Asier Aiestaran

Iker Irribarriaren erakustaldia Binakakoaren atarian

Aurten ere Binakako Txapelketara begira dagoen zalantza nagusia Aspek aukeratuko duen laugarren aurrelaria da: Irribarria edo Elezkano. Eguberri eguneko partida horretarako proba bat izan bada, Aramakoak argi utzi du sasoi onean dagoela.

Iker Irribarria, zabaletik eskubiz pilota bat eramaten (Maialen ANDRES / FOKU)
Iker Irribarria, zabaletik eskubiz pilota bat eramaten (Maialen ANDRES / FOKU)

Iker Irribarriak eta Jose Javier Zabaletak nagusitasun handiz irabazi dute Eguberri egunez Eibarko Astelena pilotalekuan jokatu den jaialdiko partida nagusia. Aspekoek 11-22 menderatu dituzte Aimar Olaizola eta Jon Ander Albisu jada hastear den Binakako Txapelketara begira proba kutsua zuen neurketan.

Hain zuzen ere, eta enpresen artean beste truke arraroren bat ez baldin badago behintzat, Aspek sartuko duen laugarren aurrelaria da Binakakoa osatzeko dagoen zalantza nagusia. Iaz bezalaxe, txartela Iker Irribarria eta Danel Elezkanoren artean egongo dela ematen du, eta Aramako aurrelariak sasoi onean dagoela erakutsi die enpresako arduradunei Eibarko partidan.

Atzean Jose Javier Zabaleta indartsu batekin jokatzeak ematen duen abantaila baliatuz, gipuzkoarrak neurketa oso ona jokatu du, pilota grazia handiz atzeratuz eta aurrean izan dituen aukera ugariak bikain aprobetxatuz. Guztira hamar tanto egin ditu eta sei galdu, gehienak amaieran, jada norgehiagoka erabakita zegoenean.

Izan ere, zoritxarrez, partida berehala apurtu da. Urdinak 0-10 aurreratu dira markagailuan, hamar minutu eskasean, eta hortik aurrera abantailak ikaragarriak izan dira: 4-12 aurreneko atsedenaldi luzean eta 5-18 bigarrenean.

Gorrien errendimendu eskasean Albisuren ezinak aipatu behar dira. Atzelari ataundarrak egun benetan txarra izan du eta hamar pilota galdu ditu. Zabaletak asko behartu du atzean, egia da, baina aukera-aukerako pilota asko ere galdu ditu gipuzkoarrak.

Aimar Olaizola, aldiz, jokatzeko zegoen eta izan dituen aukera apurretan tanto ikusgarri batzuk utzi ditu. Gorrien aurreneko hiru tantoak, esaterako, goizuetarraren hiru erremate eder izan dira: lehena txokoan goxo utzitako pilota bat eta beste biak gantxo ikusgarriak.

Azkenean, 329 pilotakada eta 39 minuturen ondoren, 11-22 gailendu dira Irribarria eta Zabaleta. «Oso ongi hasi gara. Josek ikaragarri jo du atzean eta nik izan ditudan aukerak ongi baliatu ditut. Amaiera aldean egin ditugu akats batzuk, baina osotasunean partida ona egin dugula uste dut», aztertu du Iker Irribarriak.

Binakakora begira, aramarrak aipatu du azkenaldian ongi sentitzen ari dela, pozik dagoela bere joko puntuarekin eta ilusioa duela Binakakoan sartzeko, nahiz eta onartu aukeratua beste bat baldin bada «merezimendu osoz» izango dela.

Borrokan egon liteken beste hautagai bat, adibidez, Peio Etxeberria da. Zenotzekoa maila bikaina ematen ari da azkenaldian eta gaur ere, jaialdiko aurreneko partidan, bera izan da onena Bikuñarekin 14-22 irabazteko Oinatz Bengoetxea eta Salaverriren kontra.