Hego Euskal Herrian pandemiak duen bilakaerak joera on nabarmena hartu du azken egunetan, eta horren adibide da astebeteko epean herrialde guztietan intzidentzia metatuak ia 150 puntuko beherakada izan duela, eta dagoeneko denek pasatu dutela 500 kasuko muga.
Egoerarik onena Nafarroan dute, bertan intzidentzia urtarrilaren 30ean hasi baitzen jaisten, eta astelehenean atzemandako 57 positibo berrien ostean, 246 kasutan dago, hilabete horretako lehenengo astean bezala. Koska bat gorago daude Gipuzkoan, Araban eta, batez ere, Bizkaian, baina horietan ere beheranzko joera nabarmena da.
Galdakaoko ZIUa, «ia beterik»
Kutsatu kopuruari dagokionez, beraz, egoera azkar ari da hobera egiten. Oso bestelakoa da ospitaleetako egoera; batez ere, zainketa intentsiboko unitateetan. Izan ere, nahiz eta atzo aurreko egunean baino hiru gaixo gutxiago izan, oraindik 195 paziente ari dira artatzen Osasunbidea eta Osakidetzako ZIUetan.
Ildo horretan, Galdakaoko Ospitaleko ZIUko arduradun Bittor Santa Colomak atzo adierazi zuen bertako gaixo larrien gunea «ia beterik» dagoela, eta egoera «estua» dela, oraindik pazienteak sartzen ari direlako.
Efe agentziari emandako elkarrizketan, Santa Colomak azaldu zuen astelehenera arte Galdakaoko ZIUan dituzten ohe guztiak –15– covida duten pazienteek betetzen zituztela, baina gaineratu zuen «zorionez» azken orduetan biri alta eman ahal izan dietela. Gaineratu zuenez, ZIUetan artatzen ari diren lagunen profil orokorra ez da asko aldatu martxotik: «Adin ertaineko gizonezkoak, osasuntsuak eta aurretik patologiarik gabekoak edo oso arinak zituztenak».