NAIZ

Erlojua presoen auziaren konponbidearen aurka doala ohartarazi du Foro Sozialak

Euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbiderako lan ildoaren egoera baloratu du Foro Sozial Iraunkorrak, eta jendartearen aktibazioa areagotzeko deia egin du adostasunezko espazioak bilatzeko. Erlojua presoen auziaren konponbidearen aurka doala gogoratu du.

Foro Sozial Iraunkorraren prentsaurreko baten artxiboko argazkia. (Aritz LOIOLA/FOKU).
Foro Sozial Iraunkorraren prentsaurreko baten artxiboko argazkia. (Aritz LOIOLA/FOKU).

Ostegun honetan Foro Sozialaren Batzorde Iraunkorra bildu zen, eta presoen, iheslarien eta deportatuen auziaren konponbiderako lan ildoaren egoera baloratu zuen, bai gizarte zibilaren inplikazioari dagokionez, bai akordio politiko eta sindikalen esparruan.

Izan ere, joan den urtarrilaren 4an Foro Sozialak adierazi zuen «egingarritzat eta arrazoizkotzat» jotzen zuela presoen auzia 2021-22ean konponbideko bigarren fasean sartzea.

Foro Sozialaren arabera, eragile guztiek ulertu dute aukera hau «aprobetxatu» behar dela. Testuinguru politikoa «hobea» dela adierazi duen arren, ez dela «erlaxatu» behar azpimarratu du, «erlojua konponbidearen kontra doalako eta denborak tasatuta daudelako».

Gai honen konponbidearen alde dauden indar guztiak «aktibatzeko» beharra azpimarratu du. «Alde horretatik, beharrezkoa da eragile politiko eta sindikal guztien artean adostasun espazio berriak bilatzea dagoeneko dauden adostasun horiek gauzatu ahal izateko, ondo zehaztutako bi funtziorekin: espainiar Gobernuaren aurrean palanka lana egiteko; eta espainiar Gobernuari berari laguntzea, arazo hori konpondu nahi ez duten sektoreen aurrean», azaldu du Foro Sozialak Iraunkorrak ohar batean.

Horregatik, «positiboki» baloratzen du gai horrek gizarte zibilaren agendan eta agenda mediatikoan leku «garrantzitsua» izaten jarraitzea. Adibide gisa, urtarrilaren 9an Euskal Herriko 238 herritan egin ziren mobilizazioak jarri ditu.

Ildo horretatik, nabarmendu du Sare, Etxerat, Bake Artisauak-Bake Bidea eta sindikatuek gai hori gizartearen agendan eta mobilizazio agendan «mantentzeko egiten duten lan izugarria, baita gaur egungoa bezalako testuinguruan ere».

«Adostasun zabalen garrantzia»

Foro Sozialak euskal preso eta iheslarien gaiak lortu duen «adostasun zabala» nabarmendu du, eta bost puntu nagusi identifikatu ditu gaur egun finkatutako adostasunak ezaugarritzeko: «Egungo salbuespen fasea gainditu beharra, araudi arruntaren aplikazioa orokortuz; eta garai politiko berriarekin bat datozen araudi berrietan aurrera egin beharra; helmugako espetxeek presoen familia eta gizarte errotzea bermatu behar dute, eta hori soilik EAEko eta Nafarroako espetxeetan bermatzen da; banakako ibilbideek presoen erabateko birgizarteratzea ahalik eta azkarren bermatu behar dute: presoen auzia alderdien arteko eztabaida politikotik atera behar da; presoen auzia konpontzea ekarpen bat eta aktibo bat izango litzateke bizikidetza demokratikorako bidean aurrera egiteko».

Adostasun horiek eraikitzea «hari fin, zuhur eta diskretuz egindako ehun-lan baten emaitza izan dela» nabarmedu du Foro Sozialak: «Zailtasunak zailtasun, topagune hauek konfiantza esparruak sortu dituzte, eta eragileak bereizten dituenaren aurrean batzen dituenari balioa ematen diote».

Azkenik, Foro Sozialak «konponbiderako premiazko agendan» 2018an definitutako esparruak gogoratu ditu: preso gaixoak eta 70 urtetik gorakoak aske geratzea; presoak euskal kartzeletara hurbiltzea; lehen gradutik bigarrenera igarotzea; Frantzian betetako zigorren metaketa; eta espetxe-eskumenen transferentziak.