NAIZ
DONOSTIA

EAEko Auzitegiaren erabakia edozein izanda ere «kalte-ordainak» eskatu dituzte ostalariek

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bihar erabakiko du tabernak eta jatetxeak berriro ireki daitezkeen. Horren aurrean, SOS Ostalaritzak adierazi du erabakia «edozein izanda ere» «baldintzak eta kalte-ordainak» aztertu beharko direla.

Eneko Goiari emandako hitza betetzeko eskatu diote Donostiako ostalariek gaur goizean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Eneko Goiari emandako hitza betetzeko eskatu diote Donostiako ostalariek gaur goizean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

SOS Ostalaritza elkarteak ohartarazi duenez, nahiz eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bihar sektorea berriro irekitzearen alde egin, «egoera ez da hainbeste aldatuko», jarduerara itzultzeko «baldintzak eta kalte-ordainak» aztertu beharko direlako.

SOS Ostalarizak elkarretaratzea egin du astelehen honetan Donostiako Udalaren aurrean, eta «bere hitza betetzeko» eskatu dio, izan ere, 2020ko bigarren hiruhilekoari dagozkion zabor zergak «barkatu» dizkie eta terrazen «zati bat» murriztu du, baina gainerako tasak kobratu egin ditu, Agus Rodriguez bozeramaileak azaldu duenez.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bihar hartuko duen erabakiak «ikusmin handia» sortu du ostalariengan, baina Rodriguezek argi hitz egin du. «Mundu guztiak irtenbide magikoa balitz bezala begiratzen dio biharko egunari, baina epaileek ireki daitekeela erabakitzen badute ere, zein baldintzatan ireki daitekeen ikusi beharko da, eta ez du esan nahi orain arte gertatu dena konponduko denik».

Bozeramaileak esan du ez dakitela zein izango den EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia, baina «ehuneko ehunean lan egin ezin badute» zergak ehuneko ehunean ez kobratzeko eskatu du. Zentzu horretan, Donostiako Udalaren egoitzaren aurrean egindako protestaren helburua «hitza bete dezala» eskatzea dela berretsi du.

2020an, saneamenduko, uretako eta zaborretako zergak kobratu zaizkio ostalaritzari, ehuneko ehunean lan egin izan balitz bezala. Udaleko arduradunek gai hau aztertzeko konpromisoa hartu zuten, baina gaur gaurkoz ez dute berririk eta Donostia da «udal tasak %3 igo dituen euskal hiriburu bakarra», Rodriguezek azaldu duenez.

Azpimarratu duenez, Udalak ez du sektoreari laguntzeko "inolako asmorik", izan ere, udal aurrekontuetan ez da inolako kalte-ordainik jaso, sektoreak eskatzen duena, alegia