«Erabaki gogorra» hartu behar izan zuten Seaskako antolatzaileek iaz, covid-19aren pandemiak Herri Urratseko 37. edizioa bertan behera uztera behartu baitzituen antolatzaileak. «Aurten nolako Herri Urrats aurreikusten ahal dugun, ez dakigu», aitortzen dute Seaskako ordezkariek, baina «ahal den neurrian, baimendua izanen denaren arabera, maiatzaren 9an Herri Urrats ospatuko» dela ziurtatzen dute.
Edonola ere, aurtengo lema, abestia eta helburua jada ezarriak dira. «Boga» da lema, «arraunean bezala, Herri Urrats elkartea, ikastolak eta Seaska, elkarlanari esker aintzina baitoaz», argitu dute koordinatzaileek. Abestia, Zuberoako Xiberoots musika taldeak sortu eta grabatuko du otsailean. Eta artean, bosgarren kolegioa eraikitzeko behar duten dirua eskuratzeko «boga kanpaina» abiatu dute.
Kolegioentzako dirua
Iaz Herri Urrats egin balitz, eskuratutako dirua Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan inbertituko lukete, eta aurten oraindik kolegioetan inbertitzen jarraitzeko beharra azpimarratu dute Herri Urratseko antolatzaileek eta Seaskako ordezkariek Kanbon eskaini duten prentsaurrekoan.
Beñat Bidegain, Emilie Negelua, Ihintza Bidart eta Peio Jorajuriak egungo testuinguruan dituzten erronken berri eman dute. Azaldu dutenez, orokorrean ikasle kopurua urtero behera doan arren, ikastolen kasuan mantendu egiten da, ordea «bigarren mailan aitzineko urteetako uholdearekin segituko» dutela aurreikusten dute, «lizeoan eta bereziki kolegioetan». Ondorioz, «bigaren mailetako ikasle uholde horri buru egiteko, 5. kolegio baten sortzeko lanetan» ari direla azaldu du Peio Jorajuriak.
Seaskako lehendakariak iazko irailetik kolegioetan mila ikasleren langa gainditua dela oroitarazi du eta datozen bost urteetan kolegioetako ikasleen kopurua %30 igoko dela aurreratu du. «Bosgarren kolegioa behar dugu lehenbailehen, Azkaine eta Senpere inguruan edo barnealdean, Hazparneko eskualdean», adierazi du Jorajuriak.
Kolegio berria non kokatuko den esateko goizegi dela ohartarazi duen arren, jada «pista konkretuak» badituztela eta «ikerketa fase teknikoan» direla azaldu du Jorajuriak, eta zera gaineratu du; «Espero dugu maiatzaren 9an argitara eman ahal izango dugula kolegio berria non izango den».
Boga kanpaina
«Lelo horrekin, Herri Urrats ekimena eta arraun kirola parekatu nahi izan ditugu», adierazi du Emilia Negeluak. Iazkoak, Seaskarentzat «ondorio larriak» izan zituela eta «egunotan entzuten diren albisteak baikorrak ez direla» aitortu duten arren, Herri Urratseko antolatzaileek ilusioz eutsi nahi diote erronka berriari. «Badator ekaitz ondoko barea!», nabarmendu du Negeluak.
Euskaltzale bakoitzak bere arraunari tira eginez, «denak elkarrekin, denak zentzu berean, helburu berdinarekin» ontzia bultzatzeko aukera ere eskaini dute. Horrela, «Boga Kanpaina» abiarazi dute. Haien esanetan, «kolegio berriaren teila, ate, leiho edo igogailu baten babesle bilakatzera deitu nahi ditugu denak».
Gauzak honela, kolegioa berria eraikitzen lagundu nahi duen orok teila bat (20 euro), leiho bat (30 euro), ate bat (50 euro), berogailu bat (100 euro) eta beste hainbat atal erosteko aukera izango du boga.herriurrats.eus atariaren bitartez.Gutxienez 300.000 euro biltzeko helburua ezarri dute.
Amaitzeko, ikastoletako guraso, irakasle, langile eta ikasle guztiak zoriondu eta txalotu nahi izan ditu Peio Jorajuriak, «egoera berri eta sinestezin honen aitzinean erakutsi duten jarreragatik».