NAIZ
Donostia

8.700 kultura bonu salgai jarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, udaberrira arte

Gipuzkoako Foru Aldundiak 8.700 kultura bonu atera ditu, literatura, musika eta zinema produktuak erosteko. Herrialdeko 64 saltokitan eskuratu ahal izango dira.

Liburuak, musika eta filmak eskuratzeko balio du kultura bonuak. (Gorka RUBIO/FOKU)
Liburuak, musika eta filmak eskuratzeko balio du kultura bonuak. (Gorka RUBIO/FOKU)

Gipuzkoako Aldundiak 8.700 kultura bonu jarri ditu salgai herrialdeko 64 establezimendutan. Literatura, musika eta zinema erosteko balioko dute. 2.700 euskarazko produktuetarako izango dira eta 6.000 beste hizkuntza batzuetako produktuetarako.

Euskarazko produktuek 12 euroko hobaria izango dute gehienez, 20 euroko erosketa eginez gero, eta gainerakoek 8 eurokoa gehienez, 20 euroko erosketagatik. 

Bonuarekin liburuak (testuliburuak, ikasketetakoak eta profesionalak izan ezik), musika (edozein euskarritan) eta filmak eskuratu ahal izango dira.

Atxikitako saltokiek bereizgarri bat eramango dute, bonua erosi nahi duten pertsonek erraz identifika ditzaten. Bonuak abenduaren 21etik apirilaren 30era bitartean kontsumitu beharko dira erosten diren establezimendu berean. Santo Tomas egunetik liburuaren egunera arte zabaldu du eskaintza Foru Aldundiak.

Harkaitz Millan Kultura diputatuak nabarmendu duenez, deialdi hau «bereziki beharrezkoa» da aurten. Herri administrazioek, oro har, covid-19k hainbat sektoretan eragin dituen ondorio negatiboak arindu nahi dituzte, eta, horrela, helburu orokor hori lortzeko, Kultura Departamentuak ‘Piztu Kultura’ ekimena bultzatu zuen. Ekimen horren ondorioz, kultura bonuen lehen deialdia egin zen ekainean, eta irailaren 30era arte luzatu da.

Orain, bigarren bonu bat eskaini dute.