Dabid Lazkanoiturburu

Golkoko gailurrak Qatarren aurkako blokeoaren porrota agerian utzi du

Hiru urte luze dirau Saudi Arabiak eta Emirerriek Arabiar Udaberria babesteagatik eta Iranekin harremanak izateagatik Qatarri ezarri zioten blokeoak. Gaurko Golkoko gailurrak erabaki haren porrota begi-bistan utziko du.

Mohamed bin Salman saudiarra, eskuinean, Kuwaiten ordezkaritza agurtzen gailurrera iristean. (Bandar AL-JALOUD/AFP)
Mohamed bin Salman saudiarra, eskuinean, Kuwaiten ordezkaritza agurtzen gailurrera iristean. (Bandar AL-JALOUD/AFP)

Qatarreko emirra, Tamim bin Hamad al Zani, Saudi Arabiara abiatu da gaur, Golkoko Elkarlanerako Kontseiluan (GEK) parte hartzeko, lehen aldiz azken hiru urteetan.

2017ko ekainean, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek (AEB) blokeoa ezarri zioten Qatarri «terrorismoa babestu eta etsaien interesak bultzatzeagatik».

Bahreinek eta Egiptok bat egin zuten neurrien benetako arrazoia Qatarrek munduan zehar Anaia Musulmanei eskaini izan dien babesa izan zen, batez ere Arabiar Udaberrian. Bide batez, Riadek eta Dubaik ez zituen begi onez ikusten Dohak Iranekin eta Turkiarekin dituen harreman onak.

GEK osatzen duten Kuwaitek eta Omanek ez dute sekula blokeoa onartu. Qatarreko emirra 2017ko bukaeran Kuwaiten ospatu zen Golkoko gailurrera joan zen baina Saudi Arabiak eta AEBek boikotatu egin zuten eta ministroak baizik ez zituzten bidali.

Gaurkoan ez. Saudi Arabiako ipar-mendebaldean dagoen Al Ulako gune turistikoak hartuko duen 41. gailurraren bezperan Abdelaziz bin Salman errege saudiarrak Qatarreko emirra gonbidatu zuen.

Are gehiago, Kuwaiteko Kanpo Arazoetarako ministroak, Ahmad Nasser al Sabak atzo iragarri zuenez, Riadek Qatarrekin dituen mugak zabaltzea erabaki du.

MbS eta Emirerriak, haserre

Dirudienez, Bin Salman erregearen erabakia da, printze oinordeko eta Saudi Arabiako benetako agintaria den Mohamed bin Salmanen (MbS) ezezkoaren gainetik.

Emirerriek ere ez dute begi onez ikusten blokeoaren amaiera, Qatar inguruko etsai geopolitikotzat dutelako. AEBak eta MbS izan ziren, beraz, Doharen «harrokeria» zigortu nahi izan zutenak.  

Saudi Arabiak Qatarrekin dituen lur, ur eta aire mugak berreraikitzea keinu handia da baina egoera baretzeko adierazpen bat espero bada ere, gaurko gailurrak ez omen du guztiz blokeoa bertan behera utziko.

Dena den, agerian utziko du blokeoaren porrota, hiru urte luzeetan Dohak ez baitu Ryadek eta Dubaik exijitu zizkioten baldintza bat ere bete, tartean ‘Al Jazeera’ katea ixtea. Aitzitik, ekonomikoki berez indartsua den Qatarrek Teheranekin eta Ankararekin zituen harremanak sendotu egin ditu, blokeoaren eraginak saihestuz.

Washingtonen presioa

Gainera, begi-bistan dago Amerikako Estatu Batuek eragin zuzena izan dutela Golkoko Elkarlanerako Kontseilua 1981ean sortu zenetik bizi izan duen krisialdirik larriena konponbidean jartzeko.

Jared Kushner Donald Trumpen koinatua Al Ulan bertan dago gaur. Abenduan bertako hainbat agintarirekin bildu zen magnatearen aholkularia.

Ikusteko dago AEBen eta Kuwaiten bitartekaritza lanek noraino iristea lortuko duten baina, gutxienez, Golkoko satrapien eta Qatarren arteko konfidantza-neurriak ezartzeko eta negoziaketak bultzatzeko erabakia hartuko omen du gailurrak.