Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Disney+ plataforma euskaraz egoteko aldarria Gasteizeko Legebiltzarrera eraman dute

Euskaltzale eta guraso talde batek dioenez, euskara «erabat diluitu» da ikus-entzunezkoen eskaintzan, eta premiazkoa da lekua egitea, aisialdia funtsezkoa baita haurrek hizkuntza ohiturak eraikitzeko.

«Disney+ euskaraz» ekimenaren bultzatzaileetako bat, Gasteizko legebiltzarkideei eskaera aurkezten.
«Disney+ euskaraz» ekimenaren bultzatzaileetako bat, Gasteizko legebiltzarkideei eskaera aurkezten.

Lagun arteko elkarrizketa eta hausnarketa batzuen ondoren, guraso eta euskaltzale talde batek online sinadura bilketa abiatu zuen joan den abenduan, Disney+ streaming bidezko plataforma euskaraz egoteko eskatuz.

Bi hilabetean 5.500 pertsona baino gehiagok babestu dute eskaera. Hain denbora gutxian hainbeste atxikimendu bildu izanak agerian utzi du euskal jendartean gai honen inguruko kezka nabarmena dagoela.

Asteazken honetan Gasteizko Legebiltzarrera eraman dute deia: «Ez dezagun tren hau betiko galdu, arazoari irtenbide bat eman diezaiogun».

Bide ezberdinak proposatu dituzte horretarako: lehena, euskal erakundeek Disneyrekin harreman zuzena izatea, eskaera soziala azalduz eta katalanek bezala akordioa lortuz. Haiek 2013an lortu zuten akordioa eta estreinaldiak katalanez ere eskaintzen dira.

Bigarren bidea euskal hiztunen eskubideak lege propioz arautzea da. «Milioi bat euskal hiztun bagaude eta gure parekoek, islandiera edo estoniera, badituzte eskubideak aitortuak. Bereziki haurren hizkuntza eskubideak bermatu behar dira».

Hirugarren bidea Madrilen, Europako direktiba bati erantzun nahian, tramitatzen ari den ikus-entzunezko lege orokor berriarekin lotuta dago. «Direktibak dio plataforma digitalen %30a Europako estatuetan Europako proiektuei eskaini behar zaiela. Espainiako lege zirriborroak dio estatuko ekoizpenei zuzendu behar zaiela %15a. Guri dagokigu bermatzea zati bat euskarazkoei ematea. Erdia gaztelaniaz eta beste erdia euskaraz, katalanez edo galegoz izan dadila».

Ia-ia desagertzeraino

Honako zenbakiak eman ditu euskaltzale taldeak: euskaldunen %47k kontsumitzen ditu plataforma digitalak. Baina Netflixen edukien %0,03 dago euskaraz, `Handia´ eta `Errementari´ filmak soilik. Amazonen, %0,005 dago euskaraz; HBOn eta Disney +-en, aldiz, ez dago ezer.

Oroitu duenez, 1980ko eta 90eko hamarkadetan ikus-entzunezko eskaintza mugatua zen eta euskarazko marrazkiek, ETB1en bidez, eskaintza osoaren portzentaje esanguratsua hartzen zuten: `Arturo Erregea´, `Heidi´, `Dragoi Bola´, `Doraemon’... erreferente ziren haurrentzat. Gaur egungo ikus-entzunezkoen aukera andanan, ordea, «euskara erabat diluitu da, ia-ia desagertzeraino».

Hori larri dela azaldu dute, hainbat ikerketak erakutsi dutelako zein garrantzitsua den aisialdia haurren hizkuntza ohiturak eraikitzeko. Txikitako esperientziek lotura dute helduaroko ohiturekin.

Kanpaina hau askoz zabalagoa den behar baten adierazle dela esan dute. Euskarazko etorkizun bati erantzuteko erronkan kokatzen da: zinemetan, bikoizketaren industrian, aisialdiko eremu guztietan.

Talde politikoek interesez hartu dute eskaera eta ekimena bultzatu duen herritar taldeak hemendik aurrerapausoak emanen diren esperantza agertu du.