Interview
Txomin Larronde ‘Txo’
Kantaria eta musikaria

«Euskaldunon indarra entsaiatzean datza, beti ari gara urratsez urrats»

Artista lapurtarrak azken diskoa aurkeztu berri du, bakarkako lana izan da goitik behera, berak konposatu baitutu kantu guztiak, baita abestu eta musika jo ere. ‘Bordagaineko Dorretik’ obraren euskarri fisikorik ez du atera, baina bere azken lana Badoken eta Bandcampen entzun eta eros daiteke.

Txomin Larrondek ‘Txo’ du eszenako izena. (GUILLAUME FAUVEAU)
Txomin Larrondek ‘Txo’ du eszenako izena. (GUILLAUME FAUVEAU)

Gitarra gainean daramala hurbildu zaigu Txo, hitzak bezala, musika ere ugaria du, eta goxoki eskaintzen ditu biak. Txakun taldean hasi zen bakarlari gisara abiatu aitzin, eta hamabi urtez Quebecken egon eta gero Itoiz taldeari tributo egiten zion Foisis Jauna taldean parte hartu ondoren, berriz heldu dio bakarkako lanari. Bere umorea ezaguna bada ere, oraingoan egoera sanitarioak eraginda ohi baino gogoeta «beltzagoak» ekartzen ditu, baina ez soilik, lehenago konposatutako obrak ere, eta izpi argitxuak ere ez ditu ahantzi.

Bere baitarik eta bere baliabideekin sortu eta argitaratu du azken diskoa Txomin Larrondek. Gogoan zituenak bildu eta bakarrik osatu du “Bordagaineko Dorretik”, «Disko hau aurten nahi nuen grabatu baina koronabirus madarikatu hori izan da, eta orduan ezin zen egin, baina hala ere erabaki dut disko horren egitea, nire baitatik». Bidea ez zen erreza izan pandemia garai honetan: «Lehenbiziko konfinamenduan aski iluna nintzen, ez nuen sorkuntza handirik egin, aldiz bigarrenean erabaki dut irabazi behar nuela konorabirusaren kontra, eta egin ditut, bat eta esperantza, exorzizatzeko pixka bat».

Orain proiektuaren bakarkako lehen partetik abiatuta, beste artistekin garatzeko bide hartukodu, partekatuz eta publikoaren aitzinean jo ahal izateko. «Uste dut alderantziz egin dudala, normalean kantu bat talde batekin egiten duzu, gero disko baten grabatzeko, moldaketa batzuk gehitzen dituzu, musika instrumentu batzuk, eta gehiago ekoizten duzu. Aldiz oraingoan, ekoiztu dut pixka bat, soinu elektroniko batzuk sartuz, baina orain ikusi beharko dut beste musikari batzuekin. Kantuan melodia geldituko bada, guztiz aldatuko da beste musikarien arabera. Alderantiz egitea, arrunt alternatiboa da» baieztatu du irrifarre kokin batekin.

CDa ala ez?

Euskarri fisikoa alde batera utzi eta bere azken lana Badoken eta Bandcampen ematea deliberatu du Txok: «Gaur egun disko materiala egitea gastu izugarria da, zeren behar duzu estudioan sartu, pagatu nahasketa, masterizazioa..., eta gero ekoiztu behar duzu. Gaur egun auto berrietan ez da diskoak sartzeko zulorik, aparatu anitz blutoothen bidez ibiltzen dira, ordenagailu batekin».

ps://twitter.com/naiz_info/status/1343482056391716864?s=20

Gai horrekiko gogoeta urrunago ere badarama: «Uste dut diskoa bera obsoletoa bilakatu dela, eta orduan behar duzu pentsatu nola saldu musika. Nik bandcamp hautatu dut, beste medio bat, eta kontsumitzeko beste manera bat delako. Bistan dena, nahiko nuke diskoa egin, baina ez dakit balio duen. Pentsatzen ari naiz aplikazio bat egin daitekeela, disko bat dena. Deskargatzen duzu, eta badituzu zure kantuak formato ezberdinetan eta ere irudi guztiak, azala, testuak. Pixka bat garestia da, baina ari naiz pentsatzen beste manera batez, beste manera bati, CDtik ateratzeko». 

https://twitter.com/idoia_eraso/status/1343505699314298880?s=20

2020 zail honek Larronderengan ere ere utzi du aztarna: «Garaiaren araberakoak dira kantuak, ilunak, zinez bizi baikara mundu geroz eta ilunago batean, eta aurten bizi dugunak ez dut uste hobetuko duenik jendearen arteko harremana».

Euskal Herriko egoerari buruz duen ikuspegian argiak eta ilunak ageri dira: «Ez da erreza, euskarari begira, presoei, ez gara aitzinatzen, eta ez da guregatik, gu abertzale eta euskaldunek egiten dugu sekulako lana. Egin duguna herri ttipi gisa aluzinantea da, eta alde hori baikor da, baina nire soa munduari ez da biziki baikor. Euskaldunon indarra da entsaiatzea bederen, beti ari gara urratsez urrats».

Euskal kulturak duen «mamiak» ere bere alde baikorra ateratzen du: «Baditugu gauza anitz proposatzeko, gero eta kalitate handiagokoak, eta aldi berean, zuzenean jotzeko geroz eta zailagoa da, hori paradoxa bat da, beharko genituzke asmatu beste alternatiba batzuk. Konpondu beharko gara musikarien artean solidaritate gehiago sorraraziz».