NAIZ

‘Zenbat dakizu Donostiari buruz?’ lehiaketa, bertako kultur baliabideak sustatzeko

Mugikortasuneko murrizketen aurrean, Donostia Turismoak tokiko espazio kulturalak babesteko eta bultzatzeko ekimena jarri du abian, Donostialdeko museo nagusiekin elkarlanean. Lehiaketa bat izango da eta, irabazleen artean, museoen sarrerak eta Londres hotelean egonaldi bat zozketatuko dira.

Donostialdeko museoen ordezkariek aurkeztu dute lehiaketa hau. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Donostialdeko museoen ordezkariek aurkeztu dute lehiaketa hau. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Asko dira bidaiatzen dutenean museoak bisitatzen dituztenak, baina beren hiriko museoak, askotan, ez dituzte ezagutzen. Oinarri horretatik abiatuta, Donostia Turismoak ‘Zenbat dakizu Donostiari buruz?’ ekimena jarri du abian inguruko museoekin elkarlanean. Zehazki, parte hartuko dutenak San Telmo Museoa, Eureka! Zientzia Museoa, Aquariuma, Chillida Leku, Euskal Itsas Museoa, Albaola eta Cristóbal Balenciaga Museoa izango dira.

Test motako hamabost galdera prestatu dira eta ezagutza kulturalak egiaztatzea, hiriari, museoei eta inguruari buruzko informazio historikoa eta bitxikeriak eskaintzea, eta parte-hartzaileak Donostialdeko kulturguneak bisitatzera animatzea izango du helburu.

Lehiaketa, batez ere, Donostiako eta inguruko hartzaileei zuzenduta egongo da, baina lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) egongo da eskuragarri eta munduko edozein txokotatik parte hartu ahal izango da. Hala, orain bidaiatu ezin duten guztiek gure kulturari buruz gehiago ikasi eta Donostialdeko kulturguneak bisitatu ahal izango dituzte etorkizun laburrean.

Donostialdeko museo nagusiek lankidetzan jardungo dute lehiaketa honetan eta otsailaren 3tik 24ra parte hartu ahal izango da www.sansebastianturismoa.eus webgunetik edo propio egindako estekatik. Ekimena Donostia Turismoaren sare sozialetako kanal guztietatik hedatuko da eta erantzun zuzen gehien ematen dituzten pertsonen artean museo laguntzaileak bisitatu ahal izateko 70 sarrera baino gehiago zozkatuko dira: San Telmo Museoa, Eureka! Zientzia Museoa, Aquariuma, Chillida Leku, Euskal Itsas Museoa, Albaola eta Cristóbal Balenciaga Museoa.

Gainera, Hotel de Londres e Inglaterra hotelean, Donostiako historiaren lekukoa eta hiriko toki enblematikoenetako bat denean, itsasora begira dagoen logela bikoitzean gaua eta bi lagunentzako gosaria ere zozkatuko dira.

Testa Donostia Turismoaren webgunean ikusgai geratuko da otsailaren 24tik aurrera, baina lehiaketaren data amaitu ondoren, saririk gabe, nahi dutenek Donostiako kulturari buruz ikasten jarrai dezaten. Gainera, arrakasta badu, galdetegi berriak sortuko ditugu modu atsegin eta dibertigarrian Donostiari, bertako kulturari, gastronomiari, kirolari, baliabide naturalei, tradizioei eta abarrei buruz intereseko datuak eskaintzen jarraitzeko.