‘Ane’ eleberriak segida eman dio Alaine Agirreren bilduma partikularrari

‘Maren’, ‘Libe’ eta ‘Oier’ sortu ondotik idatzi du Alaine Agirrek ‘Ane’ (Erein), collage baten moduan bere bidetik gustatzen ez zaiona kendu eta pieza berriak jartzen saiatuko den gaztea. Gurasoek markatutako bideari uko eginda, errebisio introspektibo bat egingo du Bilbon.

Alaine Agirre idazleak bere lan berria aurkeztu du Donostian. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)
Alaine Agirre idazleak bere lan berria aurkeztu du Donostian. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Hemezortzi urte bete eta institutuari agur esaten zaion unea iristen denerako zenbait erabaki hartu behar izaten dira maila akademikoan. Anek ez daki zer nahi duen, baina badaki, ordea, zer ez duen nahi: bere gurasoek Ekonomia ikasketetan derrigor hartzera bultzatu duten bidea hartu. Hasi hasiko da, baina berehala iskin egingo dio patu horri. Etxea utziko du, bere herria, bere lagunak. Gurasoak ere, jakina, eta trena hartuko du Bilbon bizimodu berri bati hasiera emateko. Eta tren hori hartzea, nolabait, bere barne bidaiari hasiera ematea izango da.

Alaine Agirre (Bermeo, 1990) idazleak ‘Maren’ izenburuarekin abiatu zuen txandakako bildumari segida eman dio laugarren lan honekin. Aurretik beste bi plazaratu zituen, ‘Libe’ eta ‘Oier’. Aurreko lan horietan irakurleak jaso zituen Aneren zertzelada batzuk eta oraingoan bera da protagonista nagusia.

Egileak sortu dituen pertsonaia guztiek ezaugarri nagusi bat partekatzen dute: denak gaztetasuna atzean utzi eta heldutasunerako bidean dira. Horrek inplikatzen duen guztiarekin, gazi-gozoak, argi-ilunak. «Denek egiten dizkiote galderak beren buruari, eta nor bere bidea egiten ari da», azaldu du asteazken honetan, Donostian egin den aurkezpen ekitaldian.

Bilbon sustraiak bota eta hutsetik hasiko da Ane, unibertsitateko matrikularen dirua errekuperatu ondoren. Pisu bat partekatuko du Mikel eta Aitziberrekin, lagun berriak egingo ditu eta harategi batean lanean hasiko da. Han ikasiko ditu unibertsitatetik kanpo ikasten direnak, nagusi gogor baten aginduetara aritzen, prekaritatean lan egiten. «Bere bideari ekingo dio hiriburuan, ez du zeini heldu, eta ondorio guztiekin emango du pausua».

Collage baten moduan

Ale bakoitza independentea da, eta irakurle berriak azken honetatik hasiko daitezke berau ulertzeko beharrezkoa den informaziorik galdu gabe; ordea, irakurle zaharrek ikusiko dituzte tarteka aurreko protagonistak, haiek ezagutu ahal izango dute bakoitzak zein garapen izan duen eta haien arteko harremanak nola ehundu diren denboraren joan etorrian. ‘Ane’-k, oraingo honetan, bi pertsonaia inportante aurkeztuko dizkigu, aipatu pisukideak. Batetik, Mikel. «Anek eta Mikelek hasieratik konexio handia izango dute, eta helduagoa denez Anek behar duen baretasuna emango dio. Transexuala da», aurreratu du.

Honen inguruan egileak azaldu du ez zuela transexualitateaz gai nagusi bat egin nahi, zeharka planteatzen den errealitate bat bezala baizik. «Bazterreko gaiak hari nagusiari txertatzen zaizkio, zeren bestela badirudi gai zehatz batzuk berariaz propio sortutako lanetan baino ez direla agertzen. Eta nire iritzia da badirela kontu batzuk edonon agertu behar dutela, batzuetan detaile bezala badira ere».

Aitziber da beste pertsonaia garrantzitsua Aneren bizitza berrian. Aplikatua eta saiatua, Medikuntza ikasten ari da. Nolabait, Aneren kontraispilua izango da, baina berak ere baditu bere argi-ilunak.

Agirrek ez du uste liburuak gai nagusi batez hitz egiten duenik, ez bada bilakaera pertsonala, bidea bera eta tartean bizitakoa. Eta, zentzu horretan, nobela bera collage baten moduan deskribatzen du, Aneren bizimodua bezalaxe. «Errebisio bat egiten du, eta ordura arte onartzen dituen zenbait gauza baztertu egiten ditu, ez diote balio dagoeneko. Beste batzuk hartuko ditu inguru berrietatik, lagun berrietatik, hausnarketa propioetatik. Bere burua eraikitzen eta deseraikitzen dabil. Trantsizio horri kamera bat jarri diot, eta guk dena ikusiko dugu», amaitu du.