Guztira 355 dira Vibo Valentia herriko epaitegian akusatuen eserlekura gaur asteazkena eraman dituzten mafiosoak, politikariak eta enpresa-gizonak. Erakunde kriminal bateko kide izatea edo taldearekin kolaboratzea leporatzen diete.
Beste 88 susmagarri hilaren 27tik aurrera epaituko dituzte prozedura laburtuan.
2019an egin zen «Rinascita-Scott» operazioan atxilotu edo auziperatu zituzten guztiak. Italian bertan, Alemanian, Suitzan eta Bulgarian Calabriako klan desberdinak zituen jomugan Nicola Gratteri Catanzaroko fiskalak zuzendu zuen operazioak.
Operazioa ez zuen, ordea, Poliziaren abileziak ahalbidetu. Filippo Gangitanoren kasua funtsezkoa izan zen: bere lehengusuak erail zuen, homosexuala zelako, eta ondoren, haren lekukotasuna izan zen giltza. Mafiako buruzagiek «'Ndranghetak horrelako portaerak ez» dituela onartzen ohartarazi zioten hiltzaileari eta gorpua eraikitzekoa zen errepide batek estaliko zuen tokian lurperatzeko agindu zioten. Lehengusua haserretu egin zen eta bere kideak salatzeko Poliziarengana jotzea erabaki zuen.
Gratteri fiskala bera calabriarra da eta txikitatik gertu-gertutik ezagutu zituen 'Ndrangheta eta bere metodoak.
Palermoko epaiketa gogoan
Calabriako mafiak 8.000 kide inguru ditu bere jaioterrian eta haren adarrak Italiatik at zabaldu dira. Besteak beste, Europan kokainaren negozioa kontrolatzen du.
Epaituko dituztenak askoz gutxiago dira baina Italiako historian mafiaren aurkako bigarren epaiketarik handiena da, 1986an Siziliako Cosa Nostraren aurka Palermon egin zenaren ondotik. Giovanni Falcone eta Paolo Borsellino izan ziren epaileak eta biak atentatutan erail zituen mafiak, mendekuz, 1992an. Aurrekari arriskutsua, beraz.
Bi urte luze iraungo duen prozedurarekin aurrera egiteko epaitegi-bunker bat eraiki behar izan dute Calabriako barnean dagoen Vibo Valentiako industrialde batean, Lamezia Termen.
Izan ere, epaituak izango diren 355 susmagarriez eta abokatuez aparte, 913 lekuko pasako dira mafiaren gehiegikeriak eta delituak salatzeko, tartean «ixiltasunaren legea» («Omertà») hautsi duten 58 mafioso-ohi. Gainera, epaiketa ikusten ehunka pertsona egongo dira.
Mancuso klana
Epaitutakoen erdi-erdian «Ndrina» edo Mancuso klana dago, ikertzaileen ustez 'Ndranghetaren familien artean boteretsuenetarikoa eta eraginkorrenetarikoa.
Patriarka, Luigi Mancuso, lehen aldiz epaitua izan zen 80 hamarkadan eta hogei urte kartzelan eman ondoren 2012an aske utzi zuten.
Aurreko audientzia batean hiru ordu behar izan zuten akusatu guztien izenak irakurtzeko eta identifikatzeko, tartean Mancuso eta bere familiarenak baina baita ere Hollywood film bateko pertsonaien ezizenak izan zitezkeenak: «Otsoa», «Ahuntz txikia», «Ilehoritxoa», «Potolotxoa»...
Hasieran epaiketa Italiako beste herrialde baten egitea pentsatu zuten agintariek baina azkenik Calabrian bertan, Italiako botaren puntan, egitea erabaki dute, Alfonso Bonafede Justizia ministroaren hitzetan «Estatuaren presentzia nabarmentzeko» urrutiko herrialde txiroenean eta ahaztuan.
Egun, 'Ndrangheta Italiako mafiarik boteretsuena da eta mundu osoan aberatsenetarikoa da. Gratteri fiskalak kanpoko prentsaren aurrean egin zuen agerraldian zenbatu duenez, urtero 50.000 milioi euro fakturatzen ditu.
Zeharkatu ezin diren Calabriako mendietan babestua, eta San Luca herrian gotortuta, urte askotan txikiagotu egin izan da hasieran bere lurraldera mugatzen zen erakunde mafiosoaren eragina.
Hala ere, denborak aurrera egin ahala 'Ndrangheta hazi eta mundu osoan zabaldu zituen adarrak, zorizko jokoari, lizitazio publikoei eta batez ere Latinoamerikatik Gioia Tauro Calabriako portura iristen den droga negozioari esker.
Politikari eta enpresa-gizonak
Mafiako kideak ez ezik erakundeari hazten lagundu zioten politikariak eta enpresa-gizonak epaitu eta zigortu nahi dituzte agintariek. Akusatuen eserlekuan daude, besteak beste, Giancarlo Pittelli, abokatua eta Silvio Berlusconiren Forza Italiako parlamentari ohia eta Nicoterako alkate ohia, Mario Lo Riggio.
Oxford Unibertsitatean Kriminologia erakusten duen Federico Varesen ustez, Palermoko epaiketa baino txikiagoa baldin bada, bertan epaituak izango diren enpresa-gizonak, politikariak eta funtzionarioak kontutan hartuta, 1986koarekin guztiz alderatu daiteke.
«Horrek agerian uzten du gizartearen zati baten konplizitatea. Erabat errotuta dago 'Ndrangheta calabriarren artean», gaineratzen du adituak.
Gratteri fiskalak bizkarzainekin bizi behar du azken hamarkadetan baina gaur hasten den epaiketa historikoari begira bere lana uzteko asmorik sekula ez duela izan ziurtatu du. Akusatuen eserlekuan dauden askorekin futbolean egiten zuen gaztetan.
Egun 62 urte ditu eta ez omen du futbolean jolasteko asmorik, bizirik irauteko bai, ordea, Falcone eta Borsellino epaileek izan ez zuten aukera.
Izan ere, Federico Varese adituak ohartarazten duenez, epaiketak zigor handiekin amaitzen badu ere, 'Ndrangheta ez da desagertuko. «Mafiosoak kartzelan giltzaperatu ditzakegu baina mafia sortzea ahalbideratu zuten arrazoiak errotik mozten ez badugu egiten, erreproduzitu egingo dira».