Badira bi aste eskas Izpegin eta Lizuniagan eginiko elkarretaratzen ondotik, otsailaren 6rako manifestazio bat prestatu du herritar talde batek mugen hestea eta «indar okupatzaileen» kontra larunbat honetan Baigorrin. Mobilizazioa 15.30ean abiatuko da elizako plazatik.
Urtarrilaren 14az geroztik, Pirinio Atlantikoetako prefekturak agindurik, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko zortzi pasabide hetsiak daude, horien artean Baigorri eta Erratzu lotzen dituen Izpegiko lepoa.
Erabaki «zentralista eta autoritario» horrek herritar anitzen bizitza soziala, familiarra eta profesionalari traba egiten diola uste dute mobilizazioaren antolatzaileek.
Horrez gain, pasabideen hesteak etorkinen egoera kaltetzen duela uste dute. «Jadanik dituzten bizi baldintza zaurgarriak handituz eta haien bidaia oino lanjerosagoa bilakaraziz», nabarmendu dute deitzaileek agiri baten bidez.
Militarizazioa salatu du herritar taldeak. Zehaztu duenez, «lehen konfinamenduan, Polizia eta militarren presentzia azkarki senditu ginuen, baina bigarren koninamendua hasi denez geroztik kontrolak azkartu dira eta berriz ere jendarme gehiago etorri dira gure eskualdera».
Hain zuzen, urte hasieratik 60 bat militar Baigorrin instalatu dira, «arrazoirik eman gabe». Horrek, haien erranetan, «okupazio giro bat» sortu du herrian.
Deialdia Lizarrietan
Joan zen urtarrilaren 16an lehenengo mobilizazio bat antolatu zutenetik, zehazki Santiago zubian, mugen hestearen kontrako elkarretaratzeak biderkatuz joan dira.
Hendaian eta Irun arteko zubian bezala, Izpegin eta Lizuniagan pasabideak berriz irekitzea eta herritarren eskubideak errespetatzea aldarrikatu dute azken aste hauetan.
Ildo beretik, «Euskal Herrian mugarik EZ!» lemapean, Hego Lapurdiko EH Baik eta Baztan-Bidasoako EH Bildu taldeek elkarretaratzea antolatu dute otsailaren 14rako, 12.00etan Lizarrietan. 12.30ean ekitaldia eginen dute Sara eta Etxalar herriak lotzen dituen lepoan.