Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Martxoan motxiladun ume izatera pasako den Iratiren kasua salatu dute Gasteizko Parlamentuan

Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean parte hartu du Sare Herritarrak Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformarekin batera, datorren martxoan 8an 3 urte beteko duen haurraren egoera salatu eta konponbideak eskatzeko.

Inaxio Oiarzabal eta Eztizen Artola, Iratiren kasuaren berri ematen Gasteizko Legebiltzarrean. (Raul BOGAJO/FOKU)
Inaxio Oiarzabal eta Eztizen Artola, Iratiren kasuaren berri ematen Gasteizko Legebiltzarrean. (Raul BOGAJO/FOKU)

Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean parte hartu du Sarek asteazken honetan Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformarekin batera urruntze politikak adingabeei eta haien familiei eragiten dien egoeraren berri emateko.

Zehazki, martxoaren 8an hiru urte beteko dituen eta horrenbestez motxiladun ume izatera pasako den Iratiren egoera salatu dute Eztizen Artolak (motxiladun ume ohia) plataformaren izenean eta Inaxio Oiarzabal Sare Herritarraren izenean.

Artolak bizitza osoa darama bidaiatzen minutu gutxiko bisitak egiteko, eta horrek gurasoekin dituen lotura afektiboak, haurtzaroan hain beharrezkoak direnak, nola zailtzen dituen azaldu du. Iratiren kasuan, jaiotze goiztiarraren ondorioz dituen osasun arazoak azpimarratu ditu, eta horrek hainbat arazo eragin dizkiola begietan, baita ezkerreko besoa mugitzeko zailtasuna duela ere.

Alergia ezbedinak dituela gaineratuz, Artolak adierazi du horrelako haur bati «normalean egiten zaion jarraipena» ezin izan dutela egin eta Irati behin bakarrik bere konfiantzazko medikuarekin egon dela, hain justu martxoko konfinamendua ezarri zutenean.

Espetxeak, alarma egoeragatik, amarekin itzultzea galarazi zion ekainera arte eta, itzultzean, begiko gaitzarekin jarraitzen zuenez, Madrilgo medikura eraman behar izan zutela gogoratu du Artolak, eta lekualdaketa horretan alabak eta amak Guardia Zibilaren mehatxuak jaso zituztela nabarmendu du: «Me están dando ganas de pegarte un tiro a ti y a tu hija».

Bestalde, Artolak azpimarratu du Estatu espainoleko espetxeetako komunikazio intimoak bertan behera uzteak euskal presoen senideen egoera gogortu duela: «Irati bere amarekin bizi da eta aita beste moduluan. Pandemia baino lehen, astean behin 40 minutuko bisita eskubide zuten, elkarrekin, baina covid-19arekin vis a vis-ak bertan behera utzi eta komuniazioa eten egin da. Intermodularrak ere kendu dituzte eta 2020 urtarriletik Irati eta bere aitak elkar ikusi gabe jarraitzen dute».

Martxoaren 8an 3 urte beteko ditu Iratik eta aitona-amonekin biziko da. «Amarekin 24 ordu pasatzen ditu ziega berdinean eta aldeketa hori, aurreko kasuetan mediko eta psikologoek egin dituzten ikerketan oinarrituz, oso traumatikoa izango da».

Modulu mistoak

Inaxio Oiarzabalek Euskal Herrian 90 motxiladun ume baino gehiago daudela salatu eta asko «umezurtz» izatera pasatzen direla kritikatu du, gurasoekin ezin direlako elkartu.

Umeen eskubideak betetze aldera, azken aldian mobilizazio ezberdinak egin dituztela gogoratu du eta babes sozial eta sindikala erabatekoa izan dela azpimarratu du.

Baita instituzioetan ere eta, zentzu horretan, Bilboko Udaleko udal talde guztiek, PPk izan ezik, adostutako adierazpena eskertu du, non Beatriz Etxebarria eta Iñigo Zapirain presoen alabaren egoerarekin «kezkatuta» daudela adierazi zuten.

Azken hilabeteetan hainbat mobilizazio egin dira Zaballako espetxean modulu misto bat sortzea aldarrikatzeko, Etxeberria Zapirain familia hara eraman dezaten. EAJk, PSEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adostutako adierazpenean, hain zuzen, Irati amarekin egon ahal izatea eskatu zuten ere, «familiarengandik banandu gabe», eta hori izan da Oiarzabalek gaurko batzordean mahaigaineratu nahi izan duen eztabaida: «Edozein emakume presok ama izan nahi baldin badu, ezin izango da Hego Euskal Herrian izan».

Legebiltzarreko taldeen erantzuna

Artolaren eta Oiarzabalen testigantzen ostean hitz egin duen lehen talde parlamentarioa PP-Cs-eko izan da. Carmelo Barrio legebiltzarkideak soilik esan du bere taldeak konfiantza duela espetxe erakundeen jardun egokian.

Elkarrekin Podemos-IU taldeko kide den Iñigo Martinezek Iratiren auzian ume baten eskubideak eta espetxe politika daudela adirazi du. Lehenengoari dagokionez, Bilboko Udaleko akordioa babestu du eta bertan egindako lana «Gasteizko Parlamentuan egin beharko genukeela» iritzi du.

«Bigarren puntuan eskatzen da Espetxe Zuzendaritzari Iratiren eskubideen alde egingo dute erabakiak hartzea eta Legebiltzarrak ere zeozer egin beharko luke norabide horretan», gaineratu du.

Modulu mistoei dagokionez, EAEn espetxe kudeaketaren eskumenaren esku aldatzea gertatuko dela gogoratu du eta, hortaz, akordio politikoetara iristeko «momentua» dela adierazi du.

PSEren aldetik, Maria Jesus San Josek azaldu du bere taldean ez dutela ulertzen soziala eta errehabilitaziozkoa ez den beste espetxe-politika bat, eta, beraz, «eragile aktiboak» izango direla iragarri du konplizitateak bilatzeko orduan.

Hala ere, euskal presoak gerturatzeak gizarteratze prozesuei mesede egiteaz gain, senideei helarazitako zigor gehigarri horrekin amaitzeko eta bizikidetzaren eta bakearen alde egiteko ere balio duela azpimarratu du.

Hala, Gobernu espainola espetxe politika arloan egiten ari den «aurrerapauso handia» azpimarratu du. «Legea betetzen ari dira, gizartearen aurkako atentatua egin dutenek gizartearekin berriz topo egin dezaten, euren akatsa onartuz».

EH Bilduko Eraitz Saez de Egilaz parlametariak, bere aldetik, «Irati asko» daudela eta «Irati azkena izango ez dela» nabarmendu du, eta haur horien guztien eskubideak urratzen ari direla salatu.

«Motxila bati lotuta kondentatua egotea gogorra da, baina hiru urte dauzkazunean gurasoetatik nola banatzen zaituzten ikustea eta hilabeteetan behin ikusteko aukera izatea oso latza da, oso gogorra», gaineratu du.

«Ezin dugu –gaineratu du Saez de Egilazek– Iratiren eskubideen alde egon alde egin gabe eta iruditzen zaigu momentua dela, egoera hau konpontzeko edo apaltzeko aukera erreala dagoelako».

Zentzu horretan, Euskal Herrian modulu mistoen beharra azpimarratu du eta pisu tutelatuaen aukera ere jarri du mahai gainean.

Azken txanda EAJko Iñigo Iturrate parlamentariarentzat izan da. Alderdi jeltzaleak giza eskubideak unibertsalak direla defendatzen duela nabarmendu du eta, zentzu honetan, askotan esan dutela presoek ere eskubideen jabe direla, nahiz eta eskubide batzuk sententzia baten bitartez murriztuak izan.

Azken urteetan, bere taldeak presoen sakabanatzearekin amaitu egin behar dela aldarrikatu duela gogoratu du eta Iratiren kasuak zerikusi zuzena duela urrunketarekin.

«Ume bati buruz ari gara eta kontutan izan behar dugu haurren eskubidearen jarraiki umeen ongizatea lehenetsi behar dela», gaineratu du.

«Zorionez, espetxe kudeaketaren eskumenaren esku aldatzearen atean gaude eta gure eskumenen esparruan beste kartzela politika bat bultzatuko dugu», adierazi du, eredu gizatiago bat bultzatuko dutela azalduz.

Honek berez urrunketarekin amaituko ez duela onartu du, baina umeenganako tratarera eta moduluen aukera mahai gainean dagoela esan du, baita ere Bilboko adierazpenaren antzekoa izango den adierazpena Parlamentuan onartzeko aukera.