Dabid Lazkanoiturburu

Hong Kongeko oposizioaren aurka sarekada erraldoia egin du Poliziak

50 bat opositore atxilotu ditu Txinak Hong Kongen Segurtasun Nazionalaren legea onartu zenetik sarekada polizialik erraldoienean. AEBetako diplomazio buru berria izango denak gogor salatu ditu atxiloketok. 

Ben Chung oposizioko ekintzailea atxilotuta eramaten du Poliziak. (Peter PARKS/AFP)
Ben Chung oposizioko ekintzailea atxilotuta eramaten du Poliziak. (Peter PARKS/AFP)

Hong Kongeko Poliziak dozenaka parlamentari eta oposizioko ekintzaile atxilotu ditu ustez Segurtasun Nazionalaren legea hausteagatik.

Britainia Handiko kolonia zenaren herritarren eskubide politikoak erabat murrizten dituen legea iazko ekainean onartu zenetik sarekada polizial handiena da gaurkoa.

Legeak bizi arteko kartzelarekin zigor ditzake sezesio saiakerak eta indar arrotzekin elkar aditzea.  

Txinako erregimenaren aurkakoa den Alderdi Demokratikoak irailean aurrikusten ziren hauteskundeei begira uztailean egin ziren primarietan parte hartzeagatik egin dituzte atxiloketok. Oposizioak irabaztea espero zituen hauteskundeak azkenean urtebete atzeratu zituen Pekinek koronabirusaren aitzakiarekin.

Oposizioko alderdiak Twitterren salatu duenez, Poliziak «Segurtasun Nazionalaren legea hausten duen iraultza-ekintzataz» jo du «Hong Kongeko Parlamentuan gehiengoa lortzeko egin genuen saiakera».

600.000 biztanle parte hartu zuten primarioen helburua oposizioaren bozak bildu eta Legebiltzar Kontseiluan sufragio unibertsalaren bidez hautatzen diren 35 diputatu-gaiak aukeratzea zen. Gainerako eserlekuak hautatzeko prozesua Pekinek kontrolatzen du bere aldeko gehiengoa ziurtatzeko.

Oposizioaren asmoa 35 diputatuak irabaztea zen Hong Kongeko Exekutiboari aurre egiteko. Txinak «probokaziotzat» jo zuen asmoa eta hauteskundeak atzeratu zituen.

Diputatu ohiak, komunikabideak eta abokatu estatubatuar bat

Sarekada polizialak gogor jipoitu du mendebalde-zalea den oposizioko mugimendua, Atxilotutakoen artean parlamentari ohiak daude: James To, Andrew Wan, Lam Cheuk Ting,  Claudia Mo, Leung Kwok-Hung, Gary Fan, Chu Hoi-dick, Au Nok-hin, Alvin Yeung eta Wu Chi-wai, besteak beste.

Ekintzaile gazteak ere eraman dituzte, hauen artean Gwyneth Ho eta Tiffany Yuen kontseilaria.

Atxilotutakoen zerrenda luzean primariak antolatu zituen Benny Tai eta teknologia jarri zuen PORI enpresako zuzendaria den Robert Chung daude.

Giltzaperatuta dagoen Joshua Wong opositore ezagunaren familiaren etxea miatu du Poliziak,  baita ere Stand News, Apple Daily eta Inmediahk komunikabideen egoitzak.

Giza eskubideen aldeko abokatu bulego baten miaketan John Clancey abokatu estatubatuarra atxilotu ditu Hong Kongeko Poliziak.

«Benetako 'laban luzeen' gaua izan da gaurkoa, Hong Kongen demokraziaren aurkako erasorik bortitzena», salatu du Antony Dapiran abokatu eta aitzinako kolonian mugimendu sozialen inguruan adituak.

Human Rights Watch erakundeak Txinan duen ordezkaria den Maya Wangek salatu duenez, «Txinako Gobernuak 2021 urtearen iritsiera Hong Kongeko 50 ekintzaile demokratiko atxilotuz ospatzea erabaki du, hirian geratzen ziren itxura demokratikoaren apurrak suntsituz».

Pekinek Segurtasun Nazionalaren legea inposatu zuenetik  hainbat sarekada izan dira eta oposizioko ekintzaile askok erbestera ihes egin behar izan dute.

Hauetariko batek, Nathan Lawek, Joshua Wongen kidea, «erresistentziaren garra guztiz itzaltzen saiakera» egotzi dio Txinari.

Pekinek planto egin zuen iaz 2019an Hong Kongek bizi izan zuen matxinadaren ostean, 1997an aitzinako kolonia Txinara itzultzeko 50 urteko epea hasi zenetik handiena.

AEBen Gobernu berriaren salaketa  

Antony Blinken AEBetako Gobernu berriaren diplomazia buruak berehala salatu du «eskubide unibertsalak adorearekin defendatzen dutenen aurkako erasoa».

«Biden-Harris Administrazioa Hong Kongeko herriaren alde eta Pekinen demokraziaren errepresioaren kontra egongo da», ziurtatu du Estatu Departamentuaren ordezkaria izango denak.