Koikili Lertxundik sare sozialen bidez iragarri du Euskadiko Futbol Federazioko presidentea izateko hautagaitza aurkezteko asmoa eta Javier Landetak prentsa ohar bat bidali du komunikabideetara.
Orain dela aste pare bat aurreratu zuen bezala, Bidean Team izena izango du Koikili buru izango duen hautagaitzak. Futbol arloan ibilitako jendearekin osatu du eta euskal selekzioaren ofizialtasuna bultzatzeaz gain, euskara eta berdintasuna bultzatzea dira bere helburu nagusiak. Datozen egunetan zehaztazun gehiago emango dituela azaldu du futbolari ohiak.
Bestalde, Landetak hautagaitzaren parte izango diren bi izen aurreratu ditu. Leioako presidentearekin batera Jon Larrea aurkeztuko da lehendakari ordea izateko. Leioarekin batera Bigarren B mailan lehiatzen den Amorebieta taldeko presidentea da. Une honetan gainera, multzoko lehen postuan daude. Durangoko Mugarrazpi taldeko presidentea den Carlos Gomez izango da diruzaina izateko proposaturiko hautagaia.
Landetak ere hurrengo egunetan aurkeztuko du hautagaitza eta programa. ‘Denon taldea’ da lelo nagusia eta oharrean aurreratzen duenez, euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko pausu sendoak emateko prest agertzen da. Aldi berean, talde lanean oinarrituz euskal futbola defendatzeko eta indartzeko asmoa dute.
Joan den abenduan, kargua utziko duen Luis Mari Elustondo presidenteak UEFAko eta FIFAko kide izateko eskaria egin zuen eta Euskadiko Futbol Federazioko zuzendaritza berriak gai hori kudeatu beharko du. Espainiako federazioak emandako lehen erantzunean ezineskoa dela esan zuen.
125 kidek osatutako batzarrak erabakiko du
Datozen egunetan hauteskunde batzordeak zerrendak aztertuko ditu eta aurrera egiten badute hauteskundeak izango dira martxoaren 1ean. Euskadiko Futbol Federazioa osatzen duten 125 kideek bozkatu ahal izango dute. Horietatik 84 futbol taldeak dira -Leioa eta Amorebieta klubak adibidez bertan daude- eta 8 areto futbolekoak. Jokalarien ordezkariei dagokionez 13 futboletik datoz eta 1 areto futboletik. Beste 9 kide berriz, epaileen estamentuaren ordezkariak dira eta beste 10 entrenatzaileen ordezkariak.
Herrialdeen banaketari dagokionez, 71 kide Bizkaitik doaz, 34 Gipuzkoatik eta 20 Arabatik.