Euskal Herriko beste bi eremu administratiboetan abenduaren 27an abiatu zen txertaketa kanpaina. Gaur Ipar Euskal Herrian garatuko den kanpaina aurkeztu dute Baionako erietxean.
Osasun azpiegitura hori izanen baita zahar-etxeetako egoiliarrak eta osasun langileak lehenetsiko dituen txertaketa kanpainaren zentro-gunea.
Baionako "Arrayade" egonaldi luzeko zentroaren zaintzapean diren egoiliar bi, Frederic (86 urte) eta Micheline (91 urte) izan dira, hurrenez hurren, txertoa jasotzen lehenak.
Horren ondotik osasun zentro horren arduradun nagusia den Michel Glanesek ere txertoa hartu du. Hedabideen aurrean garatu den ekimen horren bidez «txertoa hartzeko gomendioa» herritar orori zabaldu nahi izan duela nabarmendu du zuzendariak.
Akitania Berriko eskualdean urtarrilaren 4n hasi ziren covid-19 aurre egiteko lehen txertoak jartzen eta plangintza beraren baitan, Baionako ospitalean 50 urte gorako langileak bertan txertatuko dituzte bihartik aurrera.
Hiru euskal lurraldetako osasun langileak deitu dituzte bertan txertoa jartzeko.
Izan ere, txertaketa prozesua azkartze aldera ondoko egunotan Baionako erietxearekin batera beste hainbat kliniketan ere - hala nola Delhay, Belharra, Aguilera, Donibane Lohizuneko Poliklinika eta Hendaiako Itsas Ospitalean- beraien langileak txertatzeko zerbitzu propioak plantan ematea aurreikusten da.
Litekeena da ere ondoko egun edo asteotan bai Donapaleun baita Donibane Garazin ere osasun langileen txertaketa ahalbidetzeko azpiegiturak sortzea.
Momentuz, Baionako erietxean eremu berezia antolatu dute txertaketa dispositiboa jasotzeko.
Ez soilik erietxeetan lan egiten duten langileek, baita independente gisa lan egiten duen profesional orok, bere izena internet bidez eman ondoren, bertara joan daiteke eta adostasun agiria izenpetu ondoren txertoa jasoko du.
«Jendartearen %1 izanik ere covid-19ak eragindako heriotzen %30 metatzen duen egoitzetako populazioa babestea da helburu nagusia», azaldu du Maritxu Blanzaco Osasun Agentziaren departamendu mailako arduradunak.
Hazparne, Donibane Lohizune, Sara eta Baionako hainbat egoitzetan bihar bertan ekinen diote txertaketari. Dagoeneko 600 bat egoliarrek jaso dute Ipar Euskal Herrian txertoa jasotzeko eskaintza. Horietarik erdiak baino ez dio oraingoz txertoa jasotzeko eskaera bete baieztatu du Blanzacok.
Txertaketa kanpaina mantso abiatu bada ere, «bukaeran jasoko ditugun emaitzak baloratzeak interes gehiago izanen duela» uste du Blanzacok.
Arosteguiren proposamena
Hala ea guztiz ere, hinbat hautetsi kezkaturik azaldu dira txertaketa prozesua berandu hasi baita Estatu frantsesean bezala baita Euskal Herrian ere.
Korsikako gobernu abertzaleak, alde batetik, eta Alsazia eskualdeko eskuineko gobernuak, bestetik, Emmanuel Macronen gobernuak erakutsi duen eraginkortasun falta agerian utzi dute.
Biarritzeko alkatea, Maide Arosteguyk, bere aldetik, udal kasinoan txertaketarako zentro azkarra zabaltzeko asmoa azaldu du.
Bere esanetan, Prefetura eta Osasun Agentziaren oniritzia jasoz gero heldu den astetik aurrera prest izan zitekeen azpiegitura berria.
Izan ere Osasun Agentziak ez du begionez hartu Biarritzeko auzapezaren proposamena. Txertaketa kanpainaren lehenengo fase honetan bere proposamena ez dela gauzagarria nabarmendu du.