Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Interview
Einar Galilea
NK Istra taldeko jokalaria

«Alaves ona da defentsan eta partidak zalerik gabe jokatzeak zerikusia izan dezake akatsetan»

Einar Galilea (Gasteiz, 1994) NK Istra talde kroaziarrean dabil futbolean jokatzen 2019. urte hasieratik. Bere bigarren etapa da Kroazian eta gustora dabil. Bi asteko oporraldiaz disfrutatzera etxera itzuli da, Gasteizera. Bere esperientzia atzerritarraz eta Alaves-Eibar derbiaz hitz egin du NAIZen.

Einar Galilea, NK Istraren lan-saio batean. (NK Istra 1961)
Einar Galilea, NK Istraren lan-saio batean. (NK Istra 1961)

Ely denbora luzerako lesionatuta eta asteazkenerako Laguardiaren presentzia kolokan dagoen honetan, Einar Galilea erdiko atzelari gasteiztarrarekin hitz egin du NAIZek, Alaves-Eibar derbiaren atarikoan. Kroazian pozik dabilela onartu du, koronabirusa pasa berritan. Protokolo serioago bat botatzen du faltan baina bestela, «gustora» dago; maitatua sentitzen da eta beste bi urtez edo bertan geratzeko asmoa ere erakutsi du.

Alavesekin 2013an egin zuen debuta, Bigarren Mailan ere parte-hartze zabala izan zuen baina ez zuen lortu Lehen Mailan debuta egitea; bigarren taldearekin belauneko lotailu gurutzatua hautsi, «plana pikutara joan», eta beste bide bat hartu zuen Europan barrena. Oraindik Alaveseko jokalaria da baina 2021eko ekainean kontratua bukatzen zaio.

Zer moduz zaude? Kroaziako Lehen Mailan azken sailkatua da NK Istra.
Taldearen helburua ez jaistea da, badakigu borroka horretan egongo garela baina, esan behar da baita, justu koronabirusak bete-betean jo gaituela eta abenduan ez dugula neurketarik jokatu. Besteek baino lau neurketa gutxiago jokatu ditugu. Lasaitasunez hartu behar dugu.

Hori da, batzuek 16 neurketa jokatu dituzte eta zuek, 12. Taldean eduki duzue koronabirus kasuren bat?
Bai, eta ni tartean. Ni kutsatu nintzen azaro bukaeran, abendua hasieraraino egon nintzen, eta taldean dezente kasu izan ditugu. Irailean libratu egin ginen, beste talde batzuek agerraldiak izan zituztenean, baina orain gu harrapatu gaitu.

Nola dago ligako protokoloa?
Publiko gabe jokatzen dugu baina ez digute hainbeste kontrolik egiten. Alaveseko lagunekin hitz egitean, beraiei neurketa bakoitza baino 48 ordu lehenago PCR testa egiten diete eta guri, ez. Kasu bat identifikatuz gero bai egiten digutela, baina bestela ez. Dena ondo baldin badoa, inork ez badauka sintomarik, ezer ez.

Eta zer moduz aurkitzen zara Kroazian? Lehenengo NK Rudes-en egon zinen eta orain NK Istran, tartean Estatu frantseseko Ligue 2-n hilabete batzuk emanda.
Ba guztira, hau hirugarren denboraldia izango da. 2018. urte hasieran joan nintzen NK Rudesera, gero Ligue 2-tik pasatu nintzen baina 2019 hasieran berriro Kroaziara itzuli nintzen. Ni oso gustora nago, herrialde oso polita da eta kulturari dakionez ere gustora aurkitzen naiz. Pula hiria ez da hain handia, turistikoa da, hondartza bertan daukagu, gastronomia aldetik ere oso ondo dago eta taldean nahiko harreman ona daukagu.

Aipatu taldeetako akzioen gehiengoa Alavesena da. Utzita egon zara bertan eta 2021eko ekainean Alavesekin daukazun hitzarmena bukatzen zaizu. Zein asmo dituzu?
Nik ez dut ikusten nire burua Gasteizera bueltatzen, exijentzia maila askoz altuagoa delako. Gustatuko litzaidake beste bi urtez edo hemen jarraitzea. Hala ere, ulertzen dut koronabirusaren krisia dela-eta, diru-sarrerak asko murriztu direla; ez dakit zer nolako planak dituen Alavesek bere nazioarteko proiektuetan eta beraz, ez dakit zein erabaki hartuko dudan.

Kroaziako liga nola dago ekonomiari dagokionez?
Ezberdintasunak oso nabariak dira. Lehenengo lauak oso indartsuak dira (tartean Zagrebeko Dinamo edota Rijeka, Europa Leaguen Realaren aurkaria izan dena), ekonomikoki zein kalitateari dagokionez. Gero beste hiru talde ondo daude, ez daukate ezer berezirik baina ondo aurkitzen dira; eta azken hiru taldeak, gu tartean, borrokan gaude. Normalean, denboraldia hasi baino lehenago aurreikusi daiteke zein talde egongo den sailkapenaren goialdeko borrokan batean edo behealdekoan.

Pertsonalki nola zaude?
Iaz jokalari garrantzitsua izan nintzen eta aurten iritsi naizenetik jokatzen nabil. Kontua da, ekainean NK Istrako lagapena bukatzen zitzaidala eta orduan, Gasteizera itzuli nintzen, zer egin jakin gabe, eta berandu iritsi nintzen Pulara, jada hiru jardunaldi jokatu zirenean. Baina nola taldea ezagutzen nuen, bertako jendea ere bai, ondo egokitu naiz eta gustora nabil. Jokalari garrantzitsua sentitzen naiz, maitatua sentitzen naiz entrenatzaile, klubeko langile eta taldekideen aldetik eta hori garrantzitsua da.

Alaves Bigarren Mailan zegoenean parte-hartu zenuen taldearekin. Nola hartu zenuen Lehen Mailara igotzean lehen talderako zurekin ez kontatzea?
23 urte nituen eta bigarren taldearekin jokatzeko azken urtea zen. 24 urterekin ezin zara bi taldeen artean egon. Nik ulertzen nuen ez nuela jokatzeko aukerarik izango, orduan bi aukera nituen: beste talde batera utzita joan edota egunerokoa lehen taldearekin egin eta bigarrenarekin jokatu. Azkenean minutuak jokatzea garrantzitsua da eta horrela ulertu nuen. Kontua da, urte horretan belauna hautsi nuela eta neukan plan guztia pikutara joan zitzaidala.

Eta orain nola ikusten duzu Alaves? Sufrimenduz beteriko beste urte bat izango da?
Bolada kontua da. Gaitasuna badute. Bartzelona, Valentzia eta Realaren aurka berdindu egin zuten, Valdebesaren irabazi… Orain bolada eskas batean daude baina, uste dut, lasaitasun puntu bat hartu behar dutela. Pasa den denboraldi bukaeraz ahaztu egin behar dira, oso eskasa izan zen, soldaten jaitsieraren afera guztiak zikindu zuen egoera, eta hau beste sasoi bat moduan ikusi behar dute. Gaitasuna erakutsi dute Lehen Mailan egoteko. Espero dugu bolada eskas bat izatea eta hemendik aurrera erregulartasun handiagoa lortzea, hain txarto ez pasatzeko.

Azken Alaves-Eibar derbiak oso partida serioak izan ohi dira, inork ez du galdu nahi eta lehen aipaturiko akats horiek gutxien egiten dituenak asko izango du irabazita

Zu erdiko atzelaria izanda, ez al zaitu harritzen aurten defentsa arloan akats nabari gehiago egiten ari dela?
Bai, Alaves defentsiboki talde ona da eta, nik uste dut, neurketak zalerik gabe jokatzeak zerikusia izan dezakeela akatsetan. Adibidez, Mendizorrotza, Sadar edota Ipuruan zaleen presentzia indartsua izan ohi da eta puntu asko lortzen ditu horrek, eta nabaritzen da ez dela gauza bera izaten ari. Alde horretatik, futbola asko aldatu da.

Mendizorrotzan jokatuko da Alaves eta Eibarren arteko neurketa, asteazkenean 22.00etan. Nolako derbia espero duzu?
Azken Alaves-Eibar derbiak oso partida serioak izan ohi dira, inork ez du galdu nahi eta lehen aipaturiko akats horiek gutxien egiten dituenak asko izango du irabazita.