Aste luzez espero zena gauzatu da azkenik ostiral honetan: aske da Antton Troitiño donostiarra, espetxean 30 urte baino gehiago eginda, azken hamar hilabeteak gutxienez eritasun larria jasaten. Kimioterapia hartzeari uko egin behar izan dio azkeneko aste hauetan, espetxetik erietxerako joan-etorriak jasanezinak zirelako.
Jakina denez, urtarrilean, bere defentsak aske uztea eskatu eta hiru hilabete geroago hain zuzen ere, hirugarren gradua eman zion Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegiak. Hori gauzatzear zela, ordea, beste prozedura bat abiatu zuen Estremerako espetxeko Tratamendu Batzordeak, baldintzapeko askatasunarena. Eta honek luzatu du berriz kartzelaldia, osasun egoerari erreparatu gabe.
Azkenik, bi prozeduretan epe guztiak agortu ostean, fiskalak ez du kontrako iritzirik eman eta ondorioz etxerako bidean da Troitiño.
Gorabehera hauek gertatzen ziren bitartean, gaixotasunaren lehen sintomak 2020ko apirilean sentitu zituela jakinarazi du Etxeratek. Irailera arte ez zutela artatu gaitzetsi du.
(Troitiño askatzearen alde Donostian eginiko manifestazioa. Jon URBE | FOKU)
2011 urtean amaitu zuen zigorra
Guztira 30 urte baino gehiago eman ditu preso Antton Troitiñok. Bere aurkako jazarpena ez zen amaitu kondena bukatzerakoan. 2011. urtean gertatu zen hau, Huelvan, espetxean 24 urte baino gehiago beteta, baina hurrengo egunetan zenbait hedabide espainiarretan eskandalu gisa aurkeztu zuten erabakia, Intxaurrondoko etxera kazetariak bidaltzera iritsiz, eta ondorioz Euskal Herritik joatea erabaki zuen. Honela gogoratzen zuten gertatutakoa Marrubi Troitiño alabak eta Mattin Troitiño ilobak, GARAri emandako elkarrizketa batean.
Hortik gutxira berriro kartzelaratzeko agindua eman zuen espainiar auzitegi bereziak. Ehiza moduko bat abiatu zen hor eta azkenean Londresen atxilotu zuten Troitiño, bai eta inputazio berria osatu ere: «berriro ETA erakundean sartu izana». Jakina da ordurako (2012ko ekainean) ETAk borroka armatua behin betirako utzia zuela. Hala ere, erakundearen zerbitzura jarri izana egotzi zion Auzitegi Nazionalak, estradizio prozesu luze bat abiatuz, zeinean donostiarra batzuetan aske eta beste batzuetan preso egon zen. Segurtasun handiko espetxe den Belmarshen izan zuten.
2017. urtean britainiar auzitegiek ontzat eman zuten Espainiaratzea eta geroztiz espainiar kartzeletan egon da Antton Troitiño. Ia sei urteko zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, berez inolako ekintzarik ez zuela egin ontzat emanda baina berriro «ETAren zerbitzura» egotea leporatuta. Madrilgo Estremera espetxean egon da orain arte.
Kartzelan eman dituen denbora tarte guztiak bilduta, 30 urte baino gehiago izan dute giltzapean. Luzeena, 1987tik (‘Madril komando’ko kidea izateagatik atxilotu zuten) 2011. urtera arte.
Presoen bizi baldintza duinak aldarrikatu ditu Etxeratek
Etxeratek, ohar baten bidez, «besarkadarik estuena» helarazi nahi izan die bai Troitiñori, baita senide eta gertukoei ere. «Troitiñoren osasun egoera nabari okertu da aurreko asteetan. Estremerako espetxetik ospitalera lau aldiz eraman zuten kimioa jasotzeko, ondoren espetxera itzularaziz. Baldintza desegoki eta gogorretan zegoen presoa. Espero dezagun bere gaitza duintasunez eta bermez tratatuko dutela hemendik aurrera, bere senideengandik hurbil», adierazi du euskal presoen senideen elkarteak.
Preso donostiarrak azken asteetan «espainiar Auzitegi Nazionalaren labirinto burokratikoaren ondorioak» pairatu dituela nabarmendu dute, kartzelaldia luzatuz. «Berriro diogu salbuespenezko espetxe politikaren amaierak, urruntzea erabat desaktibatzeaz eta euskal presoen kasuan salbuespenezko beste neurri batzuez gain, presoen bizi baldintzak duinak izateko eboluzionatu behar du. Ezin dugu alde batera utzi kondena luzeek, lehen aipatu dugun asistentzia gabeziarekin batera, osasuna azkar hondatzea eragiten dutela», azpimarratu du Etxeratek.
Hori dela-eta, espainiar eta frantziar gobernuei gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 17 euskal presoen «berehalako askatasuna» eskatu diete, «baita 65 urtetik gorakoena ere, preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzen dituzten bitartean».