Dabid Lazkanoiturburu

Afrika Erdialdeko Errepublikan egoera larria da oso hauteskundeen bezperan

Gerra zibilaren amaieran osatu zen gobernua erorarazteko batu dira aitzinako etsaiak Afrika Erdialdeko Errepublikan hauteskundeen bezperan. Alarma guztiak piztu dira Kontinentean, Frantzia metropoli ohian eta bertan gero eta pixu gehiago duen Errusian.

Hauteskunde propaganda mehatxupean dagoen Bangui hiriburuan. (Alexis HUGUET/AFP)
Hauteskunde propaganda mehatxupean dagoen Bangui hiriburuan. (Alexis HUGUET/AFP)

Erdialdeko Afrikako Estatuen Erkidego Ekonomikoak (CEEAC) larrialdiko bilera egin du gaur larunbata, talde armatu matxinatuen koalizioa Afrika Erdialdeko Errepublikako (AEE) hiriburura hurbiltzen ari den honetan. Bihar hauteskundeak dira herrialdean eta matxinoen helburua Faustin Archange-Touadera presidentearen gobernua eroraraztea da.

Astean zehar iragarri zuen su-etena agortutzat jo zuen atzo Aldaketaren aldeko Abertzaleen Koalizioak eta Bangui hiriburura bideari berrekin zioten. Seleka gerrilari ohiak eta antibalakak biltzen dituen koalizioak hauteskundeak bertan behera uztea exijitzen zuen.

Azken ordutan NBaren hiru kasku urdin, Burundikoak, hil dira eraso militar batean.

AEEko presidenteak matxinatuen estatu kolpe saiakera salatu du eta François Bozize presidenteari atzean egotea egotzi dio. Auzitegi Konstituzionalak hauteskundeetara aurkeztea ekiditu dio bere aurkako salaketak direla eta. Bozizek ukatu egin ditu salaketok.

«Seleka» gerlari musulmanen kontrako gudan «Antibalaka» izeneko kristau miliziei babesteagatik 2013an kargo-gabetu zuten Bozizeri, gizateriaren aurkako krimenak eta genozidioa bultzatzea leporatzen diote Nazio Batuen auzitegiek.

Milaka hildako eragin zituen guda zibilean elkarren aurka borrokan aritu ziren selekak eta antibalakak hainbat taldetxotan sakabanatu dira azken urteetan eta talde hauek gobernuaren kontra bildu dira. Herrialdearen bi herena kontrolpean dute.

Afrika Erdialdeko Errepublika (AEE) munduko txiroenetarikoa da, izugarrizko ondareak dituen arren, tartean uranioa, diamanteak, urrea, petrolioa eta egurra.

Kongoko Errepublika Demokratikoaren presidenteak,  Denis Sassou N'guesso, dei egin die «alde guztiei hitzegiteko eta odol-isurketa saihesteko, beti ere AEEko herritarren onurarako».

2016tik boterean dagoen Faustin Archange-Touaderak bost urteko agintaldi berria nahi du. Guztira 16 presidente-gai aurkeztu dira, baina Jean Serge Bokassak, AEEko enperadorea izan zen Jean-Beel Bokassaren (1921-1996) semeak, atzera egin du «segurtasuna bermatzerik ez dagoelako».

Milaka soldadu kanpotik

Nazio Batuek 11.000 kasku urdin dute herrialdean, guztiak afrikarrak eta Rwandatik beste bi infanteria konpainia eta bi helikoptero bidali dituzte

Errusiak beste 300 militar instruktore bidali ditu. AEEko lurraldea kolonia bihurtu zuen Estatu frantsesak ehiza-bonbaketari hegazkinak bidaliko dituela iragarri du.

G5 taldeak, Afrikar Batasuna, Estatu Batuak, NBa, Estatu frantsesa (metropolia) eta Errusia biltzen dituena, hautekundeen aldeko apostua egin du eta 2019an Bakerako eta Berradiskitzearen aldeko Akordio Politikoaren gaurkotasuna defendatu du.