NAIZ

Sarek antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu dute EH Bilduk eta LABek

Euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko larunbaterako Sarek deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei EH Bilduk, urruntze politika oraindik indarrean dagoela gogoraraziz.

Presoen seme-alaben eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa. (Gorka RUBIO/FOKU)
Presoen seme-alaben eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa. (Gorka RUBIO/FOKU)

Euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko larunbaterako Sarek deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du EH Bilduk ostegun honetan.

Euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko eta salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzeko, mobilizazioak egingo dira, larunbat arratsaldean, Euskal Herriko herri eta hirietan.

«Pandemiak eta horri aurre egiteko ezarritako neurriak behartuta, aurten ezin izango da urtarrileko manifestazio jendetsua egin Bilbon. Horrek ez du esan nahi, ordea, presoen eskubideen aldarria egin gabe geratu behar direnik euskal herritarrak. Aurten ere funtsezkoa da aldarri horiek mundu zabalera hedatzea, oraindik ere euskal preso politikoen eta haien senideen oinarrizko giza eskubideak sistematikoki urratzen direlako», agertu du koalizioak ohar batean.

Urruntze politika oraindik indarrean dagoela gogorarazi du, «nahiz eta azken hilabeteetan aurre pausoak eman diren eta presoen gerturatzeak eman diren». Hala ere, senideengan jarri du arreta EH Bilduk, «asko» baitira presoak bisitatu ahal izateko «ehunka kilometro» egin behar dituztenak, «horietako asko, gainera, umeak».

«Aldi berean, oraindik ere ehundik gora preso lehen graduan gaude oraindik, horrek suposatzen duen eskubide murrizketarekin», nabarmendu du oharrean.

Hala, EH Bilduk jakinarazi du Euskal Herriko hiri eta herrietan presoen eta haien senideen eskubideak aldarrikatzeko Sarek deitutako mobilizazioetan modu aktiboan parte hartuko duela, eta mobilizazioetan parte hartzera dei egin die «bakean eta eta elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan aurrera urratsak egin behar direla uste duten herritarrei».

LAB: «Estatuei dagokie aldarriei bide ematea»

Zentzu berean, LAB sindikatuak ere bat egin du mobilizazioekin. «Euskal Herritik oso garbi hitz egin dugu presoen aferari buruz, mezu garbi bat bidali diegu estatuei, eta eurei dagokie aldarriei bide ematea», adierazi du ohar baten bidez. «Presoak Euskal Herriko espetxeetara ekarri behar dira, gaixo dauden presoak askatu behar dira eta guztiz ankerra den salbuespenezko espetxe politika honekin amaitu behar da». Horretarako, adostasunen beharra nabarmendu du sindikatuak, baina baita mobilizazioa bera ere.

Bide horretan kokatu dute urrian 10 sindikatuk Izan Bidea dinamikaren baitan egindako agerraldia. «Espetxean dauden presoek jasaten duten urruntzeari amaiera emateko premia eta, oro har, espetxe politikan oraindik indarrean dagoen salbuespen egoera gainditu beharraren premia azpimarratu genituen orduan eta orain».