Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Urruneko espetxeak atzean uztetik kartzelak hustera

Puertoko espetxeak biltzen ditu oraindik euskal preso politiko gehien, baina lekukoa Logroñokoak hartuko du laster. Urruneko espetxeak atzean uzten hasi dira aurten, eta, 2021ean, kartzelak husten hasi beharko lirateke: bide ugari daude, legezkoak eta logikoak guztiak.

Etengabea da presoak ekartzeko eta askatzeko mobilizazioa. Irudian, sindikatuek Iruñean abenduan eginikoa. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Etengabea da presoak ekartzeko eta askatzeko mobilizazioa. Irudian, sindikatuek Iruñean abenduan eginikoa. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Lehenik Fresnes, La Sante edo Fleury Merogis izan ziren; bukatzear den urtean Ocaña, Badajoz edota Caceres izan dira. Belaunaldi askoren gogoan barruraino iltzaturik ziren izen horiek jada ez dira Etxeraten mapan agertzen. Hiri horiek bestelako esanahia izango dute belaunaldi berrientzako, espetxeek zikindu gabea.

Preso kopurua motel-motel joan da beherantz azkenengo urteotan, baina, hala ere, talde txikietan edo banaka-banaka sakabanaketari eusten zion Gobernu espainolak duela gutxi arte. Hurbiltze prozesuarekin hasi dira zorigaiztoko toki urrunok ezabatzen, behingoz eta betiko. Aipatutakoen ondoren Algeciras izango da hurrena. Valdemoro, Fontcalent, Herrera, Kordoba... desagertu beharko lirateke gero, espetxeratu kopuruei erreparatuta.

2020. urte honek Parisek 2017an abiatu zuen dinamika Espainiaratu du. Poliki-poliki hasieran, abiadura handiagoarekin udatik aurrera. Datuak argi mintzo dira: gaurdaino 152 lekualdatze zenbatu dituzte eta horietatik 120 aurten gauzatu dira, 32 baino ez aurretik.

Espetxe Erakundeak darabilen erritmoari eutsiz gero –azken asteotan bospasei Euskal Herriratze edota gerturatze iragarri dituzte–, hiru hilabeteren buruan osatuta beharko luke prozesuak, indarrean den legea betez: gaur egun 38 euskal preso politiko gelditzen dira Andaluzian, 20 bat Mediterraneoko kartzeletan, dozena bat Madrilgoetan, dozena erdi Galizian... Bestalde, jada hurbildutakoak Euskal Herriratzea bideragarria dela erakutsi du Gobernu espainolak berak, 19 preso bi aldiz lekualdatu dituelako eta 25etik gora beren herrira ekarri dituelako.

Gertuago baino preso

Txanponak beste alde bat ere badu. Edo bi. Batetik, oraindik ere Cadizko Puerto de Santa Maria da euskal preso gehien biltzen dituen espetxea, Logroñoren pare, urruntzearen krudeltasunaren adierazgarri argia. Bestetik, hurbildutako preso askok ez lukete ez urrun ez gertu egon behar, kalean baizik, zigorraren hiru laurdenak beteta dituztelako.

Baldintzapeko askatasuna aurten eskuratu behar zutenak eta lortu ez dutenak 70 bat dira. Asko, beraz, Kolektiboaren heren bat ia. Beren egoerak 2020. eta 2021. urteen arteko zubia marrazten du: gaur bukatzen dena urrutiko espetxeak atzean uzten hasteko urtea izan bada, hurrengoa espetxeak husten hastekoa izan beharko litzateke. Lege betetzea aski litzateke. Hasteko, 70 preso horietatik gehienek baldintzapeko askatasuna lortzeko epea gainditua dute. Beste batzuk, dozena batetik gora, bigarren graduan dira, baina kalerako atea zeharkatzea ekarriko liekeen hirugarren gradua ukatuta dute oraindik.

Zigor erantsiak

Jarrai dezagun. Frantziar Estatuan betetako espetxealdia behingoz onartzearekin, Europak 2008an agindu zuen bezala, aske izango lirateke beste batzuk. “Parot doktrina” Estrasburgok ezabatu ostean, 2014an trikimailua erabili zuen PPko gehiengoak espainiar Gorteetan, Europako irizpide hori kontrako norabidean arautuz. 50 preso ingururi eragiten dio tranpa horrek.

Zigor luzeen zale izan da Estatu frantsesa ere. Biziarteko zigorra ezarrita kartzelan 30 urte pasata aske gelditu den Xistor Haranbururen kasua inflexio puntua izatea espero du Ipar Euskal Herrian zeharo mobilizaturik den gehiengoak. Jakes Esnalek eta Jon Parotek langa bera gaindituta dute frantziar kartzeletan, Unai Parotek eta Antton Troitiñok Espainiakoetan bezalaxe. Horiekin ere bada 2021. urtean kaleratzeak borrokatzea.

Eta espetxealdi arinduak?

Gaixorik diren presoekin mantentzen den politika, bestalde, lazgarri bezain ulertezina da. Duela hamarkada bat, Zapateroren zein Rajoyren gobernuekin, espetxealdi arinduaren formula sarri erabili zen, neurri zorrotzen menpe baina etxean artatuak izan zitezen presoak. Belen Gonzalez Peñalba edo Anjel Figeroa egoera horretan egon ziren, beren eritasunen ondorioz hil arte, eta Jose Ramon Foruria horrela dago 2011z geroztik, baina gero oso gutxi garatu da bide hori.

Premiazko egoerez ari garela berretsi du 2020. urte honek. Lau adibide emateagatik, Martutenen irailean hilik agertu zen Igor Gonzalez Solaren arazo psikikoak aspaldikoak eta aski jakinak ziren, baina ez zitzaion kalera ateratzeko aukerarik eman. Gaixotasun sendaezina izateagatik zigorraren etena lortu zuen Asier Aginako urrian zendu da. Bihotzeko baten ondorioz trantze oso larria igaro du Josetxo Arizkurenek Murtzian eta, hala ere, preso segitzea erabaki dute, orain Iruñean bada ere. Eta Ibon Fernandez Iradik duen gaixotasun larriari koronabirusa erantsi zitzaion Lannemezanen, presoa bakartuz eta kezka are gehiago zabalduz.

Pandemia dela eta, egoera sanitarioak horrela agintzen zuelako, Estatu askok preso kopurua arintzea erabaki dute aurten. Ez da horrela gertatu Estatu espainolean, ez eta Estatu frantsesean ere euskal presoei dagokienez.

Urte aldaketak covidaren bigarren olatua bukatuta egon gabe hirugarrena altxaraziko duela dirudienean, kaleratzeak azkartzeko aldarrikapenari eusten diote Estatu osoko elkarte ugarik, tartean Etxerat eta Sare. 70 urte baino gehiagoko bi preso daude EPPKren barruan: Joseba Arregi Erostarbe eta Dolores Lopez Resina.

Ikusteko dago Pedro Sanchezen Gobernuak logika sanitarioari erantzuten dion aldarria azkenik entzungo ote duen. Baina bitartean deigarria bada delitu ekonomikoak egin dituztenentzako (ustelkeria barne) atera berri duen «birgizarteratze plana». Izan ere, justizia trantsizionala oinarri hartuta, preso horiek kartzelaren ordez bestelako zigorrak betetzea aztertuko du. Berriz ere agerian: neurri handi batean borondate politikoak du kartzeletako sarrailetako giltza, ez legeak.

Espetxeak husteko bidean bereziki kezkagarriak dira espetxeratze berriak. Ahalegin handia egin du Madrilek Belgikatik lau hamarkaden ondoren Jaione Jauregi ekarri eta kartzelatzeko. Hastear den urtean zenbait euskal abokaturen kontrako epaiketa iragarrita dago, Amurrioko bi gazteren aurkakoa ere bai (kale borroka egotzita), “Bateragune auzia” berriz epaitu nahi dute eta hiru preso ohi Auzitegi Nazionalera deitu dituzte berriz auzi zahar baten harira.