NAIZ

Murrizketa berriak «ezkutuko itxiera» direla salatu dute Nafarroako ostalariek

Koronabirus kasuen hedapena gelditzeko Nafarroako Gobernuak hartutako neurri berriek ostalaritzaren «ezkutuko itxiera» suposatzen dutela salatu dute ostalariek, eta diru-laguntza handiagoa eskatu dute.

Taberna bat Iruñean. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Taberna bat Iruñean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Nafarroako SOStalaritza plataformak bere desadostasuna erakutsi du Nafarroako Gobernuak sektorean hartutako neurri berriekin.

Azken asteotan Nafarroak bizi duen koronabirus kasuen hedapenaren ostean, Gobernuak neurri murriztaile berriak iragarri zituen atzo, eta larunbat honetatik otsailaren 7ra arte egongo dira indarrean. Besteak beste, ostalaritzako lokalen barrualdea itxita geratuko da.

Era berean, Chiviteren Gobernuak ostalaritza sektoreari hamar milioi euroko laguntza ekonomikoa emango diola iragarri zuen.

Hala ere, Nafarroako SOStalaritza plataformak adierazi du ezarritako murrizketa berriak «ezkutuko itxierak» direla.

«Faktore sanitarioen babesean, sektore hori sakrifikagarria dela erabaki dute, eta gauzatzen ari dira. Gezurretan ari dira eta Eguberrietako malgutasunaren ondorioak ordaintzen ditugunok gu gara. Arrazoi ekonomikoengatik baino ez da», diote ostalariek.

Plataformak beste herrialde batzuetan ematen ari diren ostalaritzako laguntzei erreparatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari; Alemanian, esaterako, 2019an fakturatutakoaren %75era iristen dira.

«Badakite kutsatutakoen %70-80 familian daudela eta %20-30 gainerako eremuetan, baina ostalaritza baino ez dute ixten. Aski da gezurrekin! Nahikoa da! Ostalaritza ez da erruduna!», aldarrikatu dute ostalariek.