Zazpi taldek, faborito guztiak barne, bost puntuna erdietsi dituzte Txapeldunen Kopako lehen jardunaldian. Fase hau oso motza da, ezin da akatsik egin, eta hartara, entsegu asko eta markagailu zabalak ikusi genituen.
A Multzoan, Leinster eta Wasps ipini dira sailkapenaren buruan. Irlandarrak Montpellierren zelaian gailendu ziren arazo handirik gabe, bost entsegu lortu ondoren (14-35). Ingalaterrakoek ere garaipen zabala lortu zuten Galeseko Newport Dragonsen aurka (8-24). Biek erasoko bonusa eskuratu zuten eta bakoitzak bost puntu poltsikoratu zituen.
Atzetik Toulon, La Rochelle, Scarlets eta Bordeaux-Begles daude. Garaipena lortu zuten, baina gehigarririk gabe, eta lau puntu dituzte. Toulon kenduta, beste guztiek etxetik kanpo irabazi zuten.
B Multzoan bost taldek hartu dute sailkapenaren burua. Lyonek gupidarik gabe jipoitu zuen Gloucester, zortzi entsegu eskuratuta. Xavier Mignot hegalekoak hiru sinatu zituen. Bestalde, egungo txapeldunak, Exeter-ek, erraz irabazi zion Glasgow Warriorsi.
Bristol eta Clermont taldeek erasoko erakustaldia eskaini zuten: 12 entsegu eta 89 puntu erdietsi zituzten bi taldeen artean. Garaipena frantsesek eskuratu zuten. Kotaro Matsushima gibeleko japoniarrak ‘hat trick’ bat sinatu zuen eta Damien Penaud hegalekoak bi entsegu.
Toulousek ez zeukan aurkari samurra –Guinnes Pro14 ligaren liderra da Ulster–, baina bere lana ondo bete zuen Belfasten. Etxekoek 12-0 aurreratu ziren baina, Cheslin Kolbe hegoafrikar lirainaren eskutik –bi entsegu–, markagailua iraultzea lortu zuten gorribeltzek.
Azkenik, Racingek soilik lau puntugatik irabazi zion Connachti. Parisekoek abantaila zabala zeukaten (26-8), baina azken txanpan irlandarrek bi entsegu erdietsi zituzten eta markagailua ederki estutu zuten.
Emaitzak A Multzoa
Northampton Saints-Bourdeaux (12-16)
Bath-Scarlets (19-23)
Toulon-Sale Sharks (26-14)
Montpellier-Leinster (14-35)
Newport Dragons-Wasps (8-24)
Edimburgh-La Rochelle (9-13)
Emaitzak B Multzoa
Ulster-Toulouse (22-29)
Bristol Bears-Clermont (38-51)
Lyon-Gloucester (55-10)
Exeter-Glasgow Warriors (42-0)
Racing-Connacht (26-22)
Munster-Harlequins (21-7)
Aviron berdinketarekin konformatu behar
Baionako Avironek ezin izan zuen garaipenarekin hasi bere ibilbidea Challenge Cupen. Lapurtarrek Italian jokatu zuten −Parman, hain zuzen ere− Zebreren aurka, eta partida berdinketarekin amaitu zen (25-25). Ruruk, Bagetek eta Deloncak sinatu zituzten euskaldunen entseguak, eta Ordas ostikatzaileak lortu zituen beste hamar puntu. Sailkapenerako bi puntuna batu zituzten.
London Irish, Benetton, Ospreys eta Leicester Tigers taldeek osatutako laukoteak hartu du burua, bakoitza bost punturekin. Leicester izango da Avironen hurrengo aurkaria, datorren larunbatean, Jean Dauger zelaian (21.00).