Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Milanoko Forumean ospatuko du Baskoniak Euroligako bostehungarren neurketa

Azken hiru neurketak galdu ostean, hamaikagarren postuan dira gasteiztarrak. Hala ere, Dusko Ivanovicek ez du federik galtzen Europan ere gauzak handiak egin ditzaketela. «Sinistea eta topera lan egitea da kontua», dio Montenegrokoak.

Fabrizio Oberto eta Timinskas, 2000/01 denboraldiko Euroligan Olympiacosen aurkako final-laurdenetan. (Jon HERNAEZ / FOKU)
Fabrizio Oberto eta Timinskas, 2000/01 denboraldiko Euroligan Olympiacosen aurkako final-laurdenetan. (Jon HERNAEZ / FOKU)

Asteazkena 20.45, Milanoko Mediolanum Forum pabilioia. Armani Milanok eta TD Systems Baskoniak jokatuko dute 2020/21 Euroligako Liga Erregularreko hamaseigarren jardunaldia. Beste partida bat, pentsa liteke, baina ezta gutxiagorik ere. Izan ere, Saski Baskoniak Euroliga «berria» 2000. urtean fundatu zenez geroztik bostehungarren neurketa jokatuko du. Moskuko CSKA eta Bartzelona bakarrik dauzka talde arabarrak Europako saskibaloiaren gailur den lehiaketa honetan partida gehiago jokatuta: 507 eta 506, hurrenez hurren.

Ez da, bestetik, nolanahiko aurkaria izango asteazken gauekoa. Zein eta Armani Milano. Ez Shavon Shields gasteiztarren jokalari ohia bertan izango delako –Vladimir Micovek eta Michael Rollek ere Baskoniaren kamiseta jantzi zutela ahaztu gabe–, baizik eta Armani Milanoko entrenatzailea Ettore Messina handia delako. Hau da, 2000/01 denboraldi hartako Euroligako finalean Kinder Bolonia ikaragarriko entrenatzailea –Baskoniarena, esan gabe doa, Dusko Ivanovic zen, Gasteizen bete zuen aurreneko urtean–. Tangoak 20 urte ezer ere ez direla dioen arren, majo zahartu dira guztiak, baina asteazken gauean, nolabait, denek ere zer ospatua izango dute Mediolanum Forumean.

Baina ospakizunak ospakizun –ez da ahaztu behar Baskoniak 280 partida irabazi dituela Euroligan, 2000/01 denboraldiko finala jokatzeaz gain, 2005, 2006, 2007, 2008 eta 2016ko Final Fourretan ere izan dela eta 2019ko Final Fourra bera Gasteizen ospatu zela– kirol emaitzak zeresanik izango du, uneotan gasteiztarrak nahi baino beherago baitaude. Duela hiru aste Olympiacos eta Anadolu Efes etxetik kanpo menperatu ostean, Top 8ra hurbildu bazen ere, azken bi asteak eskasak izan dira Ivanovicenentzat: porrota etxean Maccabiren aurka, egurra Kaunasen Zalgirisen aurrean eta ezinean Munichen ere, Bayern on eta gogor baten kontra.

Hala, 6-8 balantzea aldean, hamaikagarren posturaino erori dira gasteiztarrak eta Euroligako bostehungarren partidak ez luke ospakizun hoberik garaipenak baino. Are gehiago, Dusko Ivanovicek berak igandean eta asteartean bertan emandako adierazpenei so eginez gero. Iberostar Teneriferen aurka irabazi ostean, Montenegroko entrenatzaileak «lehiaketa guztiak irabazteko aukera» dutela bota baitzuen, mundu guztiaren ezusterako.

«Irabazteko entrenatzen dut nik. Eta egia esan, berdin dio zernolako jokalariak diren; lana gogor egin eta lan horretan sinetsiz gero, irabazi dezakegu. Ez baduzu sinesten eta behar bezalako lanik ez baduzu egiten, eta borrokarik egiten ez baduzu, ezinezkoa da irabaztea nahiz eta askoz jokalari hobeak eduki. Kontua ez baita jokalari bikainak izatea, irabazten duten eta sinesten duten jokalariak izatea baino», azpimarratu du Bijelo Poljeko entrenatzaile profetak.

Profeta ala ez, Dusko Ivanovicen aginduetara irabazi ditu Saski Baskoniak bere palmareseko lau ACB Ligetatik hiru; azkena, joan den ekainean, 2019ko abenduaren azken egunetan Velimir Perasovicen ordez urgentziaz etorri ostean. «Egia da, bai, duela urtebete itzuli nintzela hona. Gabon egunean iritsi nintzen eta sekulako arrakasta izan genuen eta orain, urtebete geroago, orduko ilusio berberaz nago lan honetaz gozatu eta irabazten saiatzeko», berretsi du.

Hori dena, jakina, gasteiztarren artean jokalari kolpatuak daudela aintzat hartuta. Vildoza, bizkarreko arazoak atzean laga ezinik, Polonara, joan den domekan orkatila okertuta, Henry, minutu larregi jokatuta eta Zoran Dragic, bere ohiko arazo fisikoekin.

Aminuren debuta Bilbon

Miribillako Bilbao Arenan, berriz, 20.00etatik aurrera RETAbet Bilbao Basketek Fortitudo Boloniaren aurka jokatuko du Basketball Champions Leagueko F multzoari dagokion laugarren jardunaldian. Bilbotarrek Bolonian 64-69 irabazi zuten joaneko neurketan eta pasa den domekan Fuenlabradaren aurka 70-74 garaile atera ostean, gorantzko bidea ekitea bilatuko dute. ETB4 katearen bitartez, zuzenean ikusi ahal izango da.

Fuenlabradaren kantxan John Jenkins jaurtitzaileak debuta egin bazuen, italiarren aurkako neurketan Alade Aminu pibot nigeriarrak estreineko dema izango du beltzezko gizonekin; burokrazia kontuak zirela medio, ezin izan zuen igandean jokatu, baina asteazken gauean aukera hori izango du. Orkatilan min hartuta, Ludde Hakansonek ere ez zuen Fuenlabradan jokatu, baina itxura denez, Miribillan izango du minuturik antolatzaile suediarrak.

Fortitudo Bolonia krisi baten erdian zegoen Bilbao Basketen aurka galdu zuen egunean. Romeo Saccheti entrenatzailea bota berri zuten eta entrenatzailea aldatzen ari zirela tokatu zitzaien bizkaitarren aurkako lehia. Hala, nolabaiteko kontrol falta ere nozitu zuten partidako zenbait unetan, batez ere hirugarren laurdenean, non Bilbao Basketek 5-17ko partziala lortu zuen, atzetik aurrerantz egin eta azken minutuan garaipena bermatzeko.

Hala ere, Alex Mumbruk konfidantza larregizkorik ez du nahi. «Taldeak hazten jarraitu behar du. Fuenlabradan defentsa ona egin genuen, eta defentsa horri jarraituz, jokalari berriak ahalik eta hobekien egokitzen jarraitu behar dugu orain», esan du.

«Argi, hala ere, Fortitudorekin», ohartarazi du Badalonakoak. Luca Dalmonte «entrenatzaile berriaren aginduetara, nola jokatu nahi duten askoz argiago daukate. Ordenatuago ere ari dira jokatzen eta, oro har, arriskutsuagoak dira orain», eman du abisua.