Zaragozako Zuerako espetxean zen Francisco Mujika Garmendia ordiziarrak zigorra amaitu du gaur ostiralean, Auzitegi Nazionalak onartu duenez, eta 17.00ak aldera aske gelditu da. Kartzelaldi luze-luzea izan da berea, 28 urte eta bederatzi hilabetekoa hain zuzen ere. Eta legez behar baino urte gehiago egin ditu giltzapean, Estatu espainolak trikimailu baten bitartez Estatu frantsesean betetako urteak ez dituelako kontuan hartu.
67 urte ditu orain Francisco Mujikak. Ia bost hamarkada egin ditu etxetik kanpo, frankismoaren azken urteetan atzerrirako bidea hartu zuen eta.
1992ko martxoaren 29an Bidarten atxilotu zuten «Pakito» Mujika, Jose Luis Alvarez Santacristina «Txelis» eta Joseba Arregi Erostarbe «Fiti»rekin batera, beharbada ETAren aurka eginiko sarekadarik ezagunenean.
Bederatzi urte izan zuten preso Estatu frantsesean eta 2000. urtean Espaniaratu egin zuten, Madrilgo Auzitegi Nazionalean zigor handiak ezarriz.
Besteak beste Puertoko espetxetik pasa ondoren, azkeneko hamarkadan Zueran izan dute Francisco Mujika Garmendia. Berez, aske egon behar zuen Europako erakundeen aginduz, beste Estatu batzuetan betetako zigorrak kontuan hartu behar zirelako irizpidea jarri zuelako, baina hori saihesteko lege moldaketa bultzatu zuen Mariano Rajoyren Gobernuak 2014. urtean, aukera hori ezerezean utziz. Europako Giza Eskubideen Entzutegira jo zuten Mujikak, Alberto Plazaolak eta Santi Arrozpidek, baina honek ontzat jo zuen Madrilen egindako iruzurra eta ondorioz urte batzuetarako luzatu zaio espetxealdia.
Bestalde, zigorraren hiru laurdenak beteta izateagatik baldintzapeko askatasuna zegokion 2016. urtetik, baina hau ere ez dute ahalbidetu, eta lehen graduan izan da beti.
Kaleratze data hurrengo urterako jarria zuen Auzitegi Nazionalak, baina Mujikaren defentsak auzitegietan argudiatu duenez, Fresnesen gehiegizko hilabete batzuk eman zituen, Espainiaratzearen zain. Tartean ’habeas corpus’ eskaera aurkeztu du presoak Zaragozako auzitegian, espetxealdia legez kontra ari zirela luzatzen argudiatuz, baina emaitzarik lortu gabe. Orain agintari frantsesek egikaritu egin dute Fresnesen behar baino denbora gehiago izan zutela eta Auzitegi Nazionalak onartu behar izan du, espetxeko atea irekiz.
Azken asteotan gatibualdi luze-luzeak egin dituzten zenbait euskal preso politikok agortu dute kartzelaldia: Mujika Garmendiak bezalaxe, Iñaki Bilbao Beaskoetxea (28 urte), Josu Arkauz (29 urte eta erdi) edota Xistor Haranburu (30 urte, azken hau oraindik zigorra betetzen ari da etxean, neurri zorrotzekin).