NAIZ

Athletic finalerako prest: anbizioa lepo, atzaparrak zorroztuta eta gose

Bartzelonaren eta Real Madrilen aurka maila ikusgarria eman zuten gure zuri-gorri eta txuri-urdinek. Euskal futbola indartsu eta oso lehiakor munduratu duen Superkopako finala gaur da. Messiren zalantza duen Barça gaztetua eta Athletic bizkortu eta berrindartua aurrez aurre.

Partida bikaina jokatu zuten bizkaitarrek finalerditan. (Jorge GUERRERO / AFP)
Partida bikaina jokatu zuten bizkaitarrek finalerditan. (Jorge GUERRERO / AFP)

Euskal taldeentzat, liga bezalako lehiaketa luze batean ez bezala, Superkopa txapeldun izateko bide ireki eta egingarria da. 1980ko hamarkada mitiko hartan Realak (1982) eta Athleticek (1984) irabazi zuten, eta zuri-gorriek, duela bost urte, Messiren Bartzelonari, gainera, berriz irabazi zioten. Gaur du euskal futbolak, Athleticen eskutik, beste egun handi bat bizitzeko aukera, euskaldunen artean zoriontasun eztanda bat lehertzekoa.

Horretarako, Real Madrilen aurka erakutsi zuten futbola, talde lana eta anbizioa, sufritzeko eta sufriarazteko gaitasuna erakutsi beharko ditu berriz. Aurrean duen taldeak, finaletara ohitua egoteaz eta futbol ona egiteko gai izateaz gain, munduko futbolari hoberena duelako. Ekipoaren berrikuntza betean eta klub mailan ur nahasietan den Bartzelonak ez dizkio erraz jarriko gauzak. Baina partida jokatzen hasi baino lehen hori bazekien Athleticek, eta horrek ez du bere ideiatik aldenduko.

Sufritu eta sufriarazi

Partidaren aurrean Athleticeko jokalariek esandako hitzetan hori nabarmentzen baitzen: ideia garbi bat landu, bi areatan efikaz izan eta min eman, eta partida luzea eta gogorra proposatu. Marcelinoren taldeak hori egiteko gai dela erakutsi zuen Zidanen taldearen kontra; berdin egiteko, edo egindakoa hobetzeko, gai direla erakutsi beharko dute Koemanen taldearen kontra gaur. Atzo Aduriz bezalako beteranoen bisita jaso zuen taldeak, herri oso baten arnasa duen ekipoak; konfiantza erakutsi eta irabaztea aldarrikatzen du, konplexu barik. Partida ederra izan daitekeela aurreratuz.

Publikorik gabeko futbol arraro eta arrotz samar honek gau handia du gaur Sevillan. Athletic eta Bartzelona, berriz ere, beste behin ere, final batean. Athleticek hamar jokatu ditu azken hamarkadan; Barçak, kontaezin. Bartzelonan trofeo txikia deitzen diote, baina euskaldunon eskalan eta gure futbolaren mailarako titulu handia da. Superkopa irabaztea oso handia litzatekeelako.

Bizkaiko balkoiak zuri-gorriz apainduko dira, Euskal Herriko beste etxe askotakoak ere bai. Atzaparrak zorroztuta dator Athletic. Atzaparrak zorrotz dituenak, moztu dezala. Zorte on.

«Messik jokatuko du?», finala baldintzatzen duen galdera

Begirada guztiak Messiri begira daude. Finala jokatuko duen ala ez ikuskizun dago. Baina badirudi pauso bat eman duela aurrera eta gaurko partidan egon daitekeela. Atzo taldekideekin entrenatu zen eta gaur goizeko entrenamenduan probatuko du bere burua. Bizi dituen sentsazioen arabera, berak erabakiko du. Granadaren kontrako partidan ziztada sentitu zuen izterrean eta Realaren kontrako finalerdietan ez zuen jokatzerik izan. Hiru egun geroago, finalaren egun handian, hor segitzen du galderak, zabalik. Ronald Koeman bere entrenatzaileak atzo hau esan zuen: «Jokatuko duen esperantza badut, baina azken hitza Leo-rena izango da».

Ikusiko da jokatzeko dagoen, eta badago, partida hasieratik egingo duen edo aulkian gorde eta bigarren zatian zelairatuko duten. Aukera bat da, zeren Messik finala jokatzen badu, arrisku handia da Barçarentzat. Hilabete eskas batean denboraldi osoa markatuko duen PSGren kontrako Championseko kanporaketa dago eta Messi berriz erortzea hilgarria izan daiteke klubarentzat.

Messik Athletici gol gogoangarriak sartu dizkio finaletan. Hobe Athleticentzat jokatuko ez balu. Aukera gehiago. Finalak, baina, Messi gabe galdu egingo du.