NAIZ

«Estereotipoak desegiteko», zurrumurruen aurkako kanpaina jarri dute martxan Gipuzkoan

Zas!, Zurrumurruen Aurkako Euskal Sareak, eta Gipuzkoako Aldundiak «estereotipoak desegiteko eta kultura aniztasunaren potentziala argitara emateko» kanpaina berria jarri dute martxan sare sozialetan.

Ion Gambra eta Xabier Aierdi, Zas! kanpainaren aurreko agerraldi batean.
Ion Gambra eta Xabier Aierdi, Zas! kanpainaren aurreko agerraldi batean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zas!, Zurrumurruen Aurkako Euskal Sareak kanpaina berri bat abiarazi dute sare sozialetan, «estereotipoak desegiteko eta kultura aniztasunaren potentziala argitara emateko, gisa horretan euskal gizartean eragin eta bizikidetzarako espazioak sortzeko asmoz»

Ion Gambrak, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren foru zuzendariak, eta Andrea Ruizek eta Xabier Aierdik, ZAS! Zurrumurruen Aurkako Sareko kideek, prentsaurreko batean aurkeztu dituzte kanpainaren edukiak. Azaldu dutenez, sarearen hiru lan-ardatzak (dibulgazioa, diskurtsoa eta prestakuntza) modu erakargarri eta intuitiboago batean plazaratuko dituzte orain, web atari berriaren bidez. «Herritarrek eduki horiek bere egitea» dute jomuga.

‘Usteak, ustel’ sailean, adibidez, hainbat arlotan adituak diren pertsonei egindako 14 elkarrizketa biltzen dira.

Dibulgazio jardunaldiak

Bestalde, zurrumurruen aurkako estrategia sareetatik haratago garatuko dute. 2020an egindako jardueren artean, ZAS!ek solasaldiak egiten jarraitu du, kasu honetan Tolosan, Deban eta Aretxabaletan. Oraingoan, islamofobia hizpide izango dute Maya Amrae eta Eva Maria Gomez Petsicorekin. Era berean, adierazpen askatasuna eta gorroto diskurtsoak jorratuko dituzte Imanol Zubero eta Mikel Mazkiaranekin.

Prestakuntzari dagokionez, sarea akordio batera iritsi da Tokikom euskarazko tokiko hedabide sarearekin eta bi mintegi egin ditu, komunikabideen alorreko hamahiru profesional trebatu asmoz datuen testuinguruaren eta informazio tratamenduaren inguruan. «Elementu horiek ezinbestekoak dira gizartearen irudikapen estereotipatuetan ez erortzeko».

Aldundia: «Desberdintasunei muga jartzea»

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta ZAS!en arteko lankidetza «desberdintasunei muga jartzeko» konpromisoan eta horiek «pandemiaren ondorioz ez hazteko ahalegin bateratuan» kokatu du Gambrak. Giza Eskubideen zuzendariak nabarmendu duenez, Gipuzkoako gizartea «irekia, solidarioa eta aniztasunarekiko errespetuzkoa» da.

Era berean, herritarrek zeregin horretan duten rola azpimarratu du. Izan ere, bere ustez, «gizarte kohesionatu, kritiko eta ahaldundu bat» da estereotipoei eta zurrumurru faltsuei aurre egiteko «txertorik onena».