NAIZ

Eskubaloiko Ohorezko Mailako taldeek covid testak egin beharko dituzte partiden aurretik

Super Amara Bera Bera eta Zubileta Evolution Zuazoko jokalari eta teknikoek covid-19 antzemateko testak egingo dituzte lehiaketa ofizileko partidak jokatu aurretik, Espainiako Eskubaloi Federazioko Konpetizio Batzordeak aginduta.

Bera Bera eta Zuazoko jokalariak, denboraldi honetako derbian. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Bera Bera eta Zuazoko jokalariak, denboraldi honetako derbian. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Urtarrilaren 26an Guerreras Iberdrola Ligako klubek eta Espainiako Federazioak telematikoki egindako bileran covid-19aren inguruan hartutako neurrietan urrats bat egitea erabaki zuten. Jokalariak ere kezkati agertu ziren eta kontrolak areagotzea eskatu zuten.

Gauzak hala, Espainiako Eskubaloi Federazioko Konpetizio Batzordeak, klubekin bilerak mantendu ondoren, neurri berriak finkatu ditu Ohorezko Mailako partiden aurretik egiteko, beti ere covid-19 ekiditeko.

Ondorioz, «covid-19 antzemateko testa derrigorrezkoa izango da partida jokatu behar duten taldeetako kide guztiek». Frogak «norgehiagoka jokatu aurretik 72 eta 24 ordu bitartean egin beharko dira» eta antigeno edo PCR testak onartuko dira.

Derrigortasuna asteburu honetan indarrean sartuko da. Super Amara Bera Berak ez du hamargarren jardunaldia ezarrita zegoen egunean jokatuko Lanzarote Puerto del Carmen taldean positiboak ageri zirelako eta konfinaturik daudelako. Ondorioz, otsailaren 13an Malagan jokatuko den partidara joan aurretik egingo ditu testak.

Zubileta Evolution Zuazo taldea, aldiz, konfinatuta dago hamar positibo antzeman ondoren –berez asteazken honetan amaitzen dute konfinamendua–. Honek Atletico Guardesen kontra jokatu beharreko Kopako kanporaketako bi partidak bertan behera utzi zituen. Beraz, bizkaitarrak ere ez dira asteburuan arituko eta hurrengo partidarako egingo dituzte testak.

Frogak egin ostean, klubek Espainiako Federazioko Konpetizio Departamentura txosten medikua bidaliko beharko dute, non test kopurua, data eta emaitzen berri zehaztuko diren datu pertsonalak izan ezik.

Bera Berarentzat ez da gai arrotza. Izan ere, prozedura European Leagueko antzekoa delako. HC Zvezdaren aurkako kanporaketan Bera Berak Gaskan jokatu aurretik test antigenoak egin zituen eta emaitzak EHFri igorri. Errusiara bidaiatu ahal izateko PCRak egin behar izan zituen. Federazioak, orain arte, irailaren hasieran Malagako Kopa jokatu aurretik PCRak eskatu zituen eta Superkopa bezperan, antigeno froga. Barne protokoloari erreparatuta, bai Bera Berak eta bai Zuazok Gabon ostean entrenatzen hasi aurretik antigeno testak egin zituzten.