro dute eta akordioa goizaldean heldu da, batik bat Txekiar Errepublikak eta Poloniak jarri dituzten oztopoak gainditu ondoren. Bi herrialde horiek zehaztasun gehiago eskatzen zuten helburu berria nola lortu behar den adosteko orduan.
«Europa liderra da aldaketa klimatikoaren aurka. Berotegi-efektua eragiten duten gasen isuriak 2030erako gutxienez %55 murriztea erabaki dugu», iragarri du Twitter bidez Europako Kontseiluko lehendakari Charles Michelek.
Europe is the leader in the fight against climate change.
— Charles Michel (@eucopresident) December 11, 2020
We decided to cut our greenhouse gas emissions of at least 55% by 2030. #EUCO pic.twitter.com/XfoCacHoq0
Orain arte Europako Batasunak CO2 isuriak 1990eko mailarekiko %40 gutxitzea zuen jarrita helburutzat, baina ez zen nahikoa 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzeko nahikoa.
Europako Batzordak gobernuburuen esfortzua %55era iristea eskatzen zuen, eta Parlamentuak, berriz, %60ra. Talde ekologistek, berriz, isuriak gutxienez %65 murriztea aldarrikatzen dute.
EBko herrialdeek gaur goizaldean adostutako portzentajea Europako Batzorde eta Parlamentuarekin negoziatu beharko dute, behin betiko helburua finkatu aurretik. Erabakiaren xehetasun teknikoak zehazteke daude oraindik.
Larunbat honetan Parisko Akordioaren 5. urteurrena ospatzeko topaketa telematikoa egingo dute EBko buruek.