Donostiako Aquariumean egin da gaur goizean Kontseiluaren Urteko Irakurketa ekitaldia. 2020an euskalgintzak eta hizkuntza-politikek eman dutena izan du aztergai Euskalgintzaren Kontseiluak eta hizkuntza-politiketan adostasun sozial eta politikoak eraikitzeko eta konpromisoak hartzeko ordua heldu dela nabarmendu du.
Covid-19aren pandemiak utzi dituen albo-kalteei buruz hitz egin dute. «Pandemiak zerbait erakutsi badigu, hizkuntzaren normalizazioa zaurgarria dela izan da. Lehengo premiak biderkatu besterik ez dira egin, eta hizkuntza- politiken mugak begi-bistan geratu dira», adierazi du Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.
Horregatik, herritar guztiei euskararen erabilera erosoa bermatzea eta euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa helburu, hizkuntza-politiketan adostasun sozial eta politikoak eraikitzeko eta konpromisoak hartzeko ordua heldu dela nabarmendu du Kontseiluak.
«Azken urteotan horren beharra agertu dugu ekitaldi honetan. Gaur adostasun sozialak eraikitzeko lehen urratsa egin dugula esan behar dugu», esan du Bilbaok. Horrela, adostasunak eraikitzeko dinamika hasia dela aipatu da goizeko ekitaldian.
Atxikimendutik konpromisoetara jauzia
Erantzukizun partekatua oinarri, erakundeei eta eragileei atxikimendutik konpromisoetara jauzia egiteko deia egin diete, «gizarte kohesioa bermatzeko eta euskararen aldeko oinarri sendoagoa osatzeko». Gogoetak bultzatzea eta adostasunak bilatzea jarri dute jomugan, bi helburu argirekin: «Euskararen erabilera erosoa herritar guztiei bermatzea, eta, era berean, euskararen ezagutza unibertsalizatzeko beharrezko neurriak hartzea».
«Beharrezkoa dugu elkartzea, bizipenak eta arazoak konpartitzea, eztabaidatzea, elkarrekin jarduteko gogoa kutsatzea…», nabarmendu du Bilbaok.
Pandemiak bistaratutako eta utzitako egoera «kezkagarria» salatu dute irakurketan parte hartu duten Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak eta Bertsozale Elkarteko koordinatzaile Jon Agirresarobek. «Behin eta berriro zapaldu dituzte pandemia garaian euskal hiztunon hizkuntza-eskubideak, eta herritarren ongizatean eragin zuzena izan du».
«Guretik» urratsak egitea
Gainera epaitegietan hizkuntza gutxituen aurkako «esku-hartze politikak» salatu ditu Kontseiluak. Auzitegi Gorenak euskarazko dirulaguntzen inguruan emandako epaia edota Nafarroako Justizia Auzitegiak hainbat lanposturen euskara-eskakizunekin emandakoak jarri ditu adibide gisa.
Politika eta hezkuntza alorrean Kontseilua kezkatzen duten beste gai batzuk ere izendatu ditu Bilbaok: Gasteizko Legebiltzarrean helduen euskalduntzea legez jasotzeko aukera galdu izana, Nafarroako deialdietan atzerriko hizkuntzak euskara baino gehiago baloratzen jarraitzea, legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean D eredua zabaltzeko jarritako oztopoak, egun ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan lortzen duten euskara-gaitasuna…
Halaber, ekimen «interesgarri» batzuk egon direla ere nabarmendu du. Gizarte eragileen eskaerari jarraiki, hamar alderdik hizkuntza aniztasuna onartu eta bermeak jartzeko aurkeztu duten lege-proposamena, Lakuak Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana bultzatu izana edo Iparraldeko eragileen sostenguari esker, Hiriburuko eskolan murgiltze-ereduari Frantziako Gobernuak ezarritako debekua bertan behera geratu izana, besteak beste.
Bide horretatik, «guretik» urratsak egitean jarri nahi izan du Bilbaok azpimarra: «Inoiz baino garrantzitsuagoa da elkartzea, eta guretik urratsak egitea: herritarrek aktiboki jardun behar dute, eta euskalgintzako eragileok adostasunak lortu eta agerian geratu diren gabezia eta erronkei aurre egiteko neurriak hartu behar ditugu. Neurriak behar ditugu, orain».
Izen eta irudi berria
Gaurko ekitaldiak ere balio izan du Kontseiluak izen eta irudi berria aurkezteko. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua izatetik Euskalgintzaren Kontseilua izaterako jauzia eman du. Bide beretik, irudia ere eguneratu du Kontseiluak, eta «argia, sotila, eguneratua eta egungo euskarrietarako egokitua» dagoen irudia osatu dute. Horretan hasiak diren arren, datozen egunetan egikarituko dituzte euskarri guztien moldaketak, eta lehena, jada, abian da: webgune berritua.