NAIZ

Neurriak zorrozteari bidea ireki dio LABI teknikoak: «Oso kezkagarriak dira datuak»

Inguruko herrialdeak zein autonomi elkarteak egiten ari diren bezala, daitekeena da astelehenean LABIk covid-19ari aurre egiteko neurriak zorroztea. Egungo datuak «oso kezkagarritzat» jo ditu ostiral honetan bildu den LABI teknikoak.

Ertzaintzaren kontrola Zarautz aldean; herrien barruko konfinamendua ezarriko al da berriz? (Andoni CANELLADA | FOKU)
Ertzaintzaren kontrola Zarautz aldean; herrien barruko konfinamendua ezarriko al da berriz? (Andoni CANELLADA | FOKU)

Aste honetan bigarren aldiz bildu dira ostiral honetan EAEko LABI deituriko plana garatzeko arduradun teknikoak. Gabonen osteko datuak arretaz aztertu ondoren, kezka agertu dute. Ez dute murrizketa berriak ezartzeko ezinbestekotasunik adierazi, baina norabide hori markatzen dio bere mezuak astelehean bilduko den LABI politikoari, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela.

Aditu hauek bileraren ondoren jakitera eman dutenez, egungo datuak «oso kezkagarriak dira», batez ere «goranzko joera iraunkorra» islatzen dutelako, abiadura «motelean» bada ere. Diagnosi bera egin zuten astearen hasierako bileran eta geroztik gora jarraitu dute neurketen ondorioek. Atzokoan 535 positibo batu ziren EAEn, 717 Nafarroakoak erantsita.

Duela hilabete, Gabonetan erabili diren murrizketak zehaztu zirenean, urtarrilaren 11rako jarri zuten hitzordua LABI hau osatzen duten agintari politikoek. Orduan neurriak arintzeko aukera aipatzen zuten, baina Euskal Herriaren inguruan gertatzen ari dena ikusita, gogortu beharko direla antzematen da. Ipar Euskal Herrikoa da gertuko adibidea: Frantziar Gobernuak ostegunean baieztatu duenez, ostalaritza ez da hil honen 20an irekitzerik izango, aurretik uste zen bezala, eta zenbait murrizketa luzatu edota estutu egin da.

Europa mailan zein Estatu espainolaren barruan, erakunde askok murrizketak handiagotzen ari dira Gabonak pasa ostean. Batzuk (Londres kasu) martxoan ezarritako konfinamenduaren antzerakoak onartu dituzte, baina aukera hau momentuz behintzat guztiz baztertua da Estatu espainolean. Horren alde ageri diren autonomi elkarteetako agintariei ezetz borobila eman die Salvador Illa ministroak.

Egunero egoera «zalantzazkoa» dela onartu dute LABI teknikoaren kideek. Zehaztapenak LABI politikoaren mahai gainean jarriko dituzte, bai eta egoera bideratu lezaketen neurriak proposatu ere, baina Urkulluk izango du azken hitza.

Orain arteko murrizketa garrantzitsuenak hauetxek dira: ostalaritza 20etan itxi behar du, jende topaketak sei lagunetara mugatuta daude, eta norbera 22etan etxean egoteko beharra dago. Azken hau Estatuko gogorrenetakoa dela ari dira argudiatzen Lakuako ordezkariak: gauzak honela, ez da estutzea espero, baina beste neurriak ezbaian izan daitezke.

Beste ataletan leuntzeren bat izan liteke? Eskola kirola baimentzearen aldeko aldarrikapena zabaltzen ari da (larunbat honetan EAEko hiru hiriburuetan manifestazioak deitu ditu Bultza Kirola ekimenak) eta horren alde ageri da Gipuzkoako Aldundiak ere. Erantzuna, astelehenean.